XX. Mendeko Pentsamenduaren Oinarriak: Eraldaketa Filosofikoa
Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en
euskera con un tamaño de 2,52 KB
XX. Mendeko pentsamenduaren oinarriak
XIX. mendearen amaieran ekarpen iraultzaile asko egin ziren. Ordura arteko sinesmen guztiak kolokan jarriko zituzten doktrinak zabaldu ziren; horietako batzuek erabat aldatu zituzten gizakiak bere buruaz mendeetan izandako usteak, baita erlijioaz zituenak ere.
Darwin eta teoria eboluzionista
Darwinek naturaren izaera ebolutiboa nabarmendu zuen. Hautespen naturalaren bidez, gizakiaren sorrera azaldu zuen, ordura arte erlijioak sorrerari buruz esandakoa zalantzan jarriz. Teoria eboluzionistak gizakia modu naturalean sortua izan zela esaten zuenez, erlijioarekin talka egin zuen, azalpen erlijiosoetatik gizakiari ematen zitzaion izaera zein jatorri pribilegiatuak ukatzen zituelako.
Susmoaren maisuak: Marx, Freud eta Nietzsche
Paul Ricoeur filosofoak susmoaren maisuak deitu zien Marx, Nietzsche eta Freudi. Hauek susmatu zuten kulturari eta gizakiari buruzko interpretazio tradizionalak murritzegiak zirela eta benetakoa zen beste zerbait ezkutatzen zutela. Haiekin, kritika eta analisia ezinbesteko bihurtzen dira errealitatea ezagutzeko eta eraldatzeko.
1. Marx: Materialismo historikoa
Marxen materialismo historikoak dio ekonomia dela gizartearen historiaren funtsezko eragilea:
- Gizartean ematen den klase-borroka.
- Ekoizpen-bideen garapena eta kontrola.
Marxek gizartea eraldatzeko iraultza aldarrikatu zuen klaserik gabeko gizarte sozialista lortu arte, ondoren komunismoa eman dadin.
2. Freud: Psikoanalisia eta inkontzientea
Freudek dio mendebaldeko zibilizazioan hazitako gizakiarengan egonezina errotuta dagoela eta horren arrazoia moral eta kultura burgesak zentsuratutako libidoan dagoela. Freudek inkontzientea ikertu zuen, eta bere teoriaren arabera, kulturak erreprimitzen ditu gizakiaren bulkada inkontzienteak. Egonezina baretzeko, psikoanalisia proposatu zuen.
3. Nietzsche: Nihilismoa eta bitalismoa
Nietzschek zientzia, erlijioa eta filosofia gizakiaren okerreko jarraibideak diren susmoa argudiatu zuen. Mendebaldeko kulturgintza kritikatu zuen, gizakia eta honen bizibidea okertu zuelakoan:
- Okerbidearen jatorria: Sokratesen ideietan kokatzen du, arrazoimena goraipatu eta bizitzaren alde dionisiarra lurperatu izanagatik.
- Nihilismoa: Hurrengo bi gizaldiak nihilismoaren egonlekuak izango zirela aurreikusi zuen.
Nietzscheren ekarpenak bitalismoari bidea irekitzen dio.