Istripu elektrikoak: motak eta arriskuak
Istripu elektriko motak
Energia elektrikoa erabiltzearekin lotuta dagoen ustekabeko gertaera da; espero eta nahi ez dena, baina normalean saihestu daitekeena. Bat-batean sortzen da eta pertsonei edo gauzei kaltea eragin diezaieke.
Oinarrizko kontzeptuak
- Masa: Aparatu baten zati metalikoen multzoa, egoera normalean alderdi aktiboetatik isolatuta egoten dena.
- Alderdi aktiboak: Zerbitzu arruntean tentsiopean dauden eroaleak eta pieza eroaleak. Barne hartzen dira eroale neutroa edo konpentsatzailea eta horiei konektaturiko zatiak.
Pertsona baten eta alderdi aktibo baten edo masa baten artean kontaktua gertatzen denean, hainbat tentsio agertzen dira zirkuitu elektrikoaren puntuen artean; garrantzitsuenak: akats-tentsioa, lurrerako tentsioa eta kontaktu-tentsioa.
Zuzeneko kontaktuak
Pertsonek materialen eta ekipoen alderdi aktiboekin dituzten kontaktuak dira. Zuzeneko kontaktua gertatzen denean, zirkuitua osatzen duten erresistentziak hauek dira: kontaktu-erresistentzia, gorputzaren erresistentzia, itzulera-erresistentzia, lurraren erresistentzia eta neutroaren lurrerako hartunearen erresistentzia.
Zuzeneko kontaktuen adibideak:
- Bi faseren artean.
- Fase eta neutroaren artean.
- Fase eroale baten eta babes-eroalearen artean.
- Fase baten eta lurrera konektatutako masa baten artean.
- Fase baten eta lurrera konektatu gabeko masa baten artean.
Zeharkako kontaktuak
Pertsonek tentsiopean ustekabean jarritako masekin dituzten kontaktuak dira. Zeharkako kontaktua gerta dadin, beharrezkoa da instalazioaren alderdi aktiboen eta masa baten artean isolamendu-akats bat izatea, horrek masa nahi gabe tentsiopean jartzen baitu.
Masen lurrerako hartunearen erresistentzia: Lurrera konektatutako instalazio batek, zerorako potentzialera dagoen puntu batekiko hartzen duen tentsioaren eta zeharkatzen duen korrontearen arteko erlazioa da.
Zeharkako kontaktuen adibideak:
- Lurrera konektatutako tentsiopeko masa baten eta lurraren artean.
- Lurrera konektatu gabeko tentsiopeko masa baten eta lurraren artean.
- Lurrera konektatu gabeko tentsiopeko masa baten eta lurreko beste masa baten artean.