Hizkuntzen Berreraiketa: Metodoak eta Mugak
Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Lengua y literatura
Escrito el en
euskera con un tamaño de 4,41 KB
Hizkuntzen Berreraiketa: Metodoak eta Mugak
Berreraiketa Metodoen Fidagarritasuna
Berreraikitzen diren formak eta sistemak noizbait existitu direlako konfiantzarekin berreraikitzen dira. Eta, nahiz gehienetan haien egiazkotasuna behin betikoz frogatzeko modurik izango ez dugun, bi ustekabekok frogatu dute metodoak aski seguruak direla:
- Alde batetik, hititaren desziframenduak Saussurek 1878an egin zuen indoeuroparrezko laringalen berreraiketa berretsi zuen.
- Bestetik, Lineal B-ren desziframendua, 1973an Vendryesek egina, greziera arkaiko baten isla da, eta hizkuntza honen historiaurrerako berreraikitako gehiena berretsi zuen.
Hori horrela ikusita, bada arrazoirik berreraiketan konfiantza izateko.
Euskararen Historia eta Barne-berreraiketa
Euskara aldatuz joan da (eta doa), eta aldaketa horien historia luza daiteke; orobat, aldaketa ezagun horietan oinarrituz hipotesiak egin daitezke historiaurreko euskaraz.
Gainera, ez da egia osoa euskara zeharo bakartuta dagoela. Etorkiaren aldetik bai, baina gainerako hizkuntzekin lotzen da maileguen bitartez, esaterako. Horretarako buruan atxiki behar da konparazioa kognatuen artean egiten dela, hots, jatorri bereko hizkuntz aldaeren artean, ez nahitaez hizkuntza ahaidetuen artean. Hala, Mitxelenak Fonética Histórica Vasca-n erakusten duena azal daiteke.
Izan ere, nagusiki latinezko maileguetan oinarrituta, antzinako euskararen sistema fonologikoa berreraiki zuen, eta handik gaurko euskarara bitartean gertatu diren hainbat aldaketaren kontu zehatza ere eman. Beraz, genetikoki lotuta dauden hizkuntzen arteko konparaketa galarazita badauka ere, barne-berreraiketa egin daiteke, hots, berak eskaintzen dituen datuetan (maileguetan zein bestelakoetan) oinarritutako berreraiketa: ene vs. nire auzian erabili dugun metodoa, alegia.
Hizkuntza Batua eta Aitzinhizkuntza: Kontzeptuak
Bestalde, hizkuntzen historiaurreaz jardutean, bai “hizkuntza batua”rekin eta baita “aitzinhizkuntza”rekin ere egiten dugu topo.
- Hizkuntza Batua
- Noizbait banatzen hasi zen hizkuntza bati, familia berekoak diren hizkuntzen ama-hizkuntza edo jatorria denari, hain zuzen. Alabaina, batez ere delako aitzinhizkuntza baten dialekto zatiketa baino lehentxeagoko formari deitzen diogu izen honekin, berreraiki behar den hizkuntza egoerari, berankorrenari.
- Aitzinhizkuntza
- Berreraikitako edozein hizkuntzari deitzen zaio. Hizkuntza batu zahar batekin kontrajartzen denean, gainera, batez ere berreraiki ahal den hizkuntza egoerarik zaharrenari egiten zaio kasu. Maiz, berreraikitako hizkuntzei “aitzin-x” izena egokitzen zaie: aitzinzelta, aitzingermanikoa…, baita aitzineuskara ere.
Aitzinhizkuntzen Mugak eta Izaera
Berreraikitako aitzinhizkuntza ez da egiazko hizkuntza bat. Ez dira hizkuntza naturalak, horiekin konparatuta muga jakinak eta batzuetan oso larriak izaten baitituzte:
- Gehienetan ezinezkoa da, esaterako, aldaera lektalak berreraikitzea edota aitzinhizkuntzok datatzea.
- Oso maiz hizkuntza atal guztiak berreraikitzea bera ere ezinezkoa da, atal batzuek ez baitute ondoko hizkuntzetan arrastorik ere utzi.
Ezin da garai jakin bateko hizkuntza osoa berreraiki: alderdi ezberdinak berreraiki daitezkeenean ere, berreraikitako formak ez dira guztiak garai berekoak izaten, eta batzuetan alde handiak daude kronologian batzuen eta besteen artean. Mitxelenaren aitzineuskaran, esateko moduan, sistema fonologikoa bakarrik berreraikitzen da. Lakarrarenean, berriz, erro kanonikoa eta gramatikarekin lotutako zenbait alderdi. Alabaina, baliteke bi berreraiketa horien artean milaka urteko aldea egotea kronologian.
Hala bada, ez da egiazko bat berreraikitzen, sistema bat (edo batzuk) baizik, laborategiko hizkuntza hein handi batean. Berreraiketarako oso laguntza handia da (eta murrizpen garrantzizkoa) sisteman pentsatzea, sistemak mugatzen eta murrizten baitu berreraiki daitekeena, batetik, eta bestetik, sistemak erakusten baitu zein den eredua.
Ondorioa
Beraz, Mitxelenaren aitzineuskararen berreraiketa baino gorago nekez joan daiteke, metodologia aldetik, ez baita inoiz aitzinhizkuntza naturalik berreraikitzerik izango, baina bai berreraiki daitezke fonologiatik haratago erro kanonikoa eta gramatikarekin lotutako zenbait alderdi ere, Lakarraren moduan.