Poetika eta Literatura Teoriaren Bilakaera Historikoa

Enviado por Chuletator online y clasificado en Lengua y literatura

Escrito el en vasco con un tamaño de 14,52 KB

Aristoteles eta Lope de Vega: Bi Ikuspegi Kontrajarri

Aristotelesen Poetika eta Lope de Vegaren antzerki-ikuspegia literatura ulertzeko bi modu desberdin dira, baina lotura batzuk ere badituzte.

Aristotelesek tragedia eta poesia modu teoriko eta sistematikoan azaltzen ditu. Bere ustez, literatura mimesia da, hau da, errealitatearen irudikapena, baina ez kopia hutsa: kausa-ondorio logikaren bidez antolatutako ekintza da. Horregatik, garrantzitsuena egiantza da, ikusleak gertatzen dena sinesteko modukoa izatea. Tragediaren helburua katarsia da, hau da, ikusleak emozionalki mugitzea eta amaieran askapen moduko bat lortzea. Horretarako, funtsezkoa da fabula ondo egituratua izatea eta ekintzak koherentziaz antolatzea.

Lope de Vegak, aldiz, Aristotelesen teoria ezagutzen du, baina XVII. mendeko testuinguru barrokoan antzerki praktikoagoa eta publikoari zuzendua egiten du. Bere helburua ez da arau klasikoak jarraitzea, baizik eta ikusleari gustatzea. Horregatik, askotan apurtzen ditu hiru unitateak (denbora, espazioa eta ekintza), eta tragedia eta komedia nahasten ditu eszena berean. Hala ere, ez du guztia baztertzen: egiantza eta dekoroa mantentzen ditu, hau da, gertatzen denak sinesgarria izan behar du eta pertsonaia bakoitzak bere estatusaren arabera jokatu behar du.

Laburbilduz, Aristotelesek literatura ulertzeko eredu teoriko eta arau-emailea sortzen du, tragediaren egitura eta helburua zehaztuz; Lope de Vegak, berriz, eredu hori moldatu eta askatu egiten du, antzerkia biziagoa eta publikoarentzat erakargarriagoa egiteko.

Aristoteles eta Boileau: Klasizismoaren Bilakaera

Aristoteles eta Nicolas Boileauren ikuspegiak antzerkiari eta poesiari buruz nahiko lotuta daude, baina Boileauk Aristotelesen ideia klasikoak XVII. mendera egokitu eta sistematizatu egiten ditu.

Aristotelesek Poetika lanean literatura azaltzen du modu teorikoan: poesia mimesia da (errealitatearen irudikapena), eta funtsezkoa da egiantza eta ekintzen kausa-ondorio logika. Tragediaren helburua katarsia da, ikusleari emozioak askatu eta esperientzia intelektual bat ematea. Ez du arau itxirik ezartzen, baizik eta literaturak nola funtzionatzen duen azaltzen du.

Boileauk, ordea, Aristotelesen ideiak (eta Horaziorenak) hartu eta arau-sistema zorrotz batean bihurtzen ditu. Bere Art Poétique lanean klasizismoa arautzen du: hiru unitateak, egiantza, dekoroa eta generoen garbitasuna derrigorrezko bihurtzen ditu. Aristotelesen deskribapen teorikoa Boileauren eskutik arau normatibo bihurtzen da.

Beste alde garrantzitsu bat helburuan dago: Aristotelesentzat poesia ez da moralizatzaile hutsa, katarsia eta ezagutza ematen ditu; Boilearentzat, berriz, poesia didaktikoa eta morala izan behar da, eta argitasuna eta arrazoia dira nagusi. Horregatik, iluntasuna edo nahasketa (genero hibridoak, adibidez) gaitzesten ditu.

Laburbilduz: Aristotelesek literatura nola den azaltzen du; Boileauk, berriz, nola izan behar duen arautzen du. Boileau Aristotelesen oinordeko klasizista da, baina askoz ere zorrotzagoa eta normatiboagoa.

Boileau eta Schlegel: Arauak vs. Askatasuna

Nicolas Boileau eta Friedrich Schlegel oso kontrako bi ikuspegi dira literatura ulertzeko, nahiz eta biak kritika literarioa sistematizatzen saiatu.

Boileaurentzat, literatura arauetan oinarritutako sistema itxi bat da. Art Poétique-n klasizismoa defendatzen du: hiru unitateak, egiantza, dekoroa eta generoen banaketa argia. Bere helburua literatura nola egin behar den zehaztea da, eta horretarako arrazoia, argitasuna eta ordena dira nagusi. Literaturaren balioa arau horiek ondo betetzean datza, eta testu on batek unibertsalki zuzena eta argia izan behar du.

Schlegel, ordea, erromantizismoaren testuinguruan, ikuspegi guztiz desberdina defendatzen du. Berarentzat literatura ez da arau finkoetan sartzen den zerbait, baizik eta prozesu historiko eta aldakorra. Garai bakoitzak bere literatura-ulermena du, eta ezin dira iraganeko obrak gaurko irizpideekin epaitu. Horregatik, kritika literarioa ez da arauak aplikatzea, baizik eta obra bakoitzaren berezitasuna eta testuingurua ulertzea.

Beste alde garrantzitsu bat generoaren kontzeptuan dago: Boileauk generoak zorrotz bereizten ditu eta nahasketa gaitzesten du; Schlegelek, aldiz, generoen arteko mugak apurtzen ditu eta eleberria bezalako forma ireki eta nahasia goraipatzen du. Literaturak ez du amaiera finkorik, etengabe garatzen ari den zerbait da.

Azkenik, Boileaurentzat kritika arauak aplikatzea da; Schlegelek, berriz, kritika elkarrizketa ireki eta subjektiboago gisa ulertzen du, non ikuspegi historikoa eta aniztasuna funtsezkoak diren.

Laburbilduz: Boileauk literatura ordena, arau eta argitasunaren bidez definitzen du; Schlegelek, berriz, askatasun historikoa, aldakortasuna eta interpretazio aniztasuna defendatzen ditu.

Aristotelesen Poetika

Aristotelesen Poetika da ia osorik gorde den lehen poetika. Jatorrian diskurtso didaktiko baterako oharrak ziren, eta helburua literatura azaltzea eta, batez ere, tragedia aztertzea zen. Bi atal ditu: poesia eta literaturaren teoria orokorra, eta tragediaren azterketa sakona.

Kontzeptu nagusia mimesia da, errealitatearen imitazioa. Platonen aurka, Aristotelesek mimesia positibotzat jotzen du, ezagutza eta plazera ematen dituelako. Horri lotuta dago egiantza: literatura sinesgarria izan behar da, nahiz eta kontatzen duena benetan gertatu ez.

Aristotelesek historia eta fikzioa bereizten ditu: historiak gertatutakoa kontatzen du; literaturak, berriz, gerta litekeena, kausa-ondorio logikaren arabera.

Generoak sailkatzeko hiru irizpide erabiltzen ditu:

  • Baliabideak: hizkuntza eta egitura.
  • Xedea: gaiak eta pertsonaien maila (tragedian heroiak; komedian pertsona arruntak edo barregarriak).
  • Moduak: narrazioa (epika) edo antzezpena (drama).

Tragediaren helburua katarsia da, ikuslearengan beldurra eta errukia sortu eta emozioak askatzea. Horregatik, tragediako elementu guztiak helburu horretara bideratuta egon behar dira (telosaren estetika).

Tragediaren osagai nagusiak dira: fabula (garrantzitsuena, gertakarien antolaketa), pertsonaiak, hizkuntza, pentsamendua, ikuskizuna eta musika. Fabula sinplea edo konplexua izan daiteke; konplexuan agertzen dira peripezia (ustekabeko aldaketa), anagnorisia (ezagutzara iristea) eta pathosa (sufrimendua edo heriotza).

Tragediak egitura jakin bat du: hitzaurrea, parodoa, koroaren kantuak eta exodoa. Epopeiaren antzekoa bada ere, Aristotelesen ustez tragedia hobea da, ekintza trinkoagoa delako eta katarsia indartsuago lortzen duelako.

Erdi Aroko Poetika eta Metodo Kritikoa

Erdi Aroko poetikaren ezaugarri nagusiak kristautasunaren nagusitasunarekin lotuta daude. Garai honetan literatura Eskritura Santuen azalpen eta defentsarako erabiltzen da, eta horregatik eduki erlijioso eta moralak nagusitzen dira (docere). Ahozkotasunak garrantzi handia zuen, alfabetatze-maila baxua zelako; horren ondorioz, testuak aldakorrak eta askotan anonimoak ziren. Gainera, genero klasikoak krisian sartu ziren eta forma hibrido berriak agertu ziren, hala nola gesta-kantak edo exempla izeneko ipuin moralak.

Garai honetako metodo kritiko nagusia alegorismoa izan zen, neoplatonismoaren eraginpean garatua. Metodo honen helburua testu sakratuen esanahi sakona interpretatzea zen, testuek hitzez hitzeko esanahia baino gehiago zutela uste baitzen. Horregatik, Bibliaren lau zentzuak bereizi ziren: literala, alegorikoa, morala eta anagogikoa.

Alegorismoaren adibiderik garrantzitsuenetako bat Dante Alighieriren Jainkotiar Komedia da. Dantek defendatzen zuen testuek zentzu literala eta alegorikoa zituztela, eta literaturaren bidez gizakiaren jokabide moralari buruzko hausnarketa egin zitekeela.

Erromantizismoa: Subjektibotasuna eta Askatasuna

Erromantizismoa XVIII. mendearen amaieran eta XIX. mendearen hasieran sortu zen, eta literaturaren inguruko sentsibilitate berri bat ekarri zuen. Ez zen aurreko tradizioekiko erabateko haustura bat izan, baizik eta Klasizismoarekin, Erdi Aroarekin eta Antzinate Klasikoarekin elkarrizketan garatu zen. Hala ere, izaera iraultzailea izan zuen, arau klasikoak eta hierarkia tradizionalak zalantzan jarriz. Bere helburu nagusia askatasuna zen, bai literaturan bai gizartean.

Literaturan poetika irekia defendatzen zuen, arau finkoak baztertuz eta etengabeko berrikuntza bilatuz. Sentimenduak, emozioak eta subjektibotasuna literaturaren erdigunean kokatu ziren. Horregatik, mimesiaren ordez adierazpena nagusitu zen: garrantzitsuena ez zen errealitatea imitatzea, baizik eta egilearen barruko sentimenduak eta ikuspegia adieraztea. Poeta bere buruaren, bere nortasunaren eta bere emozioen inguruan aritzen da, eta irakurlea barne-mundu horren lekuko bihurtzen da.

Bestalde, erromantikoek irudimena eta jeinu sortzailea goraipatzen zituzten. Errealitatea ez da zuzenean islatzen, baizik eta irudimenaren bidez eraldatu eta aberasten da. Horregatik, originaltasuna, indibidualismoa eta arauen aurkako jarrera oso garrantzitsuak dira. Sentimenduak arrazoiaren gainetik jartzen dira, eta interes berezia sortzen da irrazionala, misteriosos, iluna edo fantastikoa denarekiko.

Azkenik, Erromantizismoaren ezaugarri nabarmenetako bat ihes erromantikoa da. Idazleek urruneko lurraldeetara edo iraganeko garaietara jotzen dute, beste errealitate batzuk ezagutzeko eta berreraikitzeko. Horrez gain, ez dute egia unibertsal eta objektibo batean sinesten; aitzitik, subjektibotasuna eta ikuspegi pertsonala dira literaturaren eta errealitatearen ulermenaren oinarriak.

Teoria Soziologikoak eta Marxistak

Teoria marxista eta soziologikoek literatura ez dute objektu estetiko autonomo gisa ulertzen, baizik eta gizartearen, ekonomiaren eta ideologiaren emaitza gisa. Karl Marx eta Friedrich Engels-en arabera, gizartea oinarri ekonomikoan (produkzio-harremanak) eta gainegituretan (kultura, politika, literatura, ideologia) banatzen da, eta literaturak nagusi den klase sozialaren ideologia islatzen du.

Georg Lukács-ek literaturaren ikuspegi soziologikoa garatzen du, eta batez ere formaren bidez gizarte-egiturak islatzen direla defendatzen du; eleberriak mundu “problematiko” modernoa adierazten du. Frankfurteko Eskolan (Adorno, Benjamin) marxismoa berritzen da: Adornok abangoardia eta arte kritikoa defendatzen ditu, eta Benjaminek teknologia berriek (zinema, argazkia) artearen “aura” galtzea eta masa-kulturaren sorrera aztertzen ditu.

Laburbilduz, teoria hauek literaturaren balioa testuinguru sozial, ekonomiko eta ideologikoan kokatzen dute, eta ez bakarrik estetikan.

Formalismo Errusiarra

Formalismo Errusiarra XX. mendearen hasieran sortu zen testuinguru iraultzaile batean (I. Mundu Gerra, 1917ko errusiar Iraultza, abangoardiak) eta literaturaren azterketa zientifikoa egitea zuen helburu, hizkuntza eta forma ardatz hartuta. Formalismoak hiru etapa izan zituen: 1915 inguruan futurismoarekin lotutako hasiera izan zuen, 20ko hamarkadan loraldia eta 30ean gainbehera, presio politikoengatik. Moskuko Zirkulu Linguistikoan eta Opojaz taldeetan aritu ziren Jakobson, Shklovski eta Eichenbaum, literatur sorkuntza inspirazioa ez dela, baizik eta teknika dela defendatuz.

Alde batetik, Jakobsonek literariotasuna (literaturnost) proposatu zuen: literatura testuaren ezaugarri berezietan oinarritzen da, eta hizkuntza arruntetik bereizten da. Bestetik, Shklovskik artea artifizio gisa ulertu zuen: prozedura artistikoek perzepzioa astintzen dute, gauzak berriro ikusarazteko.

Formalismo errusiarraren ekarpen nagusiak hiru ideiatan laburbiltzen dira:

  1. Desautomatizazioa: arteak ohiko ikuspegia apurtzen du eta etengabe berrituz gauzak berriro “arraro” bihurtzen ditu, perzepzioa biziberritzeko.
  2. Dominantearen teoria: garai bakoitzean teknika bat nagusitzen da, eta hori aldatzen denean estetika berritzen da.
  3. Narrazio-prosaren teoria: fabula eta bilbea bereizten dira. Fabula gertakizunen ordena logikoa da, eta bilbea egileak nola antolatzen duen. Literaturaren benetako lana bilbean dago, teknika artistikoen bidez.

Vladimir Propp-ek ipuin folklorikoak aztertuta ondorioztatu zuen istorio guztiek egitura komun bat dutela. Horretarako, 31 funtzio narratibo identifikatu zituen, beti antzeko ordenean agertzen direnak, eta 7 rol nagusirekin lotu zituen (heroiak, laguntzailea, erasotzailea…).

Bere ikuspegiak erakusten du ipuinak eredu errepikakor baten arabera eraikitzen direla. Horrelako analisia edozein narraziori aplika dakioke: adibidez, Horacio Quirogaren El almohadón de plumas lanean fabula (gertakizunen ordena) eta bilbea (egileak nola antolatzen duen) bereiz daitezke.

Estrukturalismoa

Estrukturalismoa XX. mendeko bigarren erdian garatu zen teoria da, eta fenomeno kultural, linguistiko eta literarioen egiturak eta harreman-sistemak aztertzen ditu. Saussureren hizkuntzalaritzan oinarrituta, literaturaren helburua ez da egilea edo testuinguru historikoa azaltzea, baizik eta testuaren barruan dauden kodeak, arauak eta egitura sakonak identifikatzea.

Estrukturalismoaren ikuspegia antihumanista eta zientifikoa da: egilea ez da zentrala, eta testuak sistema autonomo gisa aztertzen dira. Gainera, ikuspegi sinkronikoa erabiltzen du, hau da, literatura une jakin batean aztertzen du, bilakaera historikoa alde batera utzita.

Estrukturalismo Txekiarra

Pragan sortu zen Pragako Linguistika Zirkuluan, eta formalismo errusiarraren ideiak garatu zituen (Jakobson, Mukarovski, Vodicka).

Jakobsonek hizkuntzaren funtzio poetikoa azpimarratzen du: literaturan garrantzitsuena ez da edukia, baizik eta forma linguistikoa (errima, egitura sintaktikoa, hitz-hautaketa bereziak).

Mukarovskik literatura artefaktu dinamiko gisa ulertzen du: testuaren forma eta esanahia elkarrekin aldatzen dira. Gainera, literaturaren funtsezko ezaugarria zeinu estetikoa da, eta literatura etengabe berritzen dela dio, arauak hautsi ahala forma berriak sortzen direlako.

Vodickak literaturaren historia ez du egileen arabera ulertzen, baizik eta arau estetikoen bilakaera gisa.

Entradas relacionadas: