Fonologia: alofonoak eta prozesu fonologikoak (euskaraz eta gaztelaniaz)
Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Lengua y literatura
Escrito el en
euskera con un tamaño de 13,66 KB
Actualizado el
Resumen
Dokumentuak euskarako eta gaztelaniako alofono eta fonema kasu zehatzak aztertzen ditu, sinbolo fonetikoak erabiliz. Ondoren, asmatutako hizkuntza batean gertatzen diren disimilazioa, ahultzea, asimilazioa, epentesia eta indartzea bezalako prozesu fonologikoak azaltzen ditu, arrazoiekin eta adibideekin.
Puntos clave
- [n̟] gaztelaniaz /n/-ren alofonoa da silaba bukaeran hurrengo kontsonantea hortzartekoa denean (/θ/ aurrean), eta euskaraz ez dago.
- [ɲ] euskaraz /n/-ren alofonoa da /i/ bokalaren ostean (mina [miɲa]); gaztelaniaz, aldiz, /ɲ/ fonema bereizia da eta bikote minimoak sortzen ditu (cana/caña).
- [s] eta [s̺] ez dira /s̻/-ren alofonoak euskaraz; [s̺] /s̺/ fonema bereizia da (hazi [as̻i] - hasi [as̺i]).
- [ɣ̞] hurbilkaria da euskaraz eta gaztelaniaz /ɡ/-ren alofonoa; [ɣ] frikaria ez dago bi hizkuntzetan.
- Disimilazioa: bi fonema antzekoak elkarren ondoan daudenean bat aldatzen da ([ɾeɾma] > [ɾelma]); koda posizioan gertatu ohi da.
- Ahultzea eta ezabaketa: silaba bukaerako /s/ hasperenketa jasan eta gero desagertu daiteke ([kospu] > [kohpu] > [kopu]).
- Epentesia: herskari baten ostean beste herskari bat datorrenean, bokal bat sartzen da silaba egitura hobetzeko ([tebno] > [tebano]).
Resumen generado con IA a partir del documento. Ponte a prueba
Alofonoak euskaraz eta gaztelaniaz
[d̪] izan daiteke /d̞/-ren alofono bat euskaraz edo gaztelaniaz?
Berez, /d̞/ ez da fonema bat, horrela transkribatuta, hurbilkarien '˕' ikurrarekin. Sinboloa /d̪/ da euskararako eta gaztelaniarako, hau da, herskari hortz-hobikari (edo horzkari) ahoskabea. Beraz, erantzuna ezezkoa izan beharko litzateke, hau da, [d̪] ezin da izan /d̞/-ren alofono bat, ez euskaraz, ez gaztelaniaz, ez beste edozein hizkuntzatan. Galdera honen funtsa edo xedea sinbolo fonetikoak ze ziurtasunekin ikasi dituzuen erakustea da.
[n̟] eta [ɲ] izan daitezke /n/-ren alofonoak euskaraz edo gaztelaniaz?
Biak, bat bakarrik, ala bat ere ez?
- [n̟] /n/-ren alofono bat da gaztelaniaz, /n/ silaba bukaeran dagoenean eta hurrengo silabako lehen kontsonantea hortzartekoa denean, hau da, /θ/. Adibidez, anciano hitzean edo un ciego hitz-katean. Euskaraz, aldiz, /θ/ existitzen ez denez, ez dugu [n̟] izango.
- [ɲ] /n/-ren alofono bat da euskaraz, /n/ /i/ bokalaren ostean agertzen denean. Adibidez: mina [miɲa], inozoa [iɲos̻oa]. Printzipioz ez daukagu [ɲ] soinua euskaraz, ez bada /i/ baten ondoren; hau da, ez da fonema bat berez. Beraz, ez du banaketa askea edo librea.
Eskolan eztabaidatu genuenez, ñimiño, ñabardura eta antzekoak /n/-ren palatalizazio afektiboak dira, txikitasuna edo gertutasuna adierazteko (andereño hitzaren kasuan, -ño atzizkia dugu, ez dena batere emankorra hegoaldeko euskalkietan; iparraldeko zenbait hizkeretan bai).
Gaztelaniaz, [ɲ] ez da /n/-ren alofonoa, aparteko fonema baizik. /ɲ/-ren ezaugarriak:
- Sudurkaria.
- Sabaiaurrekoa edo hobikari-sabaikaria.
- Ahostuna (sudurkari guztiak bezala).
Badira adibideak non /n/ eta /ɲ/-k bikote minimoak sortzen dituzten, hau da, bi hitz esanahi lexiko oso ezberdinekin bakar-bakarrik ezberdintzen direnak kontsonante batengatik, toki berdinean: cana [kana], caña [kaɲa], edo mono [mono] eta moño [moɲo].
[s] edo [s̺] izan daitezke /s̻/-ren alofonoak euskaraz?
Biak, bat bakarrik, ala bat ere ez?
[s] edo [s̺] ez dira /s̻/-ren alofonoak euskaraz. [s] gaztelaniarako erabiliko genuke, apikaria edo laminala (edo lepokaria) den adierazi gabe. Eta [s̺] ez da /s̻/-ren alofonoa, /s̺/ fonemaren alofonoa baizik. Hau beste fonema bat da, askatasun osoz agertu daitekeena eta bikote edo pare minimoak sor ditzakeena /s̻/-rekin. Eskolan ikusi ditugu honako adibideak:
- hazi [as̻i] - hasi [as̺i]
- zu [s̻u] - su [s̺u]
- hezi [es̻i] - hesi [es̺i]
[ɣ] (frikaria) izan daiteke /ɡ/-ren alofonoa euskaraz edo gaztelaniaz?
Hemen ere, erne ibili behar zarete esateko [ɣ] soinua ez dela existitzen euskaraz edo gaztelaniaz. Pista argia utzi dizuet, esanez [ɣ] soinua frikaria dela. Euskaraz eta gaztelaniaz dagoena [ɣ̞] hurbilkaria da, eta hau /ɡ/ fonemaren alofonoa da, bai, eskolan askotan ikusi eta errepikatu dugun bezala.
Prozesu fonologikoak asmatutako hizkuntza batean
Asmatutako hizkuntza honetan, hainbat prozesu gertatzen dira. Esan bakoitza zer den (asimilazioa, disimilazioa, txertaketa, etab.), eta prozesu bakoitza gertatzearen arrazoia zein izan daitekeen:
Disimilazioa: [ɾeɾma] > [ɾelma]
Disimilazioa dago hemen. Aldaketa daukan eskuineko forman /l/ agertzen da /ɾ/-ren ordez. Arrazoia: bi fonema berdin edo oso antzekoak agertzen badira elkarren ondoan edo oso gertu (edo alofonoak, berdin da), ekoizpenerako eta oharmenerako zailtasunak sortzen dira, eta hauek saihesteko konponketak bilatu behar dira. Batzuetan disimilazioa aterabide bat da, hau da, alofonoetako bat aldatzea.
Hau da, bi soinu ahoskune berdinean eta modu berdinarekin ahoskatzen badira elkarren ondoan edo gertu, lehena ongi bereizteko edo entzuteko ia etenaldi bat egin behar da bigarrenetik desberdintzeko. Horrek esfortzua dakar ekoizpenean eta hitz-jarioaren edo arintasunaren kontra ere badoa hori. Goiko adibidean bezala, ekoizpeneko arrazoi honek oso erlazio estua du oharmenezko arrazoi batekin; bi soinu daudela antzematea oso zaila denez, azkenean bat aldatzeak argi uzten du bi soinu daudela, nahiz eta tasun fonologikoak aldatu.
Eta ez da kasualitatea aldatzen dena silabako kodan dagoena izatea (ɾeɾ > ɾel) eta ez silaba hasierakoa (ɾeɾ > leɾ). Hau koda posizio edo gune ahula delako azaltzen da. Hor ez dira kontsonante asko onartzen, eta aldaketak hor gauzatzen dira asko eta askotan (asimilazioak, ahultzeak eta abar, silaba hasierako kontsonanteekin konparatuz).
Ahultzea eta Ezabaketa: [kospu] > [kohpu] > [kopu]
Hemen hasperenketa dago, eta hasperenketa ahultzea da. Jada ez dago artikulaziorik aho barrunbean, bakarrik laringean, ahots kordak zabalik utziz. Hori ahulagoa da, sinpleagoa da, aho barrunbean mihia hortz-hobira joan eta han tarte txikitxo bat uztea baino.
Ahultze prozesurako arrazoia: /s/ silaba bukaeran dagoelako, hau da, kodan. Kodan kontsonante askok aldaketak jasotzen dituzte (asimilazioak eta ezabatzeak, adibidez). Koda gunea ahula da, kontsonanteak tentsio gutxirekin artikulatzen direlarik, silaba hasierarekin konparatuz.
Gero, ezabaketa dago, kontsonante hasperenduarena. Ezabaketaren arrazoia: ekoizpena erraztea, kodako erlajazio artikulatorioa, muturreraino eramandakoa. Ahultzea bezala, hizkerako estilo informaletan gertatzen da. Gizartean zabaltzen bada, estandar bihur daiteke.
Asimilazioa: [mos git] > [mos̬ git]
Asimilazioa dago hemen, [s] berez ahoskabea den arren ahostun bezala ahoskatzen delako, [s̬], hurrengo kontsonantearen ahostasuna bereganatuz. Asimilazio erregresiboa edo aurre-hartzailea (gaztelaniaz asimilación anticipatoria erabiltzen da askotan, eta agian errazagoa da horrela ulertzea).
Arrazoia: ekoizpena erraztea da, artikulatzaileak ahalik eta gertuen egon daitezen soinu batetik bestera. Organo artikulatzaileen arteko koordinazio falta dago.
Epentesia: [teb-no] > [tebano]
Epentesia. /a/ bokala sartu da. Arrazoia: ekoizpena erraztea. Herskari baten lehertzeak bokal bat behar du erraz egiteko eta entzuteko. Kontsonante herskari baten ostean beste kontsonante bat badago (kasu honetan [d] herskariaren ostean beste herskari bat dago, [b]), ez dago tarterik edo unerik lehen kontsonantearen leherketa egiteko edo entzuteko, eta beraz herskariaren esentzia galtzen da.
Herskari bat ez da antzematen hersketagatik (hau ixila baita), baizik eta leherketagatik (hau entzuten baita). Beraz, leherketa ezin bada gauzatu, arazo bat dago, kontsonantearen presentzia ez baita erraz antzematen. Hau da arrazoia silaba egituretan islatzen den murriztapenarena, silaba mugetan ager daitezkeen segmentuei buruzkoa hain zuzen: hitz baten barruan, silaba bukaeran agertzen den segmentuak jarraian datorren silaba hasierako segmentuak baino balore altuagoa izan behar du sonoritate eskalan.
Herskari batek bukatzen badu silaba, ezin dugu balore baxuagoko segmenturik izan silaba hasieran. Beste herskari batek gehienez ere balore berdina izango du. Beraz, d.b sekuentzia txarra da, eta zerbait egin behar da sekuentzia hori hobetzeko. Epentesia aukera bat da, orain bokal batek bukatuko duelako silaba (/d/ fonema orain silaba berri horren hasiera izatera pasatu da).
Indartzea: [iulga] > [ʝ̞ulga]
Indartzea izango genuke hemen, hitz hasierako diptongoko lehen bokala indartuz eta kontsonante bezala ahoskatuz. Arrazoia: silaba hasiera gune "gogorra" dela, sonoritate eskalan balio baxua duten soinuak hobesten dituena. Kontsonante bat hobe bokal bat baino, beraz. Gainera, kontuan hartu behar dugu hitz hau esaldi baten barruan ager daitekeela, eta aurreko hitzak bokal bat izan dezakeela bukaeran. Horrela izanik, hiru bokalen kate zaila izango genuke, zaila silabifikatzeko, zaila argi eta garbi silaba mugak markatzeko. Indartzea (lehen bokala kontsonante bihurtuz) silaben arteko mugak antolatzeko arauen alde doa: bukatu silaba bat bokal batekin eta hasi hurrengoa kontsonante batekin. Gogoratu hau eskolan azaldu dudala.
Prozesu fonologikoen laburpena eta adibideak
Disimilazioa
Berdinak edo antzekoak diren bi fonema aldamenean egotea egokitzen bada, hauek ongi ezberdintzearren ezaugarriren bat aldatzea.
Arrazoiak:
- Entzulearen aldetik soinuak hobeto antzematea; ulermena erraztea; prozesatzeko esfortzuak aurreztea.
- Fonema berdina aldamenean bi aldiz egokitzen denean, hiztunaren/ekoizlearen aldetik ere hobesten da fonema berdina ez errepikatzea, zaila delako baten amaiera eta bestearen hasiera ongi egitea, bereiztea.
Oharra: Disimilazioa ez da asimilazioa bezain arrunta.
Adibideak:
- Gaztelaniaz: –al atzizkia –ar bihurtzen da erroa /l/-z bukatzen denean edo azken kontsonantea /l/ denean: semanal, anual, mensual, gradual vs. angular, regular, similar, velar, alveolar, uvular.
- Euskaraz (euskalki batzuetan): Izenetan, erroaren azken /e/ edo /o/ mugatzaileen aurrean /i/ eta /u/ bihurtzea: ume-a, ume-ak > umia, umiak; beso-a, beso-ak > besua, besuak. Erroaren azken /a/ ere /e/ edo /i/ bihurtzea mugatzaile singularraren aurrean: alaba-a > alabea/alabia (hizkeraren arabera).
Epentesia
Hitz edo morfema batean bokal bat edo kontsonante bat sartzea, berezkoa ez dena.
Adibideak:
- Euskaraz: berri[ʝ̞]a, argi[ʝ̞]a; barri[ʒ]a, argi[ʒ]a edo barri[ʃ]a, argi[ʃ]a; esku[b]a, buru[b]a (Arbizun, Etxarrin).
- /i/ bokal itxi eta aurrekoaren ondoren (“bokal sabaikaria” ere esaten da), kontsonante sabaikari bat ([ʝ̞]) edo hobiatzeko bat ([ʒ], [ʃ]) sartzen da.
- /u/ bokal itxi, atzeko eta biribilduaren ondoren, kontsonante biezpainkaria sartzen da, [b]. Ezpainen ixte edo gerturatzeagatik.
- Gaztelaniaz: /e/-ren epentesia /s/-z hasten diren maileguetan: e-strés, e-slavo, e-slogan.
- Beste kasu bat: /d/-ren epentesia gaztelaniazko etorkizuneko edo baldintzazko aditz formetan: poneré > ponré > pondre; teneré > tenré > tendré; saliré > salré > saldré.
Ahultzea eta Ezabaketa
Artikulazioaren erlajazioa, ahultzea da. Ahultzearen muturreko pausua, ezabatzea.
Normalean hizkera ez-formaletan sortzen dira, eta beste hizkera, estilo edo erregistroetara hedatzen bada, hizkuntzaren eredu bihurtzen da.
Adibideak:
- Euskaraz: bokal arteko /d/ eta /g/-ren ahultzea eta erorketa: edo > eo; -ago > ao; -egi > ei.
- Gaztelaniaz: [ð̞]-rekin, partizipioetan: [amað̞o] > [amao]. Bestalde, gaztelaniaz, dialekto batzuetako /s/-ren hasperenketa (edo galera) silaba bukaeran, batez ere hitz bukaeran.
- Diakronikoki (Latinetik Gaztelaniara): herskari ahoskabeetatik ahostunetara pasatzea, eta hauetatik hurbilkarietara, bokal artean: [ami:ka] > [amíga] > [amíɣ̞a].
Indartzea
Gaztelaniaz: hitz hasierako erdikontsonanteen indartzea, kontsonanteak bihurtuz, eten baten ostean. Dialektoen arabera, edo enfasiaren arabera ere: hielo [jelo] ~ [ʝ̞elo]; hueso [weso] ~ [gweso].
Preguntas frecuentes
Zer da alofonoa?
Fonema baten bariante bat da, hizkuntzan esanahia aldatzen ez duena eta testuinguru jakin batean agertzen dena. Dokumentuan, /n/-ren alofonoak [n̟] eta [ɲ] dira kasu desberdinetan.
Zergatik da koda gunea ahula prozesu fonologikoetarako?
Silaba bukaeran kontsonante gutxi onartzen dira eta kontsonanteak tentsio gutxiagorekin artikulatzen dira. Horregatik aldaketa asko gertatzen dira koda posizioan, asimilazioak eta ahultzeak adibidez.
Ponte a prueba
Tarjetas de repaso
Pulsa una tarjeta para ver la respuesta.
Test
Preguntas generadas con IA a partir del documento: comprueba las respuestas con el texto.