Moralitatea, Kontzientzia eta Askatasuna

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en euskera con un tamaño de 4,56 KB

Ez dago gizabanako amoralik

Gizabanako moralak gara ezinbestean. Izan ere, jardun behar dugu orotan, zer aukera ditugun imajinatu eta haien artean hautatu behar izaten dugu, eta gero, gainera, egindako aukera justifikatu, arrazoiak eman, arrazoizko izaki gisa jokatu nahi badugu behintzat. Aukerak imajinatzea, haien artean hautatu behar izatea eta aukeraketa justifikatzea gizakion egitura moralaren hiru une nagusi dira, eta haien ondorioz, ez dago gizabanako amoralik. Izaki bat amorala izango da modu automatikoan jokatzen badu, eta, hortaz, bere ekintzen jabe eta erantzule ez bada. Gizakiok moralaren arabera ala ez moralaren arabera jokatuko dugu jokabide-arau jakin batzuei dagokienez, baina ezin gara amoralak izan.

Izaera lantzea

Moral eta etika hitzek gizakiok lantzen goazen izateko modua edo izaera adierazten dute. Jaiotzean bertan jite jakin bat dugu, sentimendu eta grina multzo bat, eta oso zaila da horiek aldatzea; aldarte jakin bat ere izaten dugu, baita naturak eta gizarteak emandako izaera jakin bat ere. Izaera hori ez da behin betikoa: beste izaera bat geuregana dezakegu, gizaki moduan aurrera egiteko egokienak zaizkigun propietateak guk geuk aukeratuz. Bi propietate mota daude: berezkoak eta geureganatuak. Errealitate morala den heinean, bereganatutako propietateak ere baditu ezinbestean. Ongi jokatzera bultzatzen bagaituzte, bertute esaten diegu; eta gaizki jokatzera bultzatzen bagaituzte, bizio.

Kontzientzia morala

Balio edo printzipio batzuk moralaren aldetik beste batzuk baino hobeak edo gizatiarragoak direla jabetzeko gaitasuna da; beraz, moralaren aldetik zer dagoen ondo eta zer gaizki bereizteko baliatzen ditugun printzipioez jabetzeko gaitasuna da, beste ezer baino gehiago. Baina erabakiak hartzeko, printzipio orokorretatik egoera jakin bati buruzko epai zehatzetara pasatu behar dugu. Kontzientziak bigarren lan hori ere egiten du; hau da, epai praktikoak ematea, printzipio orokorrak eta egoerari buruzko datuak kontuan hartuta. Printzipio moral jakin batek zer-nolako ondorioak dituen ulertzeko modurik onena hura aplikatzen saiatzea da. Beste gauza bat da, zerbait egin behar dugunean kontzientziak esaten digunari jarraitzea edo hura aintzat hartu gabe beste bide batetik jotzea. Beste funtzio bat ere betetzen du kontzientziak: funtzio autokritikoa. Izaki batek kontzientzia moralik ez badu, ez du zentzurik hark egindako zerbaitengatik gogor egiteak, ekintzaren erantzule balitz bezala. Erantzukizunak eskatzeko, izakiak aske eta kontziente izan behar dute: aukeratzeko gai, eta beren ekintzen jabe izateko ezinbesteko ezagutza moralen jakitun.

Kanpoko eta barneko askatasuna

Kanpoko askatasuna deritzo nahi dugun tokira joateko eta egoki deritzogun moduan jokatzeko aukera izateari, legeak onartutakoaren eta bakoitzaren herrialdeko ohituren baitan, betiere. Askatasun hori galtzen dute gizabanakoek espetxeratutakoan, hain zuzen ere, baina baita ia herritar guztiek ere diktadura garaian, adierazpen-askatasuna, elkartzekoa, manifestatzekoa eta beste hainbat eskubide galtzen direnean. Kanpoko askatasuna gutxi-asko zabala izaten da, gizarteko esparru juridikoa eta politikoa nolakoak direnaren arabera.

Barneko askatasuna dagozkigun gauzei buruz bakoitzak bere erabakiak hartu ahal izatea da: gauza bat edo bestea nahi izateko askatasuna, alegia. Nahimenaren askatasuna ere esaten zaio. Barneko askatasunik ez balego, ez luke inolako zentzurik askatasun politikoa eskatzeak; izan ere, barneko askatasuna askatasun morala da: bizitza norberaren irizpideen arabera bizitzeko gaitasuna izatea, alegia. Pertsona bati barneko askatasuna kendu nahi izanez gero, nahimena kendu behar zaio nahitaez.

Determinismoa eta barneko askatasuna

Barneko askatasuna kanpoko ezerk determinatu gabe nahimenak era batera edo bestera aritzeko duen gaitasuna da. Hori horrela bada, kausa-segida bat hasteko gai izan behar du nahimenak, baina kausa-segida hori eragin duen ekintzak inolako kausarik izan gabe; ekintza hori zerbait dela kausa gertatzen bada, ez baita askea.

Askatasunaren gaiak aporiara edo kale itsura eraman ditu bi jarrera hauek:

  • Dena dena zerbaiten kausaz gertatzen delako uste osoa dutenen jarrera. Jarrera hori determinista izango da, giza jokabidea kausalki azaltzen saiatzen bada.
  • Zenbaitetan askatasunez aritzen garenerako berezko kontzientzia, zentzu batean edo bestean aritzera baldintzatuta egon arren.