Platonen Filosofia: Ideiak, Ezagutza eta Hiri Ideala
Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en
euskera con un tamaño de 9,91 KB
Platonen Ideien Teoria
Platon, K.a. V. mendeko filosofoak, bere izatearen teoria dualismo ontologikoan oinarritu zuen. Berarentzat, bi mundu existitzen dira: esperientziarena (ikusten duguna) eta ideiena (ikusten ez dena).
Mundu Sentigarria
Lehenengo mundua, sentigarria, ikus dezakegun mundua da. Platonentzat, ez da egiazkoa, baizik bestearen ordezkaria. Mundu horretan dena da aldakorra eta inperfektua eta materiaz osatuta dago. Zentzumenekin jasotzen den mundua da.
Ideien Mundua
Beste aldean, ideien mundua dago. Bestean ez bezala, ezin da zentzumenekin hauteman, eta han ideiak aldaezinak, bakarrak, perfektuak eta betierekoak dira. Materiagabeak dira ere, eta beste munduan agertzen diren objektuen jatorria dira.
Ideien Hierarkia
Hala ere, ideien artean hierarkia agertzen da:
- Mailarik baxuenean, izaki fisikoen ideiak.
- Geroago, ideia matematikoak (zenbakiak, irudi geometrikoak).
- Ondoren, ideia etikoak eta estetikoak (bertuteak).
- Azkenik, Ongia.
Ongia izango litzateke ideia gorena, hezieraren azken mailan aurkituko duguna eta dialektikaren bitartez ezagutuko duguna.
Beraz, Platonek ustez, bi munduen arteko elkarrekintza egon dadin, heziketa behar da. Heziketak, haitzuloaren alegorian esaten duen moduan, mundu batetik bestera eramango gaitu. Gainera, hezierak jakintsu egingo gaitu, jakintsuak zoriontsuak izanik.
Ongiaren Kontzepzioa
Ideien mundua benetako mundua izanik eta ongia ideien munduko ideia gorena izanik, errealitate osoaren iturburutzat hartu genezake ongia. Ongia heziera etaparen azken etapan dago. Zientziaren bitartez, ezagutzak bereganatuko ditugu, eta azkenik, dialektikaren bidez, ongia ezagutuko dugu.
Ongiara iristeak pertsonak ezagutza guztiak dituela eta, beraz, zoriontsua izango dela esan nahi du. Ongia ezagutzean datza zoriontasuna. Gainera, hiria agintzeko prest egongo da, jakintsuek bakarrik agindu dezaketelako.
Ezagueraren Teoria: Zientzia eta Iritzia
Plantonek, K.a. V. mendeko filosofoak, bere ezagutzaren teoria proposatu zuen. Teoria hau bere ideien teoriarekin zerikusia dauka. Hemen bi ezagutza maila daude: arrazoimenetik datorrena eta zentzumenetik datorrena.
Ezagutzaren Hierarkia
Platonen Errepublikako VII. liburuan azaldu zuen hierarkia:
- Ezagutza gorena: Dialektika.
- Maila bat gutxiagotan: Zientzia teorikoak (matematika, adibidez).
- Ondoren: Zientzia enpirikoak (goiko zientzien alde praktikoak).
- Azkenik, maila baxuenean: Zientzia plastikoak edo estetikoak (artea, soinketa, literatura).
Baina, ideien teoriaren antzera, ezagutza mailak bitan banatu ditzakegu:
- Doxa: Mundu sentigarria adieraziko luke (ustea eta iritzia).
- Noesis-a: Ideien mundua (idea matematikoak eta goi-mailako ideia, ongia, errepresentatuz).
Dialektika zientzia gorena da eta, ongiaren ideia aurkitzera garamatzan elkarrizketaren artea da. Beraz, zientzia hau, gure hezieraren azkeneko zatia da, jakintsu izatera eraman gaituena. Dialektika ezagutzerakoan, edozein arlotan egin ahalko dugu eztabaida; horregatik, argudiatzen, galdetzen, kritikatzen eta erantzuten jakingo dugu. Gainera, dialektika menperatzea, heziera prozesu luze baten emaitza da, jakintasuna helmuga izanik. Bukatzeko, esan beharra dago, Platonek ustez, jakintsuak agintariak izan behar zirela, haiek ezagutza guztia zeukatelako.
Dualismo Antropologikoa: Gorputza eta Arima
Dualismo antropologikoan, ontologikoan moduan, bi zatitan dago banatuta. Kasu honetan, Platonen (K.a. V. mendeko filosofoak) teoria honen arabera, gizakia arima eta gorputzean zatitzen da.
Gorputza vs. Arima
Alde batetik gorputza, hilkorra, zantarra eta arimaren kartzela da. Arima aldiz, betierekoa, jainkozkoa eta hilezina da. Arima da pentsatu egiten duena, adimena duena, eta gorputza da ekintzak burutzen dituena.
Arimaren Teoria (Hiru Zatiak)
Arimarekin sakonduz, hiru zati ditu:
- Arrazoizko arima: Pentsamena eta nahimena ditu ezaugarri. Zuhurtasuna bertute lez izanik eta buruan kokatuz.
- Suminezko arima: Sentimenduek kontrolatutakoa. Sendotasuna du bertute, bihotzean dagoelarik.
- Irritsizko arima: Instintuek kontrolatuta. Neurritasuna bertute izanik eta sabelean aurki dezakeguna.
Platonen hegodun gurdiaren alegoriarekin azaltzen du teoria hau:
- Gidaria (burua): Arrazoi-arima (filosofo-agintariak).
- Zaldi zuria (bihotza): Suminezko arima (soldaduak).
- Zaldi beltza (sabela): Irritsizko arima (eskulangileak).
Platonen ustez, arimaren oreka, hegodun gurdiarekin azalduta, hiru zatiak bere bertuteari eustean datza, zuzentasuna beretuta moduan izateko eta horrela hiri zuzen bat lortzeko.
Bertuteak eta Hiri Ideala
Platonek, K.a. V. mendean, bere hiri ideala nolakoa izango litzatekeen proposatu zuen. Bere hiri ideala azaltzeko dualismo antropologikoan eta gurdiaren alegorian oinarritu zen.
Gizarte Klaseak eta Bertuteak
Gizarteko klaseak hirutan desberdinduko lirateke, bakoitzak bere funtzio eta bertuteekin:
- Eskulangileak: Irritsezko arima nabarmenena, neurritasuna bertute moduan. Oinarrizko ondasunak ekoizten dihardute.
- Zaintzaile edo soldaduak: Suminezko arima nabarmenagoa. Gizartearen defentsarako lan egiten dute. Bere bertutea, sendotasuna da. Talde honetako onenak hurrengo taldera pasa ahalko dira.
- Gobernari-filosofoak: Arrazoimenaren arima nabarmenduz. Zuhurtasuna bertute izanik.
Platonen hitzetan, gizartearen arteko harmonia lortzea zen zuzentasuna bilatzeko modua. Platonek gizarte-klase bakoitzak zeregin horretan bizitza osorako jardutea proposatzen du, demokraziatik aldenduz. Komunismo Platonikoa deritzona proposatu zuen, jabetza pribatuaren eta familiaren deuseztapenaren aldekoa baitzen, agintari eta soldaduen partetik, horrela, gizartean zentratuko zirelako.
Gobernu Motak
Platonen ustez aristokrazia izango litzateke gobernu motarik zuzenena, adituek eta onenek gobernatuko zutelako. Agintarien botere jardunak huts egitean, estatuaren justizia-bidea gaiztotuko da eta beste hainbat estatu mota sor daitezke:
- Timokrazia: Gobernariek ondasunez betetzen dira, ohorea eta handinahiak bultzatuta.
- Oligarkia: Aginteak ondasunen jabetza du oinarri, agintariak aberatsak baitira.
- Demokrazia: Ez-jakinak agintera iristera ahalbidetzen duelako.
- Tirania: Gobernu motarik ankerrena eta higuingarriena.
Platonen Ideien Teoriaren Kritika: Hilemorfismoa
Platon eta Aristotelesek eszeptizismoa baztertzen dute eta errealitatea ezagutua dela diote, baina benetako errealitatea zein den definitzeko orduan planteamendu ezberdinak dira.
Errealitatearen Ikuspegia
- Platon: Mundu sentikorra ez zela benetako errealitatea.
- Aristoteles: Errealitate substantziala eta akzidentala bereizten ditu. Errealitate substantzialaren barnean lehen substantzia (inguratzen gaituen eta zentzumenez hautematen dugun errealitatea) eta bigarren substantzia (esentzia unibertsalak) bereizten ditu. Errealitate akzidentala da gauzaki zehatzetan bakarrik hauteman daitezkeen ezaugarriak (kantitatea, neurria, kolorea...). Benetako errealitatea lehen substantziak osatzen du. Hortaz, Platonek idealismoa aldarrikatzen duen bitartean, Aristotelesek errealismoa aldarrikatzen du.
Aldaketa eta Hilemorfismoa
Munduko aldaketak azaltzeko, Platonek mundu sentikorra kopia bat dela dio. Aristoteles teoria hilemorfikoan oinarritu zen. Aldaketa zerbait ez izatetik izatera edo ez izatetik izaterako iragatea da. Horretan oinarrituz, Aristotelesentzat hiru elementu daude aldaketa-prozesuan: forma (orain dena), subjektua (aldatzen den gaia) eta potentzia (izan daitekeena). Izakiak bi elementuz osaturiko substantziak dira: materia eta forma. Forma horiek materiari lotuta daude.
Ezagutzaren Teoria (Epistemologia)
Platonek dio ezagutza-prozesuan esperientzia sentikorra engainagarria eta baztergarria dela. Aristotelesek, aldiz, ezagutza esperientzian hasten dela dio eta ez dela inolaz ere baztergarria, nahiz eta esperientziarekin ezagutza ez den amaitzen.
Gizakiaren Definizioa eta Zoriontasuna
Gizakiaren definizioari buruz ere ez daude ados:
- Platonen ustez: Gorputza arimaren kartzela da eta zentsu hertsian, gizakia arima baino ez da.
- Aristotelesen ustez: Arima bizi-printzipioa da, gorputzari lotua eta hilkorra. Gorputzak eta arimak errealitate bat osatzen dute: gizakia. Aristotelesek zalantzan jartzen ditu Platonek arimaren hilezkortasuna eta erreminiszentziaren (“ezagutzea gogoratzea da”) teoria.
Zoriontasunaren inguruko pentsamoldea ere ezberdina da:
- Platon: Ezagutzarekin lotzen du; jakintsuek gobernatutako hiri justuan lortzen da zoriontasuna. Arimaren alderdi bakoitzari dagokion bertutearen arabera antolatutako bizitza orekatua da zoriontasuna; berezko gaitasun bati lotua dago.
- Aristoteles: Ondo bizitzea eta ondo jokatzea zoriontsu izatea da eta denok lortu nahi dugun zerbait da. Zoriontasuna praktikaren bitartez lortzen dela dio, eta ez berezko gaitasun batzuei esker.