Frankismoaren Azken Urteak Euskal Herrian: Gatazka eta Erresistentzia

Historia3,64 KB

Langile Mugimenduaren Gorakada eta Grebak

Frankismoaren azken urteetan, langile mugimenduak indar handia hartu zuen Espainia osoan, eta berehala hedatu zen greba mugimendua. Bizkaian, metalgintzako industria guztiak greban sartu ziren, eta antzera gertatu zen Gipuzkoako zenbait enpresatan ere. Grebari aurre egiteko, gobernuak salbuespen egoera aldarrikatu zuen Asturiasen, Bizkaian eta Gipuzkoan, milaka atxilotu eta kanporatu izan zirelarik. Une horretatik aurrera, langile mugimenduak bere presentzia sendotu zuen oposizio antifrankistaren barruan.

Hazkunde Ekonomikoaren Tentsio Sozialak eta Grebak

Hazkunde ekonomikoak sortutako tentsio sozialek gatazka gehiago ekarri zituzten. Horri aldaketa nahia gehitu behar zaio, eta horrela ulertzen da nola soldatari buruzko errebindikazioak zuzenki politikoak ziren beste batzuekin nahasten ziren. Agian, urte hauetako grebarik garrantzitsuena "Bandasetako Greba" deituraz ezagutzen dena dugu, 1966ko azarotik 1967ko maiatzera luzatu zena. Salbuespen egoera berri bat ekarri zuen, eta diktaduraren garaian ezagututako grebarik luzeena izan zen.

ETAren Agerraldia eta Lehen Hildakoak

Aipatutako gatazken ondorioz, Euskadin tentsioa areagotu zen 1967an zehar, ETAren ekintzen ondorioz lehen hildakoak agertu zirenean. 1968an, Gipuzkoako Brigada Politiko Sozialaren buru zen Melitón Manzanas hil zuten, ETAren lehen atentatu hiltzailea izanik.

Tentsioaren Gorakada eta Burgosko Prozesuaren Aurrekariak

60ko hamarkadaren amaierak tentsioaren gorakada nabarmena ezagutu zuen. Horretan eragin zuzena izan zuten egunetik egunera ugariago ziren grebek, euskal elizgizon zenbaitek frankismoaren aurka hartutako jarrerak eta aipatutako ETAren atentatuek. Testuinguru horretan, erregimenak erakundeko 16 partaide militarki Gerra Kontseilu batean epaitzea erabaki zuen.

Burgosko Gerra Kontseilua (1970)

Epaiketa Burgosen burutu zen, 1970eko abenduaren hasieran. Eskatutako heriotza-zigor anitzek protesta mugimendu handi bat eragin zuten, bai Euskadin, bai Espainian zein atzerrian ere. Mobilizazio honek heriotza-zigorrak kartzela-zigorren truke kommutatzeaz gain, ordura arte erregimenaren oposizioan parte hartu ez zuten sektore asko erregimenarekiko erabat aldentzea lortu zuen.

Burgosko Prozesuaren Ondorioak eta Krisi Ekonomikoa

Burgosko Gerra Kontseiluaren ondoren, gauzek abiadura latza hartu zuten. Alde batetik, abertzaleek beren ekintza politiko eta kulturalak areagotu zituzten, edozein gertakizun beren errebindikazioak aurkezteko erabiliz. Gainera, hasiak ziren krisi ekonomikoaren lehen seinaleak, eta horrekin batera erakunde sindikal klandestinoen eragina egunetik egunera handiagoa zen.

Giro horretan, errebindikazio sindikalak zuzenki politikoak ziren beste batzuekin nahasten ziren, hala nola, erregimen demokratiko baten ezarpena edo preso politikoentzako amnistia. Antzeko giroa aurkitu zen baita ere unibertsitateetan edo auzo eta herrietako auzokide elkarteetan.

Carrero Blancoren Hilketa (1973)

Diktaduraren azken bost urteetan gertatutakoen artean, 1973ko abenduaren 20an ETAk Carrero Blanco almirantea, Gobernuko presidente eta Francoren "delfinaren" aurka burututako atentatu hiltzailea aipatu beharra dago.

Carlos Arias Navarroren Gobernua eta "Otsailak 12ko Izpiritua"

1974ko urtarrilean, gobernu berria osatu zen, Carlos Arias Navarroren zuzendaritzapean. Gobernuaren programa "otsailak 12ko izpiritua" delakoan laburbilduta geratu zen, nolabaiteko irekiera ekarri behar zuena. Baina, ezerezean geratu zen Arias Navarrok argi eta garbi immobilismoaren alde egin zuenean. Irekiera-saioak, beraz, huts egin zuen.

Descargar

PDF Word HTML