Olerkarien Belaunaldia: Lizardi, Lauaxeta eta Orixe (1930eko hamarkada)

Clasificado en Lengua y literatura

Escrito el en euskera con un tamaño de 9,56 KB
Actualizado el

Resumen

Dokumentuak 1930eko hamarkadako euskal poesiaren Olerkarien Belaunaldia aurkezten du, Aitzol eta Euskaltzaleak elkartearen testuinguruan. Ondoren hiru olerkari nagusien bizitza eta obra azaltzen ditu: Lizardi, Lauaxeta eta Orixe. Ikaslea mugimenduaren sorrera, helburuak eta ordezkari nagusien ezaugarriak ikasiko ditu.

Puntos clave

  • Olerkarien Belaunaldia 1930eko hamarkadan sortu zen, Euskaltzaleak elkartearen eta Aitzolen eraginez, Olerti Egunen bitartez.
  • Hasieran poesia hautatua eta zaila landu zuten, baina 1935-36 inguruan eredu errazago eta herritarragoak bilatu zituzten.
  • Lizardi (1896-1933) izan zen bere garaiko olerkari nagusia; Biotz-begietan (1932) eta Umezurtz (1934) lanak nabarmentzen dira.
  • Lauaxeta (1905-1937) Bide barrijak (1931) eta Arrats Beran (1935) poema bilduma idatzi zituen, eta Gasteizen fusilatu zuten 1937an.
  • Orixe (1888-1961) Euskaldunak poema epikoa idatzi zuen eta Barne-muinetan (1934) liburu mistikoa, eta bere poesia gerora gehien estimatu dena izan da.
  • Lizardi, Lauaxeta eta Orixe dira belaunaldiaren olerkari hirukotea, eta haien lanek utzi zuten zantzurik iraunkorrena.

Resumen generado con IA a partir del documento. Ponte a prueba

Olerkarien Belaunaldia: Sarrera eta Testuingurua

Lehenago ikusi den legez, 1930 aldera itxaropen handiak sortu ziren Hego Euskal Herrian. Primo de Riveraren diktadura erori ondoren, politikaz eta ekonomiaz kinka larria jabetu zen arren, gauzak sustraitik aldatzeko desio nabaria zegoen; 1931n Espainiako eraketa monarkikoa kendu eta II. Errepublika ezarri zutenean, berrikuntza grina hori areagotu egin zen. Giro nahasi eta gatazkatsu hartan urrats garrantzitsuak eman ziren denbora laburrean, laster lehertuko zen gerra zibilak emaitza gehienak zeharo hondatuko bazituen ere.

Euskarari eta euskal letren esparruari dagokienez, 1926an jaiotako Euskaltzaleak elkarteak bide berriak urratzeari ekin zion. Jose Ariztimuño "Aitzol" (1896-1936) izan zen 1930etik aurrera elkarte honen eragilerik sutsuenetarikoa. Beste zenbait euskaltzaleren laguntzarekin, Aitzolek eratu zituen ekintzen artetik Olerti Egunak nabarmenduko genituzke. Izan ere, jai lehiaketa hauen bitartez, ordura arte jorratu gabeko sailak eta moduak ireki zitzaizkion euskarazko poesiari. Une hartan mamitzen den poeta taldeari Olerkarien Belaunaldia deitu ohi zaio.

Mugimendu honen barruan poesia minoritarioa, hautatua, zail samarra landuko dute hasiera batean. Laster konturatuko dira, ordea, ez dela egokiena helburutzat daukaten herrigintzarako. Horregatik, 1935-36 inguruan eredu errazago eta herritarragoen bila saiatuko dira, nahiz eta zenbaitek lehengoari eutsi. Edonola ere, ez dugu pentsatu behar olerkariek talde guztiz homogeneoa osatzen zutenik: berrikuntzarako nahi eta kemen horretan bat etorri arren, pentsakeraz zein idazkeraz alde nabariak zituzten batzuetan, ondoren aipatuko diren idazleengan zehatzago ikusiko dugunez. Epe hain motzean poeta mordoxka polita aterako da euskal letren mundura. Gerora zantzu iraunkorrena utziko zuen olerkari hirukotea aztertuko dugu orain; hau da, Lizardi, Lauaxeta eta Orixe, azken horren gerraondoko produkzioa gerra aurrekoaren mailakoa baldin bada ere.

Lizardi

Jose Maria Agirre "Lizardi"k (1896-1933), Zarautzen jaio arren, Tolosan igaro zituen bizitzako urterik gehienak. Legegizona genuen eta Tolosako lantegi bateko gerentea heriotzara arte. Gaztaroan erdi galdua zeukan euskara taxuz eta sakon berreskuratu zuen. Gorago adierazi denez, bere garaiko talde euskaltzaleetako langilerik saiatuenetakoa izan zen; propaganda eta antolamendurako aparteko dohainak erakutsi zituen. Hainbat aldizkarik eta egunkarik eduki zuten lankidetzat, euskaraz nahiz erdaraz. Gairik kutunenak euskara eta euskal kulturaren ingurukoak zituen. Hizlari gisa ere merezitako ospea bereganatu zuen. Fruitu ugari ematen ziharduela, hogeita hamazazpi urte bete gabe hil zen.

Luma dotorea zeukan Lizardik prosaz, hil ondoko Itz-lauz (1934) antologian edota orainago baleratutako Kazetari-lanak (1986) bilduman froga daitekeenez. Antzerkian ere egin zituen saioak. Haatik, poesian lortu zituen emaitzarik onenak eta kritiko gehienen iritzian bere sasoiko olerkari gailen bilakatu zitzaigun. Bizi zela, Biotz-begietan (1932) poema liburua soilik inprimatu zuen. Hil eta hurrengo urtean han-hemenka zeuzkan puskekin Umezurtz olerkiak (1934) publikatu zioten Euskaltzaleak elkartekoek. Azken hamarkadetan Lizardiren poesiaren argitalpen ugari egin dira, horietan osatuena Karlos Otegirena delarik: Olerkiak (1994). Bestalde, Lizardiren ahapaldiak maiz hartu dituzte euskal kantariek abestien testu moduan.

Izadia sarritan azaltzen da Lizardiren bertsoetan. Urtaroen arabera aldatuz doan natura du idazgai, bere kolore, argi-itzalak eta soinuekin. Begietatik zehar bihotzerainoko zirrara sortzen dio hainbeste bider ikusi eta sentitutako paisaiak. Industrializazioak gutxi erasandako ingurunea da, gerraondoko kutsadura masiboa eta pinuaren hedatze ikaragarria nagusitu gabe baitaude oraindik. Beste poema batzuetan, berriz, egoera afektiboek berenganatzen dute erabateko protagonismoa: maitasunak, adiskidetasunak, heriotzak eragindako poemak ditugu. Olerkaria baikor eta itxaropentsu agertzen zaigu aldika, triste eta kezkati beste batzuetan. Herria eta hizkuntza ere askotan aipatzen ditu, eta, horrenbestez, bizitzea egokitu zitzaion une historikoaren lekukotasuna eskaintzen digu.

Lauaxeta

Laukizen, Bizkaian, jaio zen Estepan Urkiaga "Lauaxeta" (1905-1937). Artean ume zela, Mungiara joan zen bizitzera familiarekin. Ikasketak Durangon eta Loiolan egin zituen jesuitetan. Haien ikastetxeetan ohikoa zen heziketa humanistiko osatua hartu zuen eta, eskola agintari gehienen artean hartarako jarrera aproposik izan ez arren, badirudi ikaskide batzuek bultzatu zutela euskaraz idaztera. Jesusen Konpainia utzi eta Bilbora jo zuen 1928an, Orixerekin batera Euzkadi egunkariko euskal orrian lan egitera. Han lanean hasi eta gutxira sailaren arduradun egin zuten eta eginkizun horretan iraun zuen 1934ko urrira arte. Asko nabarmendu zen Errepublika aldian kazetari eta hizlari legez. Horregatik-edo, gerra etorri zenean, komisario politiko izendatu zuten eta karguari zegozkion zereginetan aritu zen Bizkaiko frontean. Horretantxe ziharduela atxilotu zuten 1937ko apirilaren amaieran Gernika suntsituan. Gasteizera eraman eta hantxe fusilatu zuten ekainaren 26an.

Asko idatzi zuen Lauaxetak bere bizitzako azken hamar urteetan. Egunkarirako ia egunero moldatzen zuen lan txikiren bat prosaz. Kazetari lan horien lagin batzuk bildu zituen duela urte batzuk Jon Kortazarrek Azalpenak 1931-1935 (1982) izeneko liburuan. Antzerki lan laburrak ere moldatu zituen. Literatura arloan, baina, Lauaxeta olerkigintzari esker egin zen ezagun. Lehen Olerti Eguneko zilarrezko abarra irabazi eta laster kaleratu zioten estreinako poema bilduma: Bide barrijak (1931). Bigarrena, aldiz, handik lau urtera: Arrats Beran (1935). Horrez gain, aipatzekoak dira, heriotzaren zain zegoela, Gasteizko kartzelan idatzi zituen bertso hunkigarriak.

Bada alderik bi liburuen artean. Lehenengoan, izenburutik hasita, euskal baratzean landu gabeko lur berriak urratu nahi ditu. Poesian Europatik datozen azkeneko edo azken aurreko modu eta modak etxeratu guran dabil Lauaxeta. Eta gehiegitxo igartzen zaio batzuetan. Verlaine, Baudelaire, Mallarmé eta beste hainbat poeta irakurriak dituela ezagun da, baina ez du oraindik bere biderik aurkitu. Bigarrenean, ostera, iturri herritarragoetatik edaten du eta une horretako kezka eta amets politikoak kanporatzen saiatzen da, Aitzolek markaturiko ildotik, beharbada.

Orixe

Nikolas Ormaetxea "Orixe" (1888-1961) gipuzkoarra zen jaiotzez, Orexakoa, baina Uitzin, Nafarroan, hazia. Hamazazpi urte bete arte nekazaritza giroan bizi ondoren, goitik behera aldatu zuen bizimodua, beste hainbeste denbora jesuita ikasketak egiten igaro baitzuen zenbait kolegiotan. Ikasketa guztiak amaitu arren, ordena barruan izan zituen arazo batzuengatik, ez zen apaiztu: 1923tik 1931ra Bilbon aritu zitzaigun lanean sortu berria zen Euskaltzaindian eta Euzkadi egunkarian; 1931tik 1936ra jaioterrira erretiratu zen, Euskaldunak poema gauzatzera; Espainiako Gerra Zibila hasi zenean, atxilotu eta Iruñean eduki zuten preso hilabete batzuetan; gero Iparraldera eta Bearno aldera ihes egin zuen, eta han Bigarren Mundu Gerrako arazoak sufritzea tokatu zitzaion; Hego Euskal Herrira itzuli aurretik, Ameriketan zehar ibili zen 1950-1954 bitartean, eta Euzko-Gogoa aldizkariaren sorreran parte hartu zuen; 1954an gure artera itzulirik, Gipuzkoako hainbat lekutan bizi behar izan zuen, 1961ean Donostiako Añorga auzoan hil zen arte.

Bizitza guztian ia etengabe idatzi zuen Orixek. Era askotara, askotariko gaiei buruz, euskaraz gehienbat. Prosaz lan anitz utzi zigun: Santa Cruz apaiza (1929), Quiton arrebarekin (1950-1954) eta Jainkoaren bila (1971), besteak beste. Itzulpenetan maisu izan genuen: esate baterako, F. Mistralen Mireio (1930) edo Urte guziko meza-bezperak (1950) lanekin. Baina poesian ere bere garaiko sortzailerik oparoenetakoa dugu: 1934an Barne-muinetan liburutxo mistikoa argitaratu zuen neurri nasai samarretan; gerrateko istiluak zirela bide, 1950ean kaleratu zen arren, 1936ra orduko burutua zuen Euskaldunak poema epiko erraldoia; gerraostekoak ditugu, besteren artean, Getsemani eta Igan beti nire lelo lan erlijiosoak. Liburuetan eta aldizkari askotan sakabanaturik zegoen Orixeren poesiagintza 1972ko Euskaldunak eta olerki guztiak izeneko bildumak jaso zuen.

Lehen eta orain, pertsona eta idazle eztabaidatua izan da Orixe euskaldunen artean. Olerkarien Belaunaldiaren barruan ez zen nonbait goratuena, liskarrak eduki baitzituen orduko kritiko ofiziala zen Aitzolekin; 1950tik 1960rako epean askok euskarak eman duen idazle bikainena iritzi zioten; hurrengo hamarkadan, ostera, ia zeharo baztertu eta ahaztua egon zen, geroztik hobeto aztertu eta ezagutu dira haren obrak, eta ukaezinezko literatur balioak aurkitu dizkiote. Lizardi eta, batez ere, Lauaxeta bezala, gizon jantzia zen Orixe letra kontuetan, nahiz eta gustu eta joera aski kontrajarriak izan sarritan. Hizkera aldetik ere maisutzat hartu izan dute, baina ez da beti erraza haren ereduari jarraitzea, bere obra zabala hainbat eratan eta hainbat euskalkitan egin zuen eta. Herri baten arnasa mamitu nahi izan zuen Euskaldunak liburuarekin, gure poema nazionala sortu; askoren ustez, ez zen horrelakorik lortu. Badirudi, ordea, Orixeren poesia mistiko eta barnekoia gero eta estimatuagoa dela.

Preguntas frecuentes

Zer da Olerkarien Belaunaldia?

1930eko hamarkadan euskal poesian sortu zen poeta talde bat, Olerti Egunen bidez sustatua. Taldeak euskarazko poesiari sail eta modu berriak ireki zizkion.

Zein olerkari nagusi izan ziren Olerkarien Belaunaldian?

Testuaren arabera, Lizardi, Lauaxeta eta Orixe dira hirukote nagusia. Lizardi bere garaiko olerkari gailena izan zen kritikoen ustez.

Nola hil zen Lauaxeta?

1937ko apirilaren amaieran atxilotu zuten Gernika suntsituan, eta ekainaren 26an Gasteizen fusilatu zuten.

Ponte a prueba

Tarjetas de repaso

Pulsa una tarjeta para ver la respuesta.

Test

1. Noiz sortu zen Euskaltzaleak elkartea?
2. Zein izan zen Olerti Egunen helburua?
3. Zein liburu argitaratu zuen Lizardik bizi zela?
4. Zein urtetan kaleratu zen Lauaxetaren lehen poema bilduma?
5. Zein da Orixeren poema epiko erraldoia?
6. Nola hil zen Lizardi?

Preguntas generadas con IA a partir del documento: comprueba las respuestas con el texto.