Laneko Segurtasuna eta Osasuna: Gida Praktikoa
1. Lana: Definizioa eta Lan Baldintzak
Lana jarduera fisiko eta mentala da, gizakiak bere beharrak asetzeko asmoz egiten duena.
Lan baldintza lanaren edozein ezaugarri da, langilearen segurtasun zein osasunerako arriskuak sortzeko eragin nabaria izan dezakeena.
Osasuna erabateko ongizate fisiko, psikiko eta sozialeko egoera da, ez soilik gaitzik edo gaixotasunik ez izatea.
2. Lanaren, Osasunaren eta Lan Ingurunearen Arteko Lotura
Lanetik eratorritako kalteak lanean edo lana dela bide izandako gaixotasun, patologia edo lesioak dira. Kalte hori gauzatzeko posibilitatea lan arriskua deitzen zaio.
3. Lan Arriskuen Prebentzioa: Araudia
Lanaren ondoriozko arriskuak eragozteko edo murrizteko, enpresa baten jardueraren fase guztietan hartzen diren neurriei esaten zaie lan arriskuen prebentzioa. LAPL aplikatzen zaie besteren konturako langileei, administrazio publikoetako langile zibilei, langile autonomoei, kooperatiba sozietateei, kideek beren lanaren ekarpena egiten duten haien jardueran. Ez zaie aplikatzen: poliziari, segurtasun kidegoei eta aduana zaintza zerbitzuari, babes zibilari, indar armatuei, guardia zibilaren jarduera militarretan jarduten dutenei, etxeko laneko lan harreman berezia dutenei.
4. Lan Arriskuak: Definizioa eta Jatorria
Lan arriskuak lanaren ondorioz langile batek kalte bat izateko posibilitatea dira. Arriskua sor dezaketen lan inguruneko baldintzei arrisku faktore esaten zaie. Hainbat egoerak sor ditzakete:
- Lanlekuen, instalazioen, makinen, ekipamenduen egiturazko ezaugarriek.
- Ingurune baldintzek: agente fisikoek, kimikoek eta biologikoek, tenperaturak, hezetasunak, eta abarrek eragindakoek.
- Lan kargak: langileari lanaldian zehar eskatzen zaizkion ahalegin psikofisiko eta psikosozialek eta lanaren antolakuntzak.
- Egoera pertsonalak: adina, osasun egoera, prestakuntza, esperientzia, eta abar.
5. Lanetik Eratorritako Kalteak
5.1. Lan Istripuak
Lanaren ohiko garapena eteten duen eta pertsonengan lesioak nahiz gauzetan kalteak eragin ditzakeen ezohiko, bat-bateko eta ustekabeko gertakari oro da lan istripua (lanean beti bezala, betiko tokian istripua edukitzea eta gero lesioa). Lan istripuarekin parekagarriak dira:
- In itinere istripua: lanerako joan-etorrietan gertatutakoa.
- Langileen ordezkariek beren funtzioak betetzen ari direla izandako istripuak.
- Langileak bere ohiko lanpostutik kanpo izandako istripuak, aldaketa hori enpresaburuak bere zuzendaritza ahalmenaren bidez erabaki duenean.
- Lanarekin zerikusia duten salbamendu ekintzak.
- Lanbide gaixotasuntzat hartzen ez diren gaixotasun arruntak, baina lanaren ondorioz harrapatutakoak direnak.
Ez dira lan istriputzat hartzen arrazoi hauengatik gertatutakoak: doloa edo langilearen zuhurtziagabekeria ausartegia. Horiez gain, lanarekin zerikusirik ez duten ezinbesteko gertakarien ondoriozkoak ere ez dira lan istriputzat hartzen, gerra batek eragindakoak, adibidez.
5.2. Lanbide Gaixotasunak
Lanaren ondorioz harrapatu diren eta lanbide gaixotasunen legezko taulan zehaztuta dauden gaixotasunak dira lanbide gaixotasunak, han adierazitako elementuek edo agenteek eragindakoak. Lan istripuaren eta lanbide gaixotasunaren arteko desberdintasuna: lehena bat-batean gertatzen da eta bigarrena, berriz, prozesu geldo eta jarraitu baten ondorioa da.
5.3. Lanaren Ondoriozko Beste Gaixotasun Batzuk
- Lanaren ondoriozko nekea: langilearen gaitasun fisikoa eta adimen gaitasuna murriztea dakar.
- Lanagatiko atsekabea: egiten den jarduerarekiko interesik eza dakar, bai eta hura arbuiatzea ere.
- Estresa: lanbide eskakizunen eta horiek aurrera eramateko pertsonaren gaitasunaren arteko desorekak sortzen du.
- Laneko mobbinga: lan ingurunean pertsona arteko harremanetan gertatzen den praktika da. Pertsona bati tratu laidogarria eta iraingarria ematea datza.
- Burnout sindromea: lanaren ondorioz akituta geratzea da, herri hizkeran "erreta" egotea esaten da, estres egoera jarraitua da, lanean egindako ahaleginari dagokion ordaina ez jasotzeagatik sortua.
- Garaiz aurreko zahartzea: neke egoera luzatzen denean eta kroniko bihurtzen denean sortzen den akidura fenomeno zehaztugabea da, eta zahartze prozesuan eragin eta bizkortu egiten du.
6. Prebentzio Teknikak
Lanaren ondoriozko arriskuak eragotzi edo murriztu nahi dituzte. Oinarrizko prebentzio teknikak:
- Prebentzio teknikak: laneko segurtasuna, industria higienea, ergonomia, psikosoziologia, laneko medikuntza.
- Zer kalte eragozten edo murrizten duten: lan istripuak, lanbide gaixotasunak, nekea, atsekabea. Prebentzioan eta sendakuntzan jarduten du.
6.1. Laneko Segurtasuna
Lan istripuak ekar ditzaketen arriskuen kasuetan eragiten duten neurrien multzoa da laneko segurtasuna, helburua duena arriskuen kausak ezereztea edo murriztea, lan istripurik ez gertatzeko. Honela jarduten du laneko segurtasunak:
- Lanlekuetan: lokalen egiturak eta ezaugarriak, gainazalak, instalazioak, eskailerak eta abar egoki diseinatuz.
- Ekoizpen bitartekoetan: makinen babes neurriak eta erabilera kontrolatuz.
- Pertsonak babesteko neurrietan: lanerako arropak eta babes gailuak kontrolatuz.
6.2. Industria Higienea
Lan ingurunean agertzen diren agente fisikoak, kimikoak eta biologikoak aztertzen, balioesten edo aldarazten dituzten medikuntzaz kanpoko tekniken multzoa da industria higienea, helburua duena agente horiek eraginpean dauden langilearen osasuna ez kaltetzea. Honela jarduten du industria higieneak:
- Lan baldintzen inguruko giroa aztertzen du.
- Bertan dauden agente kutsakorrak identifikatzen ditu.
- Lortutako datuen ebaluazioa egiten du, muga gisa ezarritako balioak ez direla gainditzen zaintzeko.
- Zuzendu egiten ditu, gizakiarentzat jasangarriak diren mugak ezartzeko.
6.3. Ergonomia
Banakakoak lana erosoago egin dezan baliatzen den teknika da ergonomia, makinak, lanabesak eta ekipamenduak erosoagoak bihurtzen dituena. Ergonomia lan baldintzak langilearen ezaugarri fisiologikoei eta psikologikoei egokitzen saiatzen da. Irizpide ergonomikoek langileen fisikoan, psikikoan eta sozialean eragin dezaketen alderdi guztiak hartzen dituzte barnean eta lan jarduera erosoagoa izatea dute helburu.
6.4. Psikosoziologia
Lanagatiko atsekabea eragozten saiatzen den teknika da psikosoziologia, lana antolatzeko edo ordenatzeko moduagatik edota langilearen ezaugarri pertsonalengatik sor daitekeena eragozten duena.
6.5. Laneko Medikuntza
- Prebentzioa: gaixotasunak sortzea eragozten saiatzen dira.
- Sendakuntza: lanean istripuak gertatzean edo gaixotasunak sortzean lehen sendabideetarako laguntza ematen du, langilearen osasun egoera onbideratzeko asmoz.
- Errehabilitazioa: tratamendu bat emanez, gaixoak bere ahalmenak ahalik eta gehien berreskura ditzan saiatzen da.
7. Langileen Eskubideak eta Betebeharrak
7.1. Langileen Eskubideak
- Lan segurtasuneko eta osasuneko gaietan iritzia emateko, informazioa eta prestakuntza jasotzeko eta prebentzio neurriak ezartzen parte hartzeko.
- Norbera babesteko ekipamenduak izateko.
- Berehalako arrisku larriren bat sortuz gero beren jarduera eteteko.
- Aldian-aldian beren osasun egoera aztertzeko.
- Haurdun dauden emakumeak, adin txikikoak, aldi baterako langileak edo ABLEetako langileak izanez gero babes berezia izateko.
7.2. Langileen Betebeharrak
- Segurtasun gailuak behar bezala erabiltzeko.
- Anomaliaren bat hautematen badute, arduradun bati eta prebentzio jardueretan aritzen diren langileei berehala jakinarazteko.
- Enpresaburuarekin lankidetzan aritzeko, segurtasun baldintzak bermatzeko.
7.3. Enpresaburuaren Betebeharrak
- Langileak babesteko, arriskuak eragotziz, ebaluatuz eta horiei aurre eginez; lana egokituz, arriskutsua dena seguru bihurtzeko eta prebentzioa planifikatuz eta jarraibide egokiak emanez.
- Lanerako ekipamendu eta babes bitarteko egokiak emateko.
- Prebentzioaz informatzeko, iritziak jasotzeko eta horretan parte hartzeko.
- Langileei informazio teorikoa eta praktikoa emateko.
- Aldian-aldian langileen osasun egoera aztertzeko.
- Dokumentu jakin batzuk egiteko eta gordetzeko.
- Lantoki berean hainbat enpresa egonez gero, elkarren artean koordinatzeko.
- Haurdun dauden emakumeei, 18 urtetik beherakoei eta aldi baterako langileei babes berezia emateko.