Maileguak eta Kredituak: Finantza Gida Osoa Euskaraz

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Economía

Escrito el en euskera con un tamaño de 7,12 KB

Mailegua: Zer da eta nola funtzionatzen du?

Kontratu baten bidez, erakunde finantzario batek diru kopuru bat jartzen du bezeroaren esku. Bezeroak, bere aldetik, eginbehar batzuei aurre egin behar die: dirua adostutako epean itzuli, eta interesak eta komisioak ordaindu. Dirua dena batera edo zatika itzul daiteke. Normalean, hilabeteko kuotetan itzultzen da. Kuota horietan komisioak eta interesak ere sartzen dira.

Mailegu batean, utzitako diru kopuruari printzipala esaten zaio. Diru hori erabiltzeagatik ordaintzen dugun prezioari interesa deritzo. Eta, dirua itzultzeko emandako denborari epea esaten zaio. Dirua uzten duen erakundea edo pertsona mailegu-emailea da; dirua jasotzen duena, aldiz, mailegu-hartzailea.

Kreditua: Kontzeptua eta ezaugarriak

Kreditu edo kreditu-poliza bat finantza-eragiketa bat da, non, epe jakin batera arte, bezeroaren esku diru kopuru bat jartzen den. Bezeroak, bere momentuko beharren arabera, kudeatuko du dirua: kopuru bat hartu edota behar ez duena itzuli. Horrela, zorraren parte bat (edo guztia) kitatu dezake egokia iruditzen zaionean, interesetan murrizketa bat suposatuko duelarik. Diru hori bezeroaren esku egoteagatik (erabili edo ez), erakunde finantzarioari komisio batzuk ordaindu beharko zaizkio, baita adostutako interesak ere, erabilitako diruarengatik. Kreditu batean, interesak erabilitako diruarengatik bakarrik ordainduko dira; erabili ez denagatik, ordea, ez ditugu interesak ordaintzen (komisioak bai). Epea iritsita, kredituaren berritzea edo handitzea negozia daiteke.

Mailegua eta Kreditua: Funtsezko desberdintasunak

Mailegua eta kreditu hitzak sinonimo balira bezala erabiltzea ohikoa da, baina desberdintasun nabarmenak dituzte. Horregatik, enpresa bat finantzatzeko asmoa duenak bereizi behar ditu:

  • Mailegua: Erakunde finantzarioak diru kopuru zehatz bat jartzen du bezeroaren esku. Bezeroak konpromisoa hartzen du dirua, komisioak eta interesak adostutako epean ordainduko dituela. Mailegua epe ertain edo luzean egiten den finantza-eragiketa izaten da. Ordainketak kuota erregularren bidez egiten dira: hilabetero, hiruhilekoan behin edo urtean bitan. Horrela, bezeroak aukera du bere finantza-egoera eta ordainketak planifikatzeko. Orokorrean, maileguak partikularrei ematen zaizkie. Emandako diru kopurua bezeroaren banku-kontuan sartzen da, eta bezeroak lehenengo egunetik ordainduko ditu interesak. Interes horiek emandako kantitatearen gainean kalkulatzen dira. Maileguak ez du aukera ematen berritzeko; behin epea iritsita, mailegu berri bat kontratatu behar da. Maileguek kredituak baino interes-tasa txikiagoa dute, nahiz eta mailegatutako diru kopuru osoarengatik ordaindu behar diren interes horiek.
  • Kreditua: Erakunde finantzarioak, kreditu-kontu batean, bezeroaren esku jartzen du gehienezko diru kopuru bat (ez du esan nahi bezeroak dena erabili behar duenik). Kredituan, interesak erabilitako diru kopuruaren gainean ordaintzen dira; erabili ez den diru-kopurua, gure esku bada ere, ez du interes ordainketarik suposatzen. Kredituak berritzeko eta handitzeko aukera ematen du. Kredituan interes-tasa altuagoak eta ordaintzeko epe laburragoak daude maileguekin alderatuta. Orokorrean, kredituak enpresei ematen zaizkie.

UTB (Urteko Tasa Baliokidea): Zer da eta zertarako?

UTB edo “Urteko Tasa Baliokidea” formula matematiko baten bidez sortutako portzentajea da. Ez da nahastu behar interes-tasa batekin. Espainiako Bankuak ezarritako arauen arabera sortzen da, hiru aldagai kontuan izanda:

  • Interes-tasa (interes nominala)
  • Zabaltze-komisioa
  • Maileguaren iraupen-urteak

Maileguaren benetako kostua adierazten du. Interes finkoko maileguetan (interes-tasa berdina maileguaren iraupen osoan) erabilgarriagoa da interes aldakorreko maileguetan baino. Interes aldakorreko maileguetan erreferentzia moduan hartu behar da, UTB aldatuko delako interes-tasa aldatzen den guztietan. Mailegu pertsonaletan eta hipoteketan erabiltzeaz gain, UTB erakunde finantzarioek eskaintzen dituzten aurrezki-produktuen errentagarritasuna neurtzeko ere erabiltzen da.

Bermerik gabeko maileguak: Arriskuak eta abantailak

Mailegua ematen duen erakunde finantzarioak bermeak eskatuko dizkio bezeroari. Hala ere, zenbait kasutan, bezeroa ez dago bermeak emateko egoeran. Erakunde finantzario batzuek maileguak eskaintzen dituzte bermerik eskatu gabe. Erakunde hauek etengabe iragartzen dituzte beren produktuak komunikabideetan. Normalean, horrelako maileguetan diru-kopuru txikiak edo oso txikiak eskatzen dira.

Eskakizun bakarrak NANa eta azkeneko nomina dira. Mailegu hauek, bermerik gabe ematen direnez, erakunde finantzarioarentzat oso arriskutsuak dira; horrexegatik, interes-tasa oso altua da. Batzuetan, UTB % 25 izatera iritsi daiteke. Hala eta guztiz ere, pertsona batzuentzat dirua lortzeko aukera bakarra denez, eta gainera mailegu-izapidetzeak 24 edo 48 ordu baino ez dituenez hartzen, asko erabiltzen dira. Mailegu hauen baldintza bereziak direla eta, oso beharrezkoa da kontratuak sinatu aurretik aztertzea. Horrela, etorkizunean, ustekabeko ez-ordaintze egoera batekin topo ez egiteko.

Bateratze-maileguak: Zorra kudeatzeko aukera

Mailegu batzuk izanda, ordainketa guztiak bateratu ahal ditugu eta, horrela, gainera, merkealdi bat lor dezakegu hilabeteko kuota bateratuan. Adibidez, autoaren maileguaren kuota, etxebizitzaren hipotekaren kuota (baita atzeratutako kuotak ere), mailegu pertsonalaren kuota eta kreditu-txartelaren kuota hilabeteko ordainketa batean bateratu daitezke. Kuota bateratu hori, kuota guztiak bananduta baino txikiagoa izango da.

Baina mailegu honek bere akatsak ere baditu. Ez diogu soilik begiratu behar txikiagoa izango den interes-tasari, zorra ordaintzeko epeari ere begiratu behar zaio. Egoera batzuetan, zorra bikoiztu egin daiteke. Bateratze-mailegua sinatu baino lehen, Espainiako Bankuak epe berriari, komisioei eta gastu gehigarriei buruz galdetzeko aholkatzen du.

Efektu-deskontua eta Kreditu-lerroa enpresentzat

Efektu-deskontuan, erakunde finantzarioak bere bezeroari aurreratzen dizkio honek hirugarren bati emandako kreditu-kopuruak. Kreditu horien epea ez da oraindik iritsi, eta erakunde finantzarioak diru-kopuru horiek aurreratzen dizkio bere bezeroari. Dirua garaia baino lehenago bezeroaren esku jartzeagatik, komisioak eta interes-tasa kobratuko dizkio. Bankuaren bezeroak dirua jasoko du, eta bankuak hirugarren horren hartzailea izango da (berari ordaindu behar zaio kreditua).

Enpresa batentzat oso garrantzitsua da banku batean kreditu-lerroa izatea. Enpresak aukera izango du dirua orain izateko, etorkizuneko diru-sarreren bermearekin. Horrela, dirua behar badu, lasaitasuna izango du emandako kredituen epemuga itxaroten egon gabe. Hala ere, gaur egun enpresentzat oso zaila da bankuek daukaten kreditu-lerroak berritzea. Enpresek egiten dituzten efektu-deskontu ohikoenak fakturak eta merkataritza-efektuak (letrak) dira.