Frankismoaren Garapen Politikoa eta Oposizioa (1959-1975)
Frankismoaren Garapen Politikoa (1959-1975)
Inmobilismo Politikoa
60ko hamarkadan aldaketa ekonomiko eta sozial sakonak eman ziren arren, inmobilismoa izan zen garai honetan politikan egondako ezaugarririk nagusiena. Hala ere, hurrengo urteetan garrantzitsuak izango diren elementu berri batzuk nabarmendu behar dira:
- Eliza Katolikoaren barruan Vatikanoko II. Kontzilioak ekarri zuen aldaketak erregimen frankista eta elizaren arteko urruntzea erraztu zuen. Bien arteko tentsioak ugaritu ziren.
- Indar nazionalisten birsortzea eta ETAren agerpena. 1959an EAJ utzi zuten gazte nazionalista batzuek Euskadi Ta Askatasuna sortu zuten. Erakunde berri honek urte batzuk beranduago erabaki zuen indarkeria armatua erabiltzea.
- Lan-liskarren handiagotzea 1961etik aurrera. Grebetan aldarrikatzen ziren eskakizunak sozialak izatetik (soldatak, lan-baldintzak...) politikoak izatera pasatu ziren (askatasun sindikal eta politikoak).
- 1963an Alderdi Komunistako isilpeko militantea zen Julián Grimau Gerra Zibilaren garaian egindako delituengatik fusilatua izan zen. Nazioarte mailan protestak orokortu ziren.
- 1962an Espainiak EEEan sartzea eskatu ostean, erbestean bizi ziren eskuin liberaleko ordezkari batzuk Munichen bildu ziren eta Espainia EEEan sartzeko debekua eskatu zuten, askatasun politikoetan oinarritutako erregimena Espainian ezartzen ez zen bitartean. Prentsa frankistak eskandalu handia antolatu zuen eta bilera horri “Municheko Kontubernio” izena jarri zioten.
Bitartean, erregimenak lege-aldaketa batzuk egin zituen, irekitasunaren aldeko neurriak izan zitezkeenak, baina bere izaera diktatoriala aldatu gabe:
- Elkarte Politikoen Legea 1964an.
- Prentsa Legea 1966an; garai hartako Informazio ministroak, Manuel Fragak, zentsura murriztea helburu bazuen ere, mantendu egin zuen.
- 1967ko Estatuko Lege Organikoa: Mugimendu Nazionaleko oinarrizko azken legea.
- Francoren adinagatik, honek estatu-buruzagitzarako ondorengoa izendatu zuen: Alfontso XIII.aren iloba, Juan Carlos de Borbón, 1969an errege tituluarekin.
Gora Doan Oposizioa
Talde politiko eta sindikalak modu ezberdinez egokitu ziren frankismoaren garaiko errepresiora. PSOE, barruan zein erbestean, alderdi ahula eta banandua zen bitartean, PCE alderdi opositorerik indartsuena zen, isilpeko egitura sendoa mantenduz. Bitartean, anarkistak eta errepublikarrak ia desagertu ziren.
60ko hamarkadaren azkeneko urteetan eta 70eko lehenengoetan frankismoaren aurkako barne-oposizioa ikaragarri hazi zen, batez ere bi sektoreren artean: fabriketan ugaritzen zen sindikalismoa eta unibertsitateko ikasleek sortu zuten mugimendua. Bereziki talde hauek osatu zuten oposizioa:
- Moderatuak: batez ere erbestean. Batasun-proiektu saiakera egon zen Europako Mugimenduak Munichen 1962ko ekainean egindako Kongresua aprobetxatuz. Lehenago Espainiak EEEan sartzeko eskaera egin zuen eta kongresu horretan bildu ziren Francoren aurka zeuden errepublikarrek, monarkikoek eta kristau-demokratek Europako erakundeetan sartzeko Espainian sistema demokratikoa ezartzea ezinbesteko baldintza zela aldarrikatu zuten, aldaketak eskatuz.
- PCE: estatuaren barruan alderdirik indartsuena eta antolatuena, lan- eta unibertsitate-munduan presentzia gehien zuena. Espainia barruan bere militanteak behin eta berriz atxilotuak izaten ziren, eta kanpoan Dolores Ibarrurrik eta S. Carrillok agintzen zuten. 1956tik aurrera stalinismotik aldendu ziren.
- Langile-mugimendua. 1962an Langile Batzordeak (CCOO) sortu ziren PCEk bultzatuta. “Entrismo” estrategia berria erabili zuten, eta horrela legislazio frankistak uzten zituen zirrikituak aprobetxatu zituzten erakunde sindikal bertikalean infiltratzeko. Horrekin batera, lan-eskakizunak egitetik aldarrikapen politikoak egitera pasatu ziren eta frankismoaren aurkako kontzientzia indartu zen. Sindikatu historikoek, UGT eta CNTk, aldiz, diktaduraren garaian ia ez zuten garrantzirik izan.
- Ikasleen mugimendua. Gero eta garrantzi handiagoa hartzen zihoan. 1964tik aurrera Biltzar Askeak antolatu eta manifestazioak egiten zituzten. 1965ean katedradun kritikoak kaleratu zituzten, mugimenduaren bultzatzaileak haiek zirela argudiatuz. 1968ko maiatzeko Frantziako gatazkak ere oihartzuna izan zuen, manifestazioetan benetako demokrazia aldarrikatuz.
- Auzo-Elkarteak. Hiri handietako langile-auzoetan 60ko hamarkadaren amaieran sortzen ziren elkarte klandestinoak ziren, anabas urbanistikoaren ondorioz langile-auzoetan bizi-baldintzak hobetzearen alde borrokatzeko.
- Nazionalistak. Euskal Herrian eta Katalunian indarberritu egin ziren; Galizian, Valentzian... aldiz, nazionalismoak kultura-adierazpenekoak ziren. Euskal Herrian 1959an sortutako ETAk 1965ean (IV. Asanbladan) bere ideologiaren barnean marxismoa bereganatu eta ekintza armatua erabiltzea erabaki zuen. Frankismoaren aurkako borrokan protagonismo handia hartu zuen 70eko hamarkadan (Burgoseko epaiketa 1970ean eta Luis Carrero Blancoren hilketa 1973an).
- Klero Berria. Frankismotik urrundu zen. 1965ean Vatikanoko II. Kontzilioak eliza-egituretan aldaketak ekarri zituen; klero gaztea hierarkiaren aurka agertzen zen, eta hauek lan-mugimenduarekin eta alderdi politikoekin harremanetan jarri ziren. 1971n Tarancón kardinalak, Espainiako elizako buruen kritikak eta mehatxuak jasan ondoren, barkamena eskatu zuen Gerra Zibilean izandako jarreragatik. Horrek guztiak nazionalkatolizismoaren ereduaren krisia eragin zuen.
- Alderdien Elkarketa. Junta Democrática, 1974an PCEren inguruan sortua, eta Plataforma de Convergencia Democrática, 1975ean PSOEk bultzatuta.
Estatuaren erantzuna errepresioa izan zen. Polizia politikoak (Brigada Politiko-Soziala) komisarietan tortura erabiltzen zuen eta erregimenaren aurkako opositore politikoak epaituak izaten ziren honetarako bereziki sortutako epaimahai batean: Ordena Publikoko Epaitegia (TOP, 1963).
Testuinguru honetan ETAren lehen atentatua gertatu zen: Melitón Manzanas hil zuten, Gipuzkoako Brigada Politiko-Sozialeko burua zena. Erantzuna neurrigabeko errepresioa izan zen eta, ondorioz, erakunde honen aldeko jarrera zabaldu zen erakunde politiko eta sozialen artean. 1970ean Burgoseko Epaiketa egin zenean, epaitegi militar baten aurrean, eta bertan erabaki ziren zigorrak jakin ondoren, barruko zein nazioarteko protestak zirela eta, kommutatu egin ziren (heriotza-zigorrak ez ziren aplikatu).