Lehen Mundu Gerra: ondorio ekonomiko, sozial eta politikoak eta Nazioen Elkartea
Resumen
Dokumentuak Lehen Mundu Gerraren ondorio ekonomikoak aztertzen ditu: ekoizpen-sistemaren suntsiketa, gerraren kostu finantzarioak eta Europaren zorpetzea, baita Ameriketako Estatu Batuen eta Japoniaren nagusitasun ekonomikoa ere. Gainera, gerraosteko gizarte-aldaketak (aberats berriak, pobretzea, emakumeen lan-sarrera) eta Nazioen Elkartearen sorrera, egitura eta mugak azaltzen ditu.
Puntos clave
- Gerrak ekoizpen-bitartekoak eta garraiobideak suntsitu zituen, batez ere Frantzian, Italiako iparraldean eta Errusiako mendebaldean.
- Gerraren kostu finantzarioa 260.000-380.000 milioi dolar inguru izan zen, eta Europa oso zorpetuta geratu zen.
- Europak nagusitasun ekonomikoa galdu zuen, eta Ameriketako Estatu Batuak munduko lehen potentzia ekonomikoa bihurtu ziren; dolarra nazioarteko diru nagusi bilakatu zen.
- Japoniak industria eta merkataritza zabaldu zituen Pazifikoan, Asiako hego-ekialdean eta Txinan.
- Gerraosteko gizartean aberats berrien eta pobre berrien arteko aurkaritza agerian geratu zen; erdi mailako klaseak eta soldatapekoak pobretu ziren.
- Nazioen Elkartea Wilsonen ekimenez sortu zen, bakea eta segurtasun kolektiboa bilatzeko, baina ahula izan zen eta ez zuen armadarik.
Ondorio ekonomikoak
Gerrak ondorio izugarriak izan zituen ekonomian; bereziki, gatazkan esku hartu zuten Europako herrialdeetan. Gerraren ondorioek ekoizpen-sistema osoan eragin zuten. Ekoizpen-bitartekoak (industriak, landutako eremuak) suntsitu egin ziren, bai eta garraiobideak ere (trenbidea, errepideak). Egoera bereziki larria izan zen Frantziako eta Italiako iparraldeko nekazaritza eta industria-eskualdeetan, eta Errusiako mendebaldeko eskualdeetan.
Gerraren kostu finantzarioak oso altuak eta orokorrak izan ziren. Kalkuluen arabera, gatazka amaitzean garai hartako 260.000-380.000 milioi dolar inguru izan ziren. Gerra finantzatzeko, gobernuek barneko zor publikoa7 izugarri handitu zuten, eta kanpoko bankuei maileguak eskatu zizkieten; bereziki, Ameriketako Estatu Batuetako bankuei; aliatuek 12.000 milioi dolarreko zorra egin zuten herrialde horrekin. Horren ondorioz, Europako herrialdeak, oro har, erabat zorpetuta geratu ziren (225.000 milioi dolar inguru).
Arrazoi horiek guztiak direla eta, Lehen Mundu Gerraren ondorioz Europak behin betiko galdu zuen nagusitasuna munduko ekonomian, eta Ameriketako Estatu Batuak eta Japonia nagusitu ziren. Horrenbestez, Ameriketako Estatu Batuak munduko lehen potentzia ekonomikoa bihurtu ziren. Herrialde horretako industria-ekoizpena eta nazio-produktu gordina (produktu nazional gordina) ia bikoiztu egin ziren. Gainera, dolarra nazioarteko diru nagusi bilakatu zen, libra esterlina ordezkatuz.
Bestalde, Japoniak ere (Ententearekin aliatua) zabalkunde handia izan zuen industrian eta merkataritzan. Ontzidia garatzearekin batera, esportazioak handitu eta merkatuak zabaldu zituen: bereziki, Pazifikoan, Asiako hego-ekialdean eta Txinan. Horrela, lurralde horietako merkataritza lehian sartu zen, Frantziarekin eta Erresuma Batuarekin batera. Gainera, Japoniak Alemaniak Pazifikoan zituen lurralde batzuk hartu zituen.
Ondorio sozialak
Gerrak ez zuen eragin modu berean gizarte-talde guztietan. Gerraostean, aberats berrien eta pobre berrien arteko aurkaritza agerian jarri zela esaten da. Aberats berriek (bankariak, merkatariak, jabetza handiak zituztenak) diru handia lortu zuten gerrarako eskaerengatik. Gainerako biztanleak, ordea, pobretu egin ziren. Erdi mailako klaseek, nekazariek eta soldatapekoek prezioen gorakadaren, erosahalmenaren beherakadaren eta langabeziaren ondorio negatiboak pairatu zituzten. Bizitza-maila asko jaitsi zen, eta horren ondorioz, nahigabea eta langileen eta erdi mailako klaseen arteko gizarte-tentsioak areagotu egin ziren.
Gerrak iraun zuen bitartean, emakumeek ordura arte gizonezkoentzat ziren lanpostuak hartu zituzten. Gerra amaitzean, Erresuma Batu eta Alemaniako industria-langileen %35 emakumeak ziren. Hainbeste emakume kontuan hartuta lan-munduan sartzeak eragin zuen emakumearen emantzipazioaren aldeko borroka antolatzea. Emakumeak bizitzako arlo guztietan diskriminazioa jasan zuten. Gerraosteko aldian, emakumeen lorpenik garrantzitsuena boto-eskubidearen onarpena izan zen.
Nazioen Elkartea eta gerraosteko arazoak
Nazioen Elkartearen helburua nazioarteko harremanak normalizatzea zen. Baina bake iraunkorra lortzeko bide horretan tentsio handiak izan ziren. 1924tik 1929ra bitartean soilik izan zen baretze-aldia.
Nazioen Elkartea
Nazioen Elkartea Lehen Mundu Gerraren amaieran Ameriketako Estatu Batuetako presidente Wilsonen ekimenez sortutako nazioarteko erakundea izan zen. Haren helburua bakeari eustea, segurtasun kolektiboa ziurtatzea, munduko estatuen arma-gabetzea eta lankidetza ekonomikoa eta kulturalaren sustapena zen. Genevan zuen egoitza.
Lau organo zuzentzaile izan zituen:
- Batzar Nagusia, estatu kide guztiek osatuta.
- Kontseilua, bost potentzia garaileek osatuta (Erresuma Batua, Ameriketako Estatu Batuak, Frantzia, Italia eta Japonia).
- Idazkaritza, organo kudeatzailea.
- Nazioarteko Justizia Auzitegi Iraunkorra. Egoitza Hagan zuen.
Elkarteko kideek konpromisoa hartu zuten beren arteko gatazkak modu baketsuan konpontzeko eta gerrarik ez sortzeko baliabide guztiak erabiltzeko. Ituna betetzen ez zuten estatuentzat zigorrak ezarri zituzten, eta herrialderen batek arau hauste larririk egin eta gero, Nazioen Elkartetik kanpora zezaketen. Baina erakunde ahula izan zen, eta ez zuen lortu bere helburuak praktikan jartzea; izan ere, ez zuen armadarik, ezta erabakiak betearazteko gaitasunik ere. Gainera, herrialde galtzaileei ez zitzaien utzi elkarteko kide izaten, ezta Sobietar Errusiari ere. Horrenbestez, nazioartean garrantzi handia zuten herrialde batzuk erakundetik kanpo geratu ziren. Azkenik, Ameriketako Estatu Batuek ez parte hartzeak ere eragina izan zuen: herrialde horren nazioarteko politika isolatzaile bihurtu zen, bertako Senatuak ez baitzuen Versaillesko Ituna berretsi. Nazioen Elkarteak, hala ere, alderdi positibo batzuk izan zituen: diplomazia multilateralaren oinarriak ezarri zituen, ezkutuko itunak debekatu ziren, eta erakunde humanitarioak eta nazioarteko lankidetzarako erakundeak sortu ziren (Lanaren Nazioarteko Erakundea, Munduko Osasun Erakundea, etab.); gaur egun, erakunde horiek oraindik ere indarrean diraute.
Descargar
PDF Word HTMLPreguntas frecuentes
Zergatik galdu zuen Europak nagusitasun ekonomikoa Lehen Mundu Gerraren ondoren?
Gerrak ekoizpen-sistema suntsitu zuen eta kostu finantzario handiak eragin zituen, eta Europako herrialdeak zorpetuta geratu ziren. Horren ondorioz, Europak behin betiko galdu zuen munduko ekonomiaren nagusitasuna.
Zein izan ziren Nazioen Elkartearen helburuak?
Bakeari eustea, segurtasun kolektiboa ziurtatzea, munduko estatuen arma-gabetzea eta lankidetza ekonomiko eta kulturala sustatzea ziren. Genevan zuen egoitza.
Zergatik izan zen ahula Nazioen Elkartea?
Ez zuen armadarik eta ezin zituen bere erabakiak betearazi. Gainera, herrialde galtzaileak eta Sobietar Errusia kanpo geratu ziren, eta Ameriketako Estatu Batuek ez zuten parte hartu.
Ponte a prueba
Tarjetas de repaso
Pulsa una tarjeta para ver la respuesta.
Test
Preguntas generadas con IA a partir del documento: comprueba las respuestas con el texto.