Euskal Foruak eta Lehen Karlistaldia: Historia eta Faseak

Historia7,35 KB

1. Euskal foruen iraupena

Euskal Herriak Antzinako Erregimenaren ezaugarri orokorrak mantentzen zituen, baina bere bereiztasun garrantzitsuena foru erregimena zen. Erdi Aroan sortutako erregimen legal berezia zen eta ohituran oinarritzen zen. Honen arabera, lurralde bakoitzak bere erregimen propioa zeukan, elementu batzuk komunean eduki arren (Bizkaiko Jaurerria, Gipuzkoako probintzia, Arabako Ermandadea eta Nafarroako Erresuma).

Foruen biziraupena eta foru-baimena

Ondorengotza Gerraren ondoren, Nafarroak eta euskal lurraldeek soilik kontserbatu zituzten foruak. Erregeak foruen biziraupena bermatu behar zuen; hori dela eta, lurraldeek errege berria onartu baino lehen, monarkak foru erregimena zin egin behar zuen. Horrez gain, erregeek hartutako neurriek ezin zuten foruen aurka jo. Hori bermatzeko, foru-baimena (pase forala) existitzen zen; hau da, foru lurraldeetako erakundeek foruen aurkako neurriak eten ahal zituzten.

Pribilegioak eta kaparetasun unibertsala

Euskal lurraldeetan, foru sistemak bi pribilegio nagusi bermatzen zituen:

  • Zerga txikiak ordaintzea.
  • Soldadutza saihestea (baldintza batzuekin).

Sistema honen bereiztasun aipagarriena Kaparetasun Unibertsala zen. Printzipio honen arabera, Bizkaian, Gipuzkoan, Nafarroan eta Arabako iparraldeko eremu konkretuetan herritarrei kapare izaera aitortzen zitzaien, betiere familiak bere euskal sustraiak frogatu eta diru asko ordainduz gero.

2. Ondorengotza arazoa

Alfontso X.aren erregealditik aurrera, emakumeek ez zeukaten arazorik Espainiako tronuan egoteko. Borboien heltzearekin batera, XVIII. mendean, egoera aldatu egin zen. Filipe V.a errege bihurtzean, ondorengotza legea aldatu zuen Lege Salikoa ezarriz. Lege horrek emakumeen eskubidea deuseztatu zuen tronua eskuratzeko. 1789. urtean, Karlos IV.ak legea aldatu zuen eta Gorteek onartu zuten erregeak eginiko eraldaketa. Hala eta guztiz ere, legearen aldaketa ez zen inoiz argitaratu; beraz, ez zen inoiz indarrean jarri.

Fernando VII.aren oinordekotza krisia

Fernando VII.aren egoera ez zen erraza; 1829rako, erregeak hiru emazte izan baitzituen. Lehenengoarekin ez zuen ondorengorik eduki. Bigarrena Isabel de Braganza izan zen; Isabelekin alaba bat izan zuen, baina jaioberria zelarik hil zen eta, handik gutxira, erregina ere hil zen. Hirugarren ezkontza Maria Amalia Josefa de Sajoniarekin ospatu zen, baina ezkontza honetatik ere ez zen ondorengorik jaio. 1829an Maria Amalia hil zen.

Urte horren amaieran, erregea berriro ezkondu zen Maria Kristina Borboikoarekin. Mutil bat jaiotzekotan, On Karlosek ez zuen tronua eskuratuko; berriz, neska bat jaiotzen bazen, Fernando VII.aren anaiak (On Karlosek) tronua eskuratuko zuen Lege Salikoaren arabera.

Sanzio Pragmatikoa eta Maria Kristina

Egoera larria kontuan hartuz, eta oinordekoa neska bat izan zitekeela aurreikusita, Fernando VII.ak Sanzio Pragmatikoaren bidez bere aitak, Karlos IV.ak, onartutako legea indarrean jarri zuen, bere ondorengoak tronua eskuratuko zuela ziurtatzeko. Aldaketa honen aurrean, On Karlosek bere haserrea erakutsi zuen.

1832ko irailean, Fernando VII.a gaixotu zen. Maria Kristina erreginak urriaren 6an erregeorde bihurtzea lortu zuen, bere senarraren gaixotasunak iraun arte. Erbestera joan behar izan ziren liberal asko Espainiara bueltatu ziren onartutako amnistiari esker. Erreginak (Maria Kristinak) bere aliatuak (kristinoak) estatuaren kargu garrantzitsueneran kokatu zituen On Karlosen oinarriak ahultzeko.

1833ko urtarriletik aurrera, Fernando VII.a Estatuko gaiez arduratu zen berriro eta ezabatutako Sanzio Pragmatikoa berrezarri zuen. 1833ko irailaren 29an, Fernando VII.a hil zen, bere emazteari erregeordetza emanez haien alaba Isabelek adin-nagusitasuna lortu arte.

3. Lehen Karlistaldiaren ezaugarriak

Urriaren 1ean, On Karlosek Abranteseko Manifestua aldarrikatu zuen. Bertan, errege izendatu zuen bere burua Karlos V.a tituluarekin. Urriaren 3an, Bilboko errealistak, Valdespinako markesak zuzenduta, altxatu ziren On Karlosen alde, eta 6an Santos Ladrón de Cegama jeneralak Espainiako errege izendatu zuen On Karlos Tricion (Errioxa). Horrela, Lehen Karlistaldia hasi zen.

Bandoen ideologiak eta gatazkaren oinarriak

Lehen Karlistaldiak erakutsi zuen zein zen gerraren benetako oinarria: absolutismo erreakzionarioaren biziraupenaren eta liberalismoan oinarritutako konstituziozko monarkiaren ezarpenaren arteko borroka. Egia esanda, Gerra Karlista ohituraren eta liberalismoaren arteko gatazka izan zen.

  • Karlistak: On Karlos, erlijioaren eta tradizioaren defendatzailea.
  • Isabeldarrak: Isabel eta bere ama Maria Kristina. Erregeordeak bere alabaren eskubideak defendatu zituen eta liberalen laguntza beharrezkoa zela ikusi zuen.

Guztira 420.000 soldadu baino gehiagok osatzen zuten gobernuaren armada. Horrez gain, hildakoen kopurua izugarria izan zen: 200.000 hildako baino gehiago utzi zituen Lehen Karlistaldiak. Gerra zibila bihurtu zen, hainbat alderdi nahasiz: dinastikoa, ideologikoa (absolutismoa vs liberalismoa), soziala (hiria vs landa eremua), politikoa (zentralismoa vs foralismoa) eta erlijiosoa.

4. I. Karlistaldiaren faseak

Fernando VII.a hil eta handik bi egunetara, bere anaia Karlosek Abranteseko Manifestua aldarrikatu zuen. Manifestuak partida karlisten sorrera ekarri zuen. Gerra honetan hiru fase ezberdinduko ditugu:

1. FASEA (1833-1835)

Armada karlistaren antolaketa

Fase honen protagonista nagusia Tomas Zumalakarregi izan zen. Berak lortu zuen ondo antolatutako armada karlista sortzea (30.000 gizon inguru). Karlistek oso ondo ezagutzen zuten lurraldea. Liberalen deskalabruak Ameskoetako guduan (Nafarroa) karlistek Nafarroa eta Euskadi bereganatzea dakar (hiriburuak eta Arabako Errioxa izan ezik). Garai honetan, Estella-Lizarra aukeratu zuten hiriburu. Gorte karlistaren helburu nagusia Bilbo hartzea izan zen, baina setioan Zumalakarregi hil zen. 1836an, Lutxanako zubiko batailan, Espartero militar liberalak garaitu zuen.

2. FASEA (1835-1837)

Karlisten atzerakada

Bilbon pairatutako porrotaren ondoren, karlistek Madril erasotzea erabaki zuten (Errege Espedizioa). On Karlosek ez zuen Madrilen sartzea lortu eta Ebro ibaiaren iparraldera abiatu ziren bere tropak. Porrotaren kausak hornidura falta, buruzagi karismatiko baten falta eta prestakuntza eskasa izan ziren.

3. FASEA (1837-1839/40)

Gerraren amaiera eta Bergarako Besarkada

Gerra irabaztea zaila zela ikusita, karlismoan bi korronte sortu ziren:

  • Apostolikoak: Atzerakoiak eta zorrotzak. Ez zuten akordiorik nahi. Buruzagia: Juan Antonio Guergué.
  • Moderatuak: Gerra bukatzeko akordioaren aldekoak. Buruzagia: Rafael Maroto. Marotok akordioaren kontra zeuden buruzagi asko fusilatu zituen Lizarran. Azkenik, Marotok eta Esparterok bakea sinatu zuten.

Descargar

PDF Word HTML