Espainiako erregimen demografikoen bilakaera historikoa
Espainiako erregimen demografikoen bilakaera
1. Erregimen demografiko zaharra
Erregimen demografiko zaharra XX. mendearen hasiera arte egon zen indarrean Espainian.
A) Jaiotza-tasak
Balio handiak izan zituen bi arrazoirengatik:
- Ekonomia eta gizartea: Nekazaritza zen nagusi, eta seme-alabak oso gazte hasten ziren lanean laguntzen. Seme-alabak mantentzea merkea zen eta gurasoen etorkizuna bermatzen zuen, istripu, gaixotasun eta erretiro-asegururik ez zegoelako.
- Jaiotza-kontrol eza: Ez zegoen sistema eraginkorrik jaiotzak kontrolatzeko. Aukera bakarra krisialdietan ezkontzaren adina atzeratzea zen; horrela, emakumearen aldi ugalkorra laburtu eta seme-alaben kopurua gutxitu egiten zen.
B) Heriotza-tasa
Heriotza-tasa orokorra handia eta gorabeheratsua zen, bizi-maila urria eta medikuntza- zein osasun-baldintza eskasak zirela eta. Arrazoi nagusiak:
- Elikadura eskasa: Nekazaritza-produktibitatea txikia zen eta dieta desorekatua (proteina gutxi). Ogia zen oinarrizko jakia; haragia, esnea eta arrautzak urriak ziren. Ondorioz, biztanle gehienak gaizki elikatuta eta ahul zeuden.
- Gaixotasun infekziosoak: Airetik (tuberkulosia, gripea) edo uretatik eta jakietatik (diarrea) transmititutako gaixotasunak oso ugariak ziren. Medikuntza oso atzeratuta zegoen, ez zekiten gaixotasunak nola transmititzen ziren, eta higiene pribatu zein publikoa oso urria zen.
- Krisialdi katastrofikoak: Epidemiak, gerrak eta zerealen uzta txarrak zirela medio, heriotza-tasa izugarri igotzen zen. Bihiaren prezioa garestitu egiten zen, eta ordaindu ezin zutenak gosez hiltzen ziren. Haurren heriotza-tasa ere oso handia zen.
- Bizi-itxaropena: Oso txikia zen, batez ere haurren eta amen heriotza-tasa altuagatik.
C) Berezko hazkundea
Berezko hazkundea txikia zen, eta gehiegizko heriotzen krisiengatik gorabeherak zituen.
2. Trantsizio demografikoa (1900-1975)
Erregimen demografiko zaharraren eta gaur egungoaren arteko trantsizioa 1900 eta 1975. urteen bitartean gertatu zen. Mendebaldeko Europako beste herrialde batzuekin alderatuta geroago abiatu zen, baina gutxi iraun zuen eta indartsuagoa izan zen.
Jaiotza-tasak modu leunean egin zuen behera, heriotza-tasak indarrez egin zuen behera, eta horren ondorioz, berezko hazkundea handia izan zen.