Marcel Duchampen Fountain: Ready-madea eta Dadaismoa

Arte y Humanidades4,56 KB

Alfred Stieglitzek eginiko argazkia da, Marcel Duchamp (1887-1968) artista frantsesak eginiko Ready-Made bat. Eguneroko objektu hau, artistaren erabakiz, bere jatorrizko funtzio eta testuingurutik aldendu eta konnotazio berrietara bideratu zuen. Originala, Fountain deitua, 1917. urtean sortu zuen, New Yorkeko erakusketa batean aurkezteko asmoz. Duchampek izen faltsuarekin sinatu zuen obra (R. Mutt), esposaketaren parte zelako eta beste kideen erantzuna ikusi nahi zuelako. Azkenik, Fountaina ez zen erakusketan agertu, epaimahaiak errefusatu zuelako, probokazio bat bezala ikusi baitzuten.

Artea, estetika eta hausnarketa berri bat

Duchampek artea, estetika eta edertasunaren kontzeptuei buruzko hausnarketa bat sortu nahi zuen. Horren ondorioz, sozietatea utzi eta obra Alfred Stieglitzen galerian aurkeztu zuen. Originala gaur egun galduta egon arren, eta ostean Duchampek beste hainbat kopia egin bazituen ere, oraindik Stieglitzek egin zion argazkia kontserbatzen da.

Arte ez-retinianoa eta Ready-made kontzeptua

Duchampek artea sortzeko erabiltzen dituen objektuak ez ditu ederrak direlako hautatzen; estetikoki erakargarriak ez diren objektuak nahita aukeratzen ditu. Kasu honetan, alderantziz kokatuta dagoen pixaleku bat aukeratu zuen. Honi arte ez-retinianoa izendatzen zaio; hau da, begiarekin baino, intelektuarekin ikusi beharrekoa, atzean duen ideia baita baloratu beharrekoa.

Dadaismoaren ezaugarriak eta testuingurua

Obra honetan dadaismoaren ezaugarriekin lotutako zenbait ideia aurkezten dira:

  • Ironia eta umorea.
  • Gustu burgesa errespetatzen ez duen jarrera.
  • Izenburu eta sinaduren garrantzia.
  • Objektuaren eta testu idatziaren arteko erlazioa.
  • Bilatutako anbiguetatea edo zentzu irekia.

Testuinguru historikoa eta artistikoa

Testuinguru historikoari dagokionez, Lehen Mundu Gerran kokatzen gara. Egoera horretatik ihesean, 1915. urtean New Yorkera joan zen Duchamp, eta hor jadanik ezaguna zen artisten artean. 1916. urtean, Artista Independenteen Sozietatea sortu zuen beste artista batzuekin batera, eta urtebete geroago lehenengo erakusketa antolatu zuten.

Testuinguru artistikoaren arabera, 1916-1922 urte artean, Suitzan sorturiko abangoardiako mugimendu artistikoan kokatzen gara: Dadaismoa.

Cabaret Voltaire eta mugimenduaren hedapena

Suitza herrialde neutrala zenez Lehen Mundu Gerran, gerratik ihesi zebiltzan gizabanako asko bertara joan ziren. 1916an, Hugo Ball eta bere emazteak Cabaret Voltaire ireki zuten; bertan biltzen hasi ziren eta mugimendua sortu zen. Nahiz eta irekita denbora gutxi iraun, ekintza asko burutu ziren: antzerki abangoardistak, poesia errezitaldiak eta erakusketak. Elkargunea itxi ondoren, ekintza horiek Zuricheko toki ezberdinetan jarraitu zuten.

Dadaismoaren ezaugarri nagusietako bat bere burua joera anti-artistiko gisa definitzea zen. Artea desmitifikatzeko nahia nabaria da; horregatik, aurreko mugimendu guztiekiko mespretxua agertzen da haien obretan, poetika berezi batekin: probokazioa, eskandalua, kontraesanaren defentsa, absurdoaren errebindikazioa eta arrazoiaren kontrako jarrera. Amaitzeko, Dadaren programa programarik ez izatea zen, artea sortzerako orduan arau finkorik ez izatea (planteamendu hau Duchampek muturrera eraman zuen Fountain-ekin). Espiritu errebeldea zeukaten eta axolagabekeriaren kontra zihoazen. Horrek gustu burgesetik eta edertasun kanon orotik kanpo eraman zuen dadaismoa, zoriari garrantzia emanez.

Fountain-en garrantzia eta legatua

Gerra bukatzear zela, Cabareteko artista horiek Europako beste herrialde batzuetara mugitu ziren eta eurekin eraman zituzten dadaismoaren ezaugarriak. Hala ere, dadaismoaren proposamen artistikoekin antzekotasun handiak zituzten gertaerak New Yorken ere eman ziren, Duchamp kokatzen den tokian.

Fountain obra bera baino, Duchampek eginiko akzioa izan zen XX. mendeko artean garrantzi handia suposatu zuena. Honek artistaren eta publikoaren pertzepzioa aldatu zuen edertasun estetikoarekiko. Orain arte, arteak eta edertasunak bat egiten zuten; orain, ordea, artistak aukeratzen duen edozer izan daiteke arte (pixaleku bat barne). Beraz, Duchampek honako planteamendu hau sortu zuen, egun oraindik dirauena: Zer da artea? Dena balio al du arte garaikidean? Duchampek ez du erantzun garbirik ematen, nahita bilatzen baitu zentzu irekia.

Descargar

PDF Word HTML