Merkatu Hutsegiteak eta Estatuaren Eskuhartzea: Zergak eta Funtzioak
Merkatuaren Hutsegitea
Merkatuaren funtzionamenduaren ondorio kaltegarria da, eta merkatuak eskura dituen baliabideak efizientziaz esleitzen ez dituenean gertatzen da. Merkatuaren hutsegiteek Estatuaren esku-hartzea justifikatzen dute. Hauek dira merkatu hutsegite nagusiak:
Ziklo Ekonomikoen Ezegonkortasuna
Ondorio latzenak dituen merkatuaren hutsegiteetako bat ekonomiak jasaten dituen aldizkako atzeraldiak (krisiak) dira. Gobernuen erantzukizunetako bat zikloak leuntzeko politikak martxan jartzea da.
Kanpo-eraginak
Pertsona edo enpresa baten jarduerak besteengan eragina dutenean, baina horren ondorioak jaso gabe. Kanpo-eraginak negatiboak (enpresek sortutako kutsadura) edo positiboak (ikerketa zientifikoak) izan daitezke. Gobernuek kanpo-eragin negatiboak ekidin (isunak kutsatzaileei) eta positiboak bultzatu (ikertzaileei dirulaguntzak) beharko lituzkete.
Ondasun Publikoak
Pertsona batzuek ondasun jakin bat kontsumitzeak ez die gainerakoei kontsumitzea galarazten. Esaterako, defentsa edo kaleen argiztapena. Merkatua ez denez gai ondasun publiko hauek eskaintzeko, estatuak eskaintzen ditu (bestela inork ez lituzke ordainduko).
Lehia Ez-perfektua
Monopolio eta oligopolioek beraien nagusitasuna erabiltzen dute prezio altuagoak eta ekoizpen txikiagoa ezartzeko. Estatuek monopolioen aurkako eta lehiaren babeserako legeak ezartzen dituzte.
Errentaren Banaketa Desberdina
Errentaren banaketa merkatuaren esku utziz gero, pertsona askok ez lukete bizirauteko adina edukiko. Estatuek desberdintasun hauek leuntzeko esku hartzen dute (zergak, diru-laguntzak...).
Estatuaren Funtzioak
- Jarduera ekonomikoa arautzea: eragile ekonomikoek bete beharreko arauak ezartzen ditu: kontsumitzaileei babesa, lan-segurtasuna, lehia babesa...
- Zergak ezarri eta errenta birbanatzea: estatuak zergak ezartzen ditu bere gastuak estaltzeko eta errentaren birbanaketa bat egiteko (zerga handiagoak aberatsentzat eta laguntza sozialak behartsuentzat).
- Ekonomia egonkortzea: egonkortasun ekonomikoa lortzeko eta krisiek duten eragina leuntzeko politika ekonomikoak.
- Ondasun eta zerbitzu publikoak eskaintzea: defentsa, justizia, errepideak, hezkuntza zein osasun publikoak...
Estatuaren Eskuhartzearen Helburuak
- Prezioen egonkortasuna: inflazioaren kontrola.
- Enplegu osoa: langabezia gutxitzea.
- Hazkunde ekonomikoa: BPGren igoera (hazkunde ekonomikoak onurak dituen arren (bizi-maila hobea), kostuak ere baditu: baliabideak agortzea, kutsadura, desberdintasun soziala...). Garapen jasangarria, ekonomikoki, sozialki eta ingurugiroari begira bidegarria den hazkundea da.
- Kanpo-oreka: esportazioak eta inportazioak orekatzea.
Zergak
Pertsona edo enpresa batek gobernuari ordaindu beharreko diru kopuruak dira, zenbait ekintza ekonomiko gauzatzean (ondasun bat kontsumitu, dirua irabazi...) eta kontraprestazio jakinik gabe (zergak ordaintzean ez duzue gauzak segiduan ematen, ondasun eta zerbitzu moduan ematen dizue ordaina). Zergen helburu nagusia gastu publikoak estaltzea den arren, beste xede batzuetarako ere erabil daitezke; adibidez, ondasun batzuen kontsumoa galarazteko (penalizatzeko) edo errentaren banaketa aldarazteko.
Zerga Motak
Zerga Zuzenak
Pertsona eta enpresen aberastasunaren (ondasun akumuluaren) eta errentaren (kapitala eta soldata) gainean ezartzen diren zergak dira, euren ezaugarrien arabera. Garrantzitsuenak:
PFEZ (Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga)
Norbanakoen errenta zergapetzen du. Zerga progresiboa da (errenta + zerga-tasa +).
SZ (Sozietateen gaineko Zerga, pertsona bat baino gehiago elkartzen direnean, pertsona juridikoa)
Enpresek lortutako mozkinak zergapetzen ditu. Zerga proportzionala da (zerga tasa konstantea, %30 inguru).
Ondarearen gaineko Zerga
Pertsonen aberastasunaren (ondarea) gainean ezartzen den zerga da (kopuru jakin bat gainditu ezkero).
Zeharkako Zergak
Kontsumoaren gainean ezartzen diren zergak dira (ondasun bat erostean ordaintzen direnak), zergadunaren ezaugarriak kontuan izan gabe.
BEZ (Balio Erantsiaren gaineko Zerga)
Zerga erregresiboa da (aberats zein pobre, berdin ordaindu). Hiru zerga-tasa desberdin ditu, ondasun motaren arabera:
- Oso murriztua %4: premiazko ondasunetan aplikatzen da: esnea, ogia, fruta, liburuak, sendagaiak, babes ofizialeko etxeak...
- Murriztua %10: Gainerako elikagaiak, ostalaritza, bidaiarien garraioa, kirol-ikuskizunak, etxebizitzak...
- Orokorra %21: Gainerako ondasunetan, esaterako, ile-apaindegiak, zinea eta antzerkia, eskola materiala, telefonoa, kotxeak...
Zerga Bereziak
Gasolina, alkohola edo tabakoaren gainekoak.