Kutsadura akustikoa Lehen Hezkuntzan: ikerketa bidezko ikaskuntza

Lengua y literatura6,65 KB

Gure taldean kutsadura akustikoa aukeratu genuen ikerketa egiteko, eguneroko bizitzan oso presente dagoen arazo bat delako. Askotan zaratarekin ohituta gaude eta ez gara konturatzen gure inguruan zenbat zarata dagoen edo horrek nola eragin diezagukeen. Gainera, gure ingurune hurbilean ikertu daitekeen gaia da, eta horrek aukera ematen du teoria eta praktika lotzeko. Horregatik, interesgarria iruditu zitzaigun herri eta hiri desberdinetako zarata-mailak aztertzea.

Gure ikerketa: Gasteiz, Arrasate, Eibar, Zumaia eta Eskoriatza

Gure ikerketan Gasteiz, Arrasate, Eibar, Zumaia eta Eskoriatzako zarata-mailak neurtu genituen, dezibelioak erabiliz. Hasieran, hipotesi bat planteatu genuen: herri edo hiri handiagoetan zarata gehiago egongo zela. Ondoren, neurketak egin, datuak taula eta grafiko batean antolatu eta emaitzak alderatu genituen. Horrela, ikerketa-prozesuaren hainbat fase landu genituen: behaketa, galderak egitea, hipotesiak planteatzea, datuak jasotzea, emaitzak aztertzea eta ondorioak ateratzea. Gainera, konturatu ginen zarata ez dela herriaren tamainaren araberakoa bakarrik; trafikoak, pertsona kopuruak, lekuak eta neurketa egiteko uneak ere eragina izan dezakete.

Lehen Hezkuntzarako egokitasuna

Lehen Hezkuntzan gai hau lantzea oso egokia iruditzen zait, haurren eguneroko bizitzarekin lotura zuzena duelako. Ikasleek egunero zarata entzuten dute eskolan, patioan, kalean, etxean edo trafiko handiko lekuetan. Hala ere, askotan ez dute pentsatzen zarata hori nondik datorren edo zer ondorio izan ditzakeen. Kutsadura akustikoa lantzearen bidez, ikasleek beren ingurunea hobeto ezagutzeko eta eguneroko egoerei buruz hausnartzeko aukera izango lukete. Gainera, zarata handiak kontzentrazioa, atsedena eta pertsonen ongizatea oztopa ditzakeela ulertuko lukete.

Gai hau lantzeko, ikerketa bidezko ikaskuntza (IOI) erabiliko nuke, ikasleek beren kabuz ikertzeko eta ezagutza eraikitzeko aukera izan dezaten. Adibidez, LHko 5. mailan honako galdera planteatuko nuke: Non dago zarata gehien gure eskolan? Lehenengo, ikasleekin elkarrizketa bat egingo nuke, zer dakiten eta zer uste duten jakiteko. Ondoren, eskolako hainbat leku behatuko genituzke, hala nola patioa, ikasgela, korridorea eta eskolaren kanpoaldea. Talde bakoitzak hipotesi bat egingo luke, adibidez: Patioan zarata gehiago egongo da, ikasle gehiago daudelako. Horrela, ikasleen aurretiko ideiak kontuan hartuko genituzke eta haien jakin-minetik abiatuko ginateke.

Neurketak, datuak eta ondorioak

Ondoren, taldeka, dezibelioak neurtzeko aplikazio bat erabiliko genuke leku desberdinetako zarata-maila aztertzeko. Neurketak baldintza antzekoetan egiten saiatuko ginateke, datuak hobeto alderatu ahal izateko. Ikasleek emaitzak taula batean jasoko lituzkete eta, ondoren, grafiko bat egingo lukete. Azkenik, hasierako hipotesiak emaitzekin alderatuko lituzkete eta ondorioak aterako lituzkete. Prozesu honetan garrantzitsua izango litzateke ikasleek ulertzea hipotesi bat ez dela beti egiaztatzen, eta hori ere ikasteko aukera bat dela. Sanmartík eta Márquez Bargallók (2012) azaltzen duten bezala, galdera ikergarriak egitea funtsezkoa da ikerketa zientifikoa garatzeko.

Gelan eta gelatik kanpo

Jarduera honen bidez, gelan zein gelatik kanpo ikasteko aukera izango lukete ikasleek. Gelan hipotesiak prestatuko lituzkete, datuak aztertu eta ondorioak landuko lituzkete; kanpoan, berriz, behaketak eta neurketak egingo lituzkete. Horrela, ikaskuntza ez litzateke liburuetan agertzen den informaziora mugatuko, ikasleek beren esperientzien bidez ikasiko luketelako. Gainera, irakaslearen papera gidariarena izango litzateke: ikasleei galderak egiten, ikerketa antolatzen eta emaitzak interpretatzen lagunduko lieke, erantzun guztiak zuzenean eman beharrean. Hori metodologia aktiboen ezaugarri nagusietako bat da (Ayúcar Castro & Bereziartua Etxeberria, 2019).

Jasangarritasuna eta ingurumenaren zaintza

Bestalde, jasangarritasuna lantzeko ere gai egokia da. Kutsadura akustikoa ingurumen-arazo bat da, baina gizartearekin ere lotura handia dauka. Alde batetik, zarata-mailan eragina duten faktoreak aztertuko genituzke, adibidez trafikoa, ibilgailu kopurua edo inguruko jarduerak. Bestetik, zaratak pertsonengan duen eragina landuko genuke, hala nola lasaitasunean, kontzentrazioan eta elkarbizitzan. Horrela, ikasleek ulertuko lukete ingurumenaren zaintza ez dela natura babestea bakarrik, pertsonen bizi-kalitatea hobetzea ere badela. Ikerketaren amaieran, eskolako zarata murrizteko proposamenak egingo lituzkete, adibidez korridoreetan oihu gutxiago egitea edo espazio lasaiak errespetatzea.

Arlo anitzeko lanketa

Gainera, jarduera honek hainbat arlo batera lantzeko aukera ematen du. Natura, Gizarte eta Kultura Ingurunearen Ezagutzan kutsadura akustikoa eta haren ondorioak aztertuko lirateke. Matematikan, neurketak, taulak eta grafikoak landuko lirateke. Euskaran, berriz, ikasleek galderak eta hipotesiak idatziko lituzkete, taldean eztabaidatuko lukete eta beren ondorioak ahoz azalduko lituzkete. Horrela, alfabetatze zientifikoa, matematikoa eta hizkuntzaren garapena batera sustatuko lirateke. Sanmartík eta Marchán Carvajalek (2015) azpimarratzen duten bezala, zientzien irakaskuntza ikasleen errealitatearekin lotzea eta pentsamendu kritikoa garatzea garrantzitsua da.

Ebaluazioa

Ebaluazioari dagokionez, ez nuke azken emaitza bakarrik kontuan hartuko, ikerketa-prozesu osoa baizik. Horretarako, ikasleek egindako hipotesiak, behaketa-fitxak, neurketen taulak, grafikoak eta azken posterra erabiliko nituzke. Irakasleak errubrika baten bidez baloratuko lituzke ikerketa-prozesua, talde-lana eta ondorioen azalpena. Gainera, ikasleek autoebaluazioa eta koebaluazioa egingo lituzkete, zer ikasi duten eta zer hobetu dezaketen hausnartzeko. Prozesuan zehar feedbacka ematea ere garrantzitsua izango litzateke, ikasleek beren akatsak identifikatu eta lana hobetzeko aukera izan dezaten.

Ondorioak

Ondorio gisa, nire ustez kutsadura akustikoa oso gai egokia da Lehen Hezkuntzan lantzeko, ikasleen ingurune hurbilarekin lotuta dagoelako eta ikerketa bidez ikasteko aukera ematen duelako. Jarduera honen bidez, ikasleek ez lukete kutsadura akustikoa zer den bakarrik ikasiko; galderak egiten, hipotesiak planteatzen, datuak aztertzen, taldean lan egiten eta ondorioak azaltzen ere ikasiko lukete. Gainera, beren inguruko arazoez kontzientziatuko lirateke eta horiek hobetzeko proposamenak egiteko gai izango lirateke. Azken batean, helburua ez da soilik zientziari buruzko edukiak ikastea, baizik eta ikasle kritikoak, autonomoak eta ingurunearekiko arduratsuak heztea.

Descargar

PDF Word HTML