Giza Gorputza: Harreman eta Ugaltze Funtzioak

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Biología

Escrito el en euskera con un tamaño de 5,09 KB

Erantzunen Igorpena

Nerbio-sistema zentralean, errezeptoreek kanpotik nahiz barrutik jasotako estimuluei eman beharreko erantzuna taxutzen da. Erantzun hori lokomozio-sistemari eta sistema endokrinoari dagokie.

Lokomozio-aparatuaren bidezko erantzunak bi motatakoak dira:

  • Borondatezko ekintzak: Guk geuk nahita erabakitakoak dira. Ekintza horien sortzailea garuna da.
  • Ekintza erreflexuak: Bizkarrezur-muinean prestatzen eta koordinatzen diren oharkabeko ekintzak edo erantzunak dira.

Sistema endokrinoak, berriz, hormonak izeneko substantziak jariatuz erantzuten du.

Lokomozio-aparatua

Lokomozio-aparatua bi sistemek eratzen dute: eskeleto-sistemak eta muskulu-sistemak.

Eskeleto-sistema

Hezurrez osatuta dago, eta eginkizun hauek ditu:

  • Gorputzaren euskarria da.
  • Zenbait organoren babeslea da.
  • Mugimendu mota ugari ahalbidetzen ditu.
  • Kaltzioaren eta beste zenbait mineralen gordailua da.

Eskeleto axiala

Hauek dira eskeleto axialaren parte:

  • Garezurra: Garezurreko hezurrak lauak dira.
  • Bizkarrezurra: Ornoak deritzen hezur motek osatzen dute. Hauek zulo bat dute erdian, eta bizkarrezur-muina hortik igarotzen da.
  • Toraxa: Saihets-hezurrek osatzen dute. Hauek lauak eta arku-formakoak dira, eta bularrezurrari nahiz bizkarrezurrari lotzen zaizkie.

Eskeleto apendikularra

Goiko eta beheko gorputz-adarrek osatzen dute.

Giltzadurak

Bi hezurren arteko loturak dira. Horien arteko ukipen-gunea kartilago-ehunez estalita dago, eta hezurren mugimendua ahalbidetzen du, apurtu gabe.

  • Giltzadura finkoak: Ia ezin dira mugitu, haien funtzioa hezurren arteko loturak bermatzea delako.
  • Giltzadura erdimugikorrak: Gutxi mugi daitezke, haien zeregina hezurrei malgutasuna ematea baita.
  • Giltzadura mugikorrak: Mugimendu ugari egiteko gai dira, haien bidez lotutako hezurrek ez dutelako elkar ukitzen.

Muskulu-sistema

Muskuluek osatzen dute. Hauek hezurrak estaltzen dituzte eta beraiei atxikita daude tendoiei esker. Eskeleto-muskulua ehun ildaskatuz osatuta dago.

Mugimendua

Lokomozio-aparatuak estimulu bati erantzuna ematean gertatzen da.

Sistema endokrinoa

Hormonen bidezko erantzunez arduratzen da. Estimulu bati erantzunez, hormonak deritzen substantziak jariatzen ditu. Guruin endokrinoak hormonen ekoizpenean espezializatuta daude.

  • Hipofisia: Hipotalamoaren azpian dago. Besteak beste, hazkuntzaren hormona, prolaktina eta folikuluak estimulatzeko hormona jariatzen ditu.
  • Tiroidea eta Paratiroidea: Tiroideak tiroxina izeneko hormona jariatzen du, eta paratiroideak hormona paratiroideoa.
  • Pankrea: Intsulina eta glukagoia jariatzen ditu.
  • Giltzurrun gaineko guruinak: Kortisola eta adrenalina jariatzen dute.
  • Obulutegiak eta Barrabilak: Obulutegiek estrogenoak eta progesterona jariatzen dituzte; barrabilek, aldiz, testosterona.

Ugaltze-funtzioa

Funtzio honi esker, izaki bizidunok ugaldu eta gure antzekoak sortu ditzakegu. Hau lortzeko, espermatozoidea eta obulua elkartu behar dira. Prozesu horri ernalketa deritzo, eta sortzen den zelula berriari zigoto edo obozelula deitzen zaio.

Gizonaren ugaltze-aparatua

  • Barrabilak: Sabelaldetik kanpo dauden bi organo dira, eskroto izeneko zorro batez estalita. Barruan semen-hodiak daude.
  • Epididimoak: Barrabilen gainaldean dauden bi egitura luzanga dira.
  • Hodi deferenteak: Espermatozoideak barrabiletatik uretrara eramaten dituzten hodiak dira.
  • Semen-besikulak: Prostataren gainean dauden bi organo txiki dira, eta espermatozoideak elikatzeko jariakinak ekoizten dituzte.
  • Prostata: Maskuriaren azpian dagoen guruin bat da. Honek ere substantziak jariatzen ditu semeneko espermatozoideak elikatzeko.
  • Uretra: Zakila barrutik zeharkatzen duen hodia da. Bertatik ateratzen dira espermatozoideak.
  • Zakila: Kanpoaldeko organoa da. Beheko muturrean duen atal lodiagoa glandea da, eta hori babesten duen larruazal-tolestura prepuzioa da.

Emakumearen ugaltze-aparatua

  • Obulutegiak: Pubisaren barrualdean dauden bi organo dira, obuluak ekoizten dituztenak.
  • Falopioren tronpak: Bi hodi dira, eta bakoitzak obulutegi bat umetokiarekin lotzen du.
  • Umetokia: Organo gihartsu bat da, haurdunaldian zabaldu egiten dena umekia bere barnean hartzeko. Umetokia osatzen duen geruzetako bat endometrikoa da, mukosaz eta odol-hodi ugariz osatua.
  • Bagina: Umetokia kanpoaldearekin lotzen duen hodia da.
  • Alua: Emakumearen ugaltze-aparatuaren kanpoaldeko atala da.