XVIII. mendeko Hegoaldeko euskal idazleak: Larramendi

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Otras lenguas extranjeras

Escrito el en euskera con un tamaño de 3,31 KB

XVIII. mendeko Hegoaldeko idazleak

Sarrera: Hegoaldearen gorakada literarioa

Euskal liburugintzari dagokionean, aurreko mendetan ez bezala, XVII. mendean hegoaldeak aurrea hartu zion iparraldeari literaturaren lanketan, eta aurrerantzean horrela izaten jarraituko du. XVIII. mendeko lehen hamarkadetan geldo samar aritu zitzaigun Hegoaldeko euskarazko literatura. Kristau ikasbiderako doktrinak eta antzekoak bakarrik kaleratu ziren. Manuel Larramendi jesuitak suspertu zuen apur bat egoera hau, eta euskararekiko jarrera aldarazi zien bere garaikideei. Larramendi hil eta hurrengo urtean, jesuitak atzerriratu egin zituzten.

Argitalpenen beherakadaren arrazoiak

Mendearen bukaerara arteko epean oso liburu gutxi argitaratu zen euskaraz. Jesuiten kanporatzea beherakada literario honen arrazoietako bat izan badaiteke ere, ez dugu ahaztu behar mende honetako azken herenean Espainiako agintariek eragozpen handiak jarri zituztela erreinuko hizkuntza ez ofizialetan idatzitako liburuak argitaratu ahal izateko.

Manuel Larramendi (1690-1766): euskararen apologistia

Andoaindarra. Jesusen Konpainian egin zituen ikasketak. Goi-mailako hizlari eta irakaslea izan genuen. Karlos II.a erregearen alargunaren aitorle gisa aritu zen, eta harrezkero, heriotzara arte, Loiolan kokatu zen, baina ez komentuan sartuta egoteko: makina bat ibilaldi egin zuen sermoigintzan eta aholkulari gisa. Hizlari jaioa eta idazten ere ez genuen kamutsa. Beste ororen gainetik, euskaldunen hizkuntza du idazgairik kutunena: euskararen azterketan eta defentsan egin zituen bere ahalegin behinenak.

Larramendiren lan nagusiak

  1. De la antigüedad y universalidad del Bascuence en España: Euskararen apologia sutsua dugu. Ordurako, han-hemenka, gure hizkuntzaren aurka kanporatzen ari ziren iritzi eta erasoei aurre egiten dien liburua. Tubalismoan sinesten du, euskara Babeleko hizkuntzen nahasmenduan sortutako mintzairetako bat baita, eta, orain Euskal Herriko mugetan errenditu arren, garai batean penintsula iberiar osoan zehar hedatzen baitzen.
  2. El imposible vencido. Arte de la lengua bascongada: Euskararen lehen gramatika dugu obra hau. Izenburu horrek erronka bati erantzuten dio: denbora hartako jakintsurik gehienen ustez, euskara ezin zen egokitu gramatika baten arau eta legeetara. Larramendik arrazoia ez dutela erakutsi nahi die.
  3. Diccionario trilingüe del castellano, bascuence y latín: Bere lanik erraldoiena, bi tomotan. Hiztegian bertan gaztelaniazko berba dator lehenik, euskal ordaina ondoren, eta latinezkoa azkenik. Batzuetan, euskarazko hitz egokirik aurkitzen ez duenean, neologismoak —hitz berriak— asmatzen ditu; dena, ordea, ez da asmatua.

Larramendik ez zuen euskaraz lan luzerik taxutu. Besterenetan utzi dizkigun euskarazko puskek gure hizkuntzan ere idazle handia izan zitekeela frogatzen digute.

Larramendiren eragina eta ondarea

Andoaindarraren lan teorikoek uste izan den baino zabalkunde handiagoa eduki zuten. Nabariki, Kardaberaz eta Mendiburu bere ordenakide batzuei eragin zien arren, Iparralderaino ere iritsi zen Aita Manuelen itzala, J. Egiategiz hitz egitean ikusi genuen bezala. Hurrengo mende osoan ere idazle askok aitortuko diote berarekiko duten zorra.