Euskal Eleberrigintzaren Historia eta Bilakaera
Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Lengua y literatura
Escrito el en
euskera con un tamaño de 5,71 KB
Euskal eleberriaren hastapenak
Euskal eleberria berandu sortu zen. Euskaraz idatzitako aurreneko eleberria, generoaren arau guztiak betetzen zituena, 1898an argitaratu zen: Txomin Agirreren Auñemendiko lorea.
Hala ere, badira ia ehun urte lehenagotik eleberri saiotzat edo eleberritzat har daitezkeenak. Horien artean aurrena, Juan Antonio Mogelek idatzi zuen: Peru Abarka (1802an idatzia, 1881ean argitaratua). Bertan, nekazari baten eta kirurgialari baten arteko elkarrizketa ageri da.
Ohiturazko eleberriak
Modu berean, beste lan hauek ere aipatu behar dira:
- Joan Batista Elizanbururen Piarres Adame (1889)
- Duvoisin kapitainaren Baigorriko zazpi liliak (1884)
Guztietan ere baserri giroa ageri da nagusi. Txomin Agirreren Garoa (1912) eleberriko Joanes artzaina pertsonaia da horren eredu garbiena. Gizon zuzena eta prestua da, kaleko giro nahasiarekin harremanik nahi ez duena. Ohiturazko eleberriak dira guztiak.
Eleberri hauetan adierazten zen mundua lasaia zen, egonkorra. Kontalari orojakile batek ekintzen alderdi guztiak ezagutu ez ezik, komentatzeko lizentzia ere hartzen zuen. Egia kontatzen ari denaren ustetik kontatzen du.
Trantsizioa eta lehen urrats berriak
Literatura egiteko jarrera horrek luzaroan iraun zuen. Dena den, Yon Etxaidek Joanak joan (1955) argitaratu zuen; Etxahun koblakariaren bizitza kontatzen du bertan, era berriago batean, baina etenik sortu gabe.
Urte berean agertu zen lehen euskal polizia eleberria, Jose Antonio Loidiren Hamabost egun Urgainen, irakurleengan arrakasta handia lortu zuena.
Eleberri modernoa
Txillardegi: Berrikuntzaren abiapuntua
Eleberrigintza modernoaren benetako zantzuak Txillardegirekin etorri ziren (1957, Leturiaren egunkari ezkutua). Euskal nobelaren lehen pertsonaia gatazkatsua edo konfliktiboa da, hau da, pertsonaia zorionaren bila ari da, eta horren kontzientziak angustia existentziala sorrarazten dio.
Berrikuntza horren ardatzak hauek izan ziren:
- Hirian kokatzea
- Lehenengo pertsona erabiltzea
- Pertsonaiaren krisia girotzeko eratutako kontakizuna
Gero beste zenbait eleberri idatzi zituen (Peru Leartzako, Elsa Scheelen, etab.).
Ramon Saizarbitoria eta modernitatearen gailurra
1969an Ramon Saizarbitoriak Egunero hasten delako argitaratu zuen. Bai gaiaren aldetik, bai teknikaren aldetik, hauxe izan zen lehen euskal eleberri modernoa, Frantziako mugimenduen ildo beretik. Aro berri bat zabaldu zuen liburu hark euskal eleberrigintzaren barruan, Europako joerekiko irekiagoa.
1969an kaleraturiko Egunero hasten delako-n jada antzeman zitekeen Saizarbitoriak gerora hartuko zuen bidea: kontakizunak planoka antolatzea. Horren adibide dira Ehun metro (1976) eta Ene Jesus (1976):
- Ehun metro: Nouveau Roman taldekoen antzeko teknika jarraituz osaturikoa. Poliziarengandik ihesi doan ETAko kide batek egindako azken ehun metroak azaltzeko, lehen eta bigarren ahotsak neutroagoa den hirugarren batekin tartekatuko ditu. Leku eta denborazko planoak uneoro aldatzen dira. Erritmoa bera batzuetan bizi-bizia da; bestetan, arras motela.
- Ene Jesus: 60ko estrukturalisten eragin nabarmenekoa. Pertsonaia nagusia ohean da, hiltzeko zain. Istorioak asmatzen ahaleginduko da, baina ezinezkoa izango zaio hari koherente bat jarraitzea, eta, azkenean, istorio guztiak nahastu egingo ditu jario ulertezina osatuz.
Esperimentalismoa (1970-1980)
1970eko eta 1980ko urteetan idazleek esperimentalismoa erabili zuten eleberrietan, kanpotik ekarritako teknika berriak sartuz. Saizarbitoriaren eleberriez gain, hauek dira aipagarrienak:
- Bernardo Atxaga: Ziutateaz (genero nahasketa duena).
- Arantxa Urretabizkaia: Zergatik, panpox? (Lagunak alde egin ondoren, emakume batek bere umearekin bizi ohi duen egun arrunt bat kontatzen du nobelak).
- Anjel Lertxundi: Hamaseigarrena aidanez (Hego Ameriketako literatura teknikak erakarri zituena).
Dena den, esperimentalismo joera horrek ez zuen luze iraun; laurogeita bostetik aurrera ez da horrelako eleberririk idatzi, salbuespenak salbuespen.
Azken hamarkadetako idazleak
Azken hogeita hamar urteetan gailendu diren zenbait eleberri-idazle zehatzago ikusi aurretik, beste hainbat idazle aipatuko ditugu:
Koldo Izagirre, Joxemari Iturralde, Joan Mari Irigoien, Aingeru Epaltza, Jokin Muñoz, Itxaro Borda, Lourdes Muñoz, Pello Lizarralde, Juan Luis Zabala, Unai Elorriaga, eta beste asko.
Idazle nabarmenen profilak
Ramon Saizarbitoria (Donostia, 1944)
19 urteko isiltasunaren ostean, Ramon Saizarbitoriak Hamaika pauso (1995) kaleratu zuen. Hamaika pauso Saizarbitoriaren belaunaldiaren erretratua dela idatzi du batek baino gehiagok; bertan, Iñaki Abaitua protagonistak Daniel Zabalegik (Angel Otaegi ETAko kidea) 1975ean jasandako fusilatzeari buruzko nobela idatzi zuen.
Bernardo Atxaga (Asteasu, 1951)
Joseba Irazu Garmendiaren goitizena da. Ekonomia Zientzietan lizentziatu zen. Euskara irakaslea, irratiko gidoilaria, liburu-saltzailea eta ekonomilaria izan zen, laurogeiko hamarkadaren hasiera aldera literaturari bete-betean ekin zion arte.
Anjel Lertxundi (Orio, 1948)
Maisu eta Filosofia eta Letra ikasketak egin zituen Donostian, Erroman eta Valentzian. Irakasle izan zen Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolan, eta bertako zuzendari lau urtez. Zarautzen bertan bizi da umetatik.