Platon: Datu Biografikoak eta Testuinguru Historikoa

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Historia

Escrito el en euskera con un tamaño de 4,94 KB

Datu Biografikoak eta Testuinguru Historikoa

Platon Atenasen jaio zen K.a. 427. urtean. Bere familia entzute handikoa zen, eta politikarako zaletasuna familiatik zetorkion. Platon jaio eta gutxira Perikles hil zen, eta horrekin Atenasen gainbehera hasi zen. Platonek goi mailako familia greko bati zegokion heziketa jaso zuen.

Sokratesen eragina eta pentsamendu politikoa

Sokrates ezagutu ostean, maisu izango zuenarekin, benetako jakinduriaren bidea ezagutu zuen. Platonek karrera militarraren oinarrizko hezkuntza ere jaso zuen, eta Peloponesoko Gerran zalditerian ibili zen.

Sokratesek oso ondo erabiltzen zituen erretorika eta elkarrizketa, zuzentasun etikoa bilatu nahian. Honen ostean, demokrazia berrezarri zen Atenasen. Sokrates epaitu eta heriotza-zigorra ezarri zioten: atzerriko jainkoen aldeko sinesmena bultzatzea eta gazteria galbidean jartzea leporatzen zioten.

Horrek izugarrizko eragina izan zuen Platonen pentsamendu politiko eta filosofikoan. Politikan jarduteari utzi eta gizarte-antolakuntza berri bat asmatzera ekin zion. Sokrates kartzelan zegoela, behin baino gehiagotan proposatu zioten ihes egitea, baina berak uko egin zion. Izan ere, bizitza osoa eman zuen hiriaren aginduak eta legeak bete behar zirela esaten, eta horregatik ez zuen ihes egin. Sokrates hil zutenean, bere lagunak arriskuan zeuden, eta horregatik, Platonek Atenastik ihes egin behar izan zuen.

Bidaiak eta Akademiaren sorrera

Ondoren, matematika eta geometria ikasi zituen. Sirakusan zegoela, Dionisio I.aren koinatua, Dion izenekoa, Platonen adiskide egin zen, Platonen gobernatzeko metodoek erakarrita. Baina Platon eta Dionisio haserretu egin ziren, eta Platon Eginara joan zen. Bertan esklabu hartu zuten, Atenas eta Egina etsaiak zirelako.

Berriro Atenasen zela, Platonek Akademia sortu zuen. Bertan, unibertsitate mailako ikasketak irakasten zizkieten etorkizuneko gobernari eta politikariei.

Beranduago, Dionisio I.a hil zenean, Dionek berriz eskatu zion Platoni Sirakusara joateko, Dionisio II.aren heziketaz arduratu zedin. Baina Dion eta Dionisio haserretu egin ziren, eta Dionek alde egin zuen. Platon Atenasera itzuli zen.

Beranduago, Dion Sirakusara itzuli zen, bertako agintea hartuta, eta Platoni deitu zion hirugarren aldiz. Baina proiektu honek ere ez zuen funtzionatu, eta Dion erail zuten. Platon hirugarrenez lur jota itzuli zen etxera.

Platon K.a. 347an hil zen. Akademiak lanean jarraitu zuen, eta bizirik mantendu zuen gaurdaino heldu den eta gaurkotasunik galdu ez duen pentsamendua.

Testuinguru Historiko Soziala

K.a. V. mende amaieran eta K.a. IV.aren hasieran krisia zegoen Grezian, bereziki Atenasen. Esparta eta Atenasen arteko gerrek eta antolakuntza politikoek eraginda.

Greziarren arteko gerrak

Greziarrak polisetan bizi ziren. Pertsiarrei aurre egiteko ligak sortu zituzten. Egeo itsasoko uharteetako hiriak eta Asia Txikiko kostaldekoak Persiar Inperioaren menpe zeuden. Egoera horretatik askatzeko, Atenasi eta beste hainbat hiri heleniarri eskatu zieten laguntza.

  • Gerrak Pertsen eta Grekoen artean izan ziren. Greziar guztiak batuta zeuden etsai komunaren aurka.
  • Grekoen garaipen batzuen ostean, Pertsek Grezia konkistatzeko asmoa bertan behera utzi zuten.
  • Bi aldeen arteko bakea lortu zen.

Peloponesoko Gerra eta Atenasen gainbehera

Kanpoko mehatxua desagertu zenean, grekoen arteko gerrak hasi ziren: Esparta eta Atenas. Hauek guda batzuen ostean 30 urteko bakea hitzartu zuten. Atenasen Perikles zen agintari.

K.a. 431n hitzarmena urratu eta Peloponesoko Gerra hasi zen; Espartak gerra deklaratu zion Atenasi. Atenas galtzaile atera zen faktore askorengatik:

  • Izurriteak
  • Erabaki okerrak
  • Periklesen heriotza
  • Aristokraten eta herri xehearen arteko zatiketa, besteak beste.

Guda hau ez zen bi hirien arteko gerra soilik, erregimen politikoa zegoen jokoan: Atenasko sistema politikoa demokrazia zen; Espartakoa, aldiz, oligarkia. Espartak irabazi bazuen ere, Grezia guztia galtzaile atera zen, eta Greziako Urrezko Aroa amaitu zen.

Demokrazia Atenasen

Platon jaio zenean, demokrazia zen Atenasko erregimen politikoa. Periklesen garaian, sistema demokratikoak goimuga jo zuen. Buruzagi hautatua izateko, hiritar guztien aukerak ziurtaturik zeuden, aristokraten edo oligarken odolekoak izan gabe ere. Hala ere, esklabuek, emakumeek eta kanpotarrek ez zuten eskubide hori.

Hiritarren helburu gorena auzitegian eta parlamentuan arrakasta lortzea zen. Erretorika entzuleak konbentzitzeko moduko argudioak plazaratzeko artea zen. Sofistak jakinduria-irakasleak ziren, ordaintzen zieten guztiei klaseak emateko prest zeudenak.

Espartarren aurkako gerra batzuk arduradun politikoen arteko koordinazio faltagatik galdu ziren. Platonentzat, demokrazia sistema politikoaren endekatze prozesu bat zen.