Sapere Aude: Ilustrazioaren eta Autonomia Moralaren Definizioa Kantekin

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en euskera con un tamaño de 14,84 KB

Sapere Aude: Ausart zaitez pentsatzera

"Sapere aude" latindar esamoldea "Ausart zaitez pentsatzera" bezala itzul daiteke. Honela ere interpreta daiteke: "Izan adore zeure kabuz arrazoia erabiltzeko". Kanten iritzian, autonomiak bereizten ditu gizakiak, erabaki pertsonalak hartzeko gaitasunak bereizten gaitu beste izakietatik. Era autonomoan ardurak hartzeak, adingabetasuna atzean utziz, gizakia heldutasunera iritsi dela adierazten du; hau da, gizabanakoa bere kabuz pentsatzen ausartzen dela, izpide pertsonalak dituela, bere buruaren jabe dela. Bestetik, Kantek uste du Ilustrazio-garaia gizadiaren adingabetasuna atzean uzteko garaia dela, gizakia bere kabuz pentsatzen hastekoa.

Arrazoimenaren erabilera publikoa eta pribatua

Kant arrazoiaren erabilera publikoaz eta pribatuaz mintzo da bere idazlan batzuetan, adibidez, Zer da Ilustrazioa? galderari erantzuna. Arrazoimenaren erabilera publikoa, Kanten iritzian, aditu den norbaitek irakurle publikoaren aurrean egiten duena da; erabilera pribatua, aldiz, mugatu egin behar da sarritan.

Hiru adibide aipatzen ditu:

  • Armadako ofizialak bete egin behar du beti gainetik datorkion agindua. Hala ere, aditu den aldetik, ozen argudia dezake agindu horren helburu edo onuraz, iruzkinak egin ditzake soldadutzaren akatsei buruz, bere publikoaren aurrean, azken horrek epai dezan.
  • Herrikideak ezin diezaioke uko egin zergak ordaintzeari. Nolanahi ere, herrikide horrek berak ez dio bere betebeharrari huts egingo, aditu bezala, zerga horien bidegabekeria edo desegokitasunari buruzko bere gogoetak argitaratzen baditu.
  • Apaizak bete egin behar du zerbitzatzen duen elizak agindutakoa, eta irakasteari ekin behar dio sinesbidearen arabera, ikasle nahiz elizkideen artean, baldintza horren pean onartu duelako.

Arauak edo legeak bete nahi ezean, armada, gizartea edo apaizoa uztea da duten aukera bakarra. Arrazoiaren erabilera pribatuan ez dago askatasunik, Kanten arabera. Egia da auzi korapilatsua dela, eta beharrezkoa litzatekeela arrazoiaren erabilera pribatua mugatzea erakundeak babesteko.

Autonomia morala: "Caesar non est supra grammaticos"

Kontzientzia morala

Pentsaera kantiarraren arabera, kontzientzia moralaren existentzia duda-ezina da. Gizakiak eredu ideal batzuen arabera bideratzen eta neurtzen ditu bere ekintzak; ekintza onak eta gaiztoak bereizten ditu, eta jendearen ohituretan ikus daiteke hori. Kontzientzia moral honen ardatza lege morala edo eginbeharra da.

Arrazoi hutsak agerian jartzen dituen legeak hertsitzaileak (behartzaileak) dira, deskribatzaileak: "Hau horrela da" diote. Aldiz, arrazoi praktikoaren legeek, hertsitzaileak izan ordez, exijentzia bat agertzen dute, eta exijentzia horiei ez obeditzeko aukera dugu: "Horrela jokatu behar duzu" diote; zerbait egitera bultzatzen gaituzte, baina ez gaituzte bortxatzen, eginbeharra adierazten dute. Horregatik, ekintzari eta moralitateari buruzko proposizioak agindu moduan ematen zaizkigu. Kantek inperatiboak deitzen die.

Hiru ezaugarri bete behar dituzte:

  • A priorizkoa, ez enpirikoa: Orokorra eta gizaki guztientzat beharrezkoa izatekotan, eduki enpirikorik gabea izan behar du. Guk geuk bete behar dugu hutsik dagoen eduki hori. Inperatibo moralak ez du helbururik ez biderik ezartzen. Ez du esaten zer egin behar dugun, nola jokatu behar dugun baizik. Filosofia kantiarrarentzat, moralitatearen arau bakarra betebeharra da: lege moralaren arabera ekitea. Betebeharra da lege moral guztien a priorizko forma.
  • Kategorikoa, ez hipotetikoa: Inperatibo hipotetikoek helburu bat lortzeko bideak ezartzen dituzte. Dena dela, ez dute balio unibertsalik, helburua bete nahi dutenentzat soilik balio dutelako.
  • Autonomoa, ez heteronomoa: Subjektuak berak ezartzen dio agindua bere buruari, arrazoia kanpoko ezeren mende jarri gabe. Puntu hau hurrengo atalean aztertuko dugu sakonago.

Autonomia morala

Subjektuak berak bideratu behar du bere ekintza, arrazoia kanpoko ezeren mende jarri gabe. Lege morala ezin daiteke gizabanakoaren gainetik dauden elementuetatik eratorri, arrazoiaren autonomiatik bertatik baizik. Horregatik, ezerk ezin dio gizabanakoari aginpide moralik inposatu, agindu moralak ezartzeko. Hori gertatzen bada, ez da benetako agindu morala, Kanten ustez. Beraz, erregeak ere ez du eskubiderik moralari edo erlijioari lotutako kontuetan bere mendekoei ezer agintzeko. Subjektu bakoitza da bere buruari agindu morala ezarri behar diona, ezeren eta inoren inposiziorik gabe. Agindu morala ez da heteronomoa, autonomoa baizik.

Kanten arabera, etikaren oinarria nahimenaren autonomian edo askatasunean dago; hots, arrazoimenak bere buruari legeak ezartzeko duen gaitasunean. Naturak edo Jainkoak ez digu lege etikorik ezartzen, eta subjektua bera da bere buruari ezartzen diona. Ekintzak betebeharraren arabera egin daitezke (legetasuna), edo betebeharragatik (moraltasuna).

Inperatibo kategorikoa

Arrazoimenaren erabilera teorikoak ez bezala, hark judizioak ematen baititu, arrazoi praktikoak inperatiboak sortzen ditu. Kantek maxima deitzen die pertsona bakoitzak bere kabuz eta beretzat aukeratu behar dituen jokaera-arauei. Norbanakoa beregaina da bere maxima edo oinarrizko erregelak aukeratzeko, baina jokaera-arauok betebehar formal oso garrantzitsua bete behar dute, inperatibo kategorikoa errespetatu behar baitute. Hori betebehar formala dela esaten dugu, agindu horrek ez digulako esaten zein izan behar diren gure maximak, baizik eta nola eratu behar ditugun besterik ez.

Inperatibo kategorikoa bat bakarra da, baina Kantek hura adierazteko modu bat baino gehiago proposatzen ditu. Modurik argiena eta ulergarriena, beharbada, honako hau izan liteke: "Joka ezazu beti zeure jokabidea lege unibertsal bihurtzea nahi bazenu bezala".

Inperatibo kategorikoa zertan datzan azaltzeko, Kantek adibide hau jartzen digu: pertsona batek galdetzen dio bere buruari ea hitz emandakoa beti bete behar den.

Bada bigarren modu bat inperatibo kategorikoa adierazteko. Modu horretan, gizakiaren duintasuna errespetatzearen garrantzia azpimarratzen da. Horrela dio bigarren adierazpide horrek: "Joka ezazu beti halako moldez non beti hartuko baituzu gizatasuna, zeurea zein beste edonorena, berezko helburutzat, eta inoiz ez beste zerbaitetarako bitartekotzat". Horrek inperatibo kategorikoa hirugarren modu batez adierazteko aukera ematen digu. Modu hori orain arteko bi adierazpideen parekoa da, eta honela dio: "Joka ezazu zeure maximen arabera, helburuen erresuma unibertsal batean legeak egiten dituztenetako kide bat bazina bezala".

Inperatibo kategorikoaren postulatuak

Arrazoi huts teorikoak ukatzen dituen ideiak -Jainkoa, arima, askatasuna-. Arrazoi teorikoak ezin ditu hiru ideia horiek ezagutu, filosofia kantiarrean ekintza morala ahalbidetzen duten postulatu edo a priorizko aurresuposizio bihurtzen badira ere. Kantek dioenez: "Jakintza deuseztatu behar izan dut, sinesmenari leku egin ahal izateko". Ideia horiei buruz, ez dago ezagutza posiblerik, baina bai fede arrazionala, segurantza morala. Lege moralaren posibilitate-baldintzen antzera, gure nahimenaren goreneko aspirazio moduan baieztatzen ditu arrazoi praktikoak.

  • Askatasuna: Moralitatearen aurresuposizio argiena da: "Nik egin behar dut" esan dezaket, baldin eta soilik baldin "Nik egin ahal dut" esan badezaket. Gizakiak askatasunik ez badu eta zerbaitek behartzen badu edonola jokatzera, orduan ezin dugu judizio moralik egin gure jokabideaz. Askatasuna giza esparruan soilik gauzatzen da; mundu fisikoan, aldiz, kausalitateak eta determinismoak agintzen dute.
  • Arimaren hilezkortasuna: Hil ondorengo bizitzaren itxaropena pizten zaigu, bizitza honetan gure helburuak behin betiko bete ezin ditugulako, merezitako saria edo zigorra justiziaz erabakitzen ez delako eta, azken batean, gure goreneko asmoek heriotzarekin topo egiten dutelako nahita ez.
  • Jainkoa: Jainkoarenganako sinesmena naturako ordena eder eta miragarriaren aurrean sortzen da, izana eta izan beharra lotzeko premiatik, baita bertutea eta zoriontasuna ekarri ikusteko premiatik ere.

Arrazionalismoa eta enpirismoa Kanten filosofian

Arrazoi hutsaren kritika idazlanean, Kantek kritikoki epaitzen du gure ezagutzeko ahalmena. Ilustrazio-garaian, ezagutzari buruzko elkarri kontrajarritako bi teoria sortzen dira:

  • Arrazionalismoaren arabera, arrazoi soilak esperientziaren beharrik gabe ezagut dezake egia absolutua, bere baitan aurkitzen dituen a priorizko ideietatik abiatuta, dedukzioaren bidez.
  • Enpirismoak, aldiz, esperientziara murrizten du ezagutza oro: ez dago a priorizko ideiarik, eta hortik sortzen da esperientzia sentigarritik kanpoko objektu metafisikoei buruzko eszeptizismoa: Jainkoa, arima, askatasuna.

Dena dela, zientziaren lege unibertsalak ezin dira ere esperientziaren bidez justifikatu, ezta fenomenoen arteko lotura kausalak ere, gertaera segida bat delako. Beraz, ezagutzen arazoa hauxe da: Ezagutzaren balio unibertsala ezartzea, esperientziari protagonismoa kendu gabe, hau da, arrazoia eta esperientzia elkarri lotzea eta modu honetan dogmatismoa eta eszeptizismoa gainditzea.

Pentsamolde kantiarrak arrazionalismoa eta enpirismoa gainditzen ditu. Arrazionalismoari arrazoi emanez, adimenean izaera unibertsala duten zenbait eduki daudela dio Kantek, eta eduki horiek esperientziaren aurrekoak direla. Aldiz, enpirismoaren alde, a priorizko eduki horiek esperientzian aplikatu behar direla baieztatzen du Kantek.

Bestetik, pentsalari alemaniarraren garaian Metafisika gainbeheran dago matematikaren, fisikaren eta beste zientzien garapenagatik. Kantek zientzia horiek nola garatu diren aztertzen ahalegintzen da, zientzia horietan eginikoa metafisikan aplika daitekeen ikusteko. Hori dela eta, filosofia kantiarrak Aristotelesen tradizioari jarraitzen dio, zientziak ezagutza unibertsala eta beharrezkoa izan behar duela dioenean, eta ondorio honetara iristen da: metafisika ezin da zientzia izan.

Kanten kritizismoa

Kantentzat, filosofiak honako lau galdera hauei erantzun behar die: Zer ezagut dezaket? Zer egin behar dut? Zer espero dezaket? Zer da gizakia?

  1. Galdera giza ezagutzarekin lot daiteke.
  2. Galdera giza jarduerari dagokio, arazo etikoa planteatzen du eta Arazoi praktikoaren kritika-n agertzen da.
  3. Hirugarren galdera erlijio-auziarekin lot daiteke eta batez ere, Erlijioa arrazoiaren mugen barnean liburuan agertzen da.
  4. Laugarren galdera, gizakiaren auziari dagokio eta Kanten arabera beste 3 galderak laburtzen ditu.

Gogoeta

  1. Ilustrazioa, gizakiaren irteera da bere erruzko adingabetasunetik...: Adingabetasuna: besteen gidaritzarik gabe nor bere adimenaz baliatzeko ezintasuna. Gure kabuz pentsatzeko oztopoa ez baitago gure adimenean (guztiok pentsatzeko gauza baikara), gure borondatean baizik.
  2. Alferkeria eta koldarkeriarengatik segitzen du gogora...: Alferkeria: Beste batzuek gure ordez pentsatu nahi badute, haiek egin dezatela lan nazkagarri hori. Koldarkeria: Ezagutzen ez dugunaren beldurra (beldur hori “tutoreek” eragin dute). Hori dela eta, jendea ez da ausartzen bere kabuz pentsatzea ahalbidetzen duen jauzia ematen.
  3. Zaila izaten da beraz, gizabanakoak ia berezko bihurtu zaion...: Banan-bana ia-ia ezinezkoa; besteen mendean egotea gogoko dute eta; are gehiago, arrazoiaren erabilera mekanikoa ere (ikasketak) gizakien girgil bilakatu da eta, ohituraren poderioz, katerik gabe ez dute ibiltzerik (ez dakite ibiltzen). Baina “elkarrekin” bai; batez ere, adierazpen askatasuna baldin badago (kasu honetan ilustrazioa ezinbestean iritsiko da). Ilustrazioaren mamia: bakoitzaren balioaren onespena eta bere kabuz pentsatzeko bokazioa. Ondorio ez desiratua: Aurreiritziak ereiten/zabaltzen dituztenek mendekua eta biolentzia (iraultza) jasotzen dituzte. Zoritxarrez iraultzak ez du pentsatzeko era aldatuko, baizik eta aurreiritzi berriek zaharren lekua hartuko dute.
  4. Ilustrazio honetarako baina, askatasuna besterik...: Ilustraziorako ezinbesteko baldintza: askatasuna; hau da, pentsatzen dena publikoki eta mugarik gabe adierazteko askatasuna. Hala ere, orden sozialari eta legeei zor zaien errespetuari eusteko arrazoiaren erabilera pribatua mugatu behar da. Hau da, “funtzionario gisa” obeditu behar da eta ez kritikatu (erabilera pribatua); baina gizaki publikoa den heinean kritikak azaldu beharko dira (erabilera publikoa). Horrela orden eta legearen errespetuari eutsiko da baita gizartearen aurrerapenari ere.
  5. Bada, galdetzen baldin badugu: garai ilustratu batean bizi ote gara?...: Ez, baina bai ilustrazioaren garaian. Izan ere gizakiari asko geratzen zaio erlijio-arazoetan gidaritzarik gabe bere arrazoiaz baliatzeko, baina ilustrazioa zabaltzen ari delako seinale adierazgarriak ere badaude. Federikoren mendea:
    • Erlijio-arazoetan kontzientzia-askatasuna eta tolerantzia.
    • Kritikatzeko eskubidea (adierazpen-askatasuna) ez bakarrik erlijio- arazoetan estatu legeetan ere bai.
  6. Ilustrazioaren –hau da, gizakien irteera bere erruzko adingabetasunetik–: Zein da askatasunaren hazia garatzeko baldintzarik egokiena? Mugarik gabeko askatasuna? Ez, legea, lege estu eta gogorra, hain zuzen ere. Horrela, hasieran pentsatzeko askatasuna garatuko da, baina gero egitekoa ere bai. Bide horretatik estatuak gizakia duintasun osoz -makina bat baino gehiago denari zor zaionaz– gobernatuko du. (Gizakia ez da bitartekoa helburua baizik).

Sapere Aude!

Ausart zaitez pentsatzera! Esaldi honetan Kantek Ilustrazioaren idealak laburbiltzen ditu. Mugimendu ilustratuaren eta iluntasunaren arteko etsaigoa jasotzen du, horregatik erabiltzen du Kantek goiburu gisa.

Askatasuna behar da. Bere arrazoiaren alde guztietan erabilera publikoa egiteko askatasun hori. Aurreiritzi, fanatismo, sineskeria, ezjakintasun, iluntasun... horien kateetatik askatzea. Ez utzi nagikeria eta koldarkeriari. Adin txikitasun horretatik ateratzeko ahaleginak egin beharko lirateke.

Erruzko adingabetasuna

“Adingabetasuna” da nor bere adimenaz baliatzeko ezintasuna. “Erruzkoa” adingabetasunaren zergatia ez da adimen falta, ausardia falta baizik. Bi arrazoi daude adingabetasunean jarraitzeko: lehena alferkeria eta koldarkeria, erosoagoa delako beste batzuen esku uztea pentsatzeko lana (tutoreen, liburuen, apaizen, sendagileen esku). Bigarrena, tutorearen lana: nor bere kabuz pentsatzeak dituen arriskuekin mehatxatzen dute. Ondorioz, ia berezkoa bihurtu zaio gizakiari adingabetasuna, eta horregatik da hain zaila egoera horretatik irtetea.