Erromatar poesia: epika eta lirika (Virgilio, Ovidio)
Poesia epikoa
Poesia epikoa
Horazio olerkariaren arabera, poesia epikaren helburu nagusia da errege eta buruzagien ekintza heroikoak kantatzea eta gorestea.
Latinezko lehen poema epikoa: Livio Androniko
Latinezko lehen poema epikoa K.a. III. mendeko Livio Andronikoren Odussia da, Homeroren Odisearen itzulpena. Dirudienez, Andronikok itzulpena egiterakoan helburu didaktikoa zuen: ikasleei grekoa irakastea.
Nevio eta Bellum Poenicum
Nevioren Bellum Poenicum ere mende berekoa da. Nevio berak parte hartu zuen Erromaren eta Kartagoren arteko gudatean, eta hori da, hain zuzen ere, lanaren gaia. Bellum Poenicum da itzulpena ez den lehen poema epikoa, eta, aldi berean, Erromaren historiari lotutako lana.
Enio eta Annales
Kristo aurreko III. eta II. mendeen artean Eniok bere lan nagusia idatzi zuen, Annales izenekoa. Erromaren historia bertsoz idatzi zuen (Erroma sortu zenetik idazlearen garaira arte) eta ekintzak kronologikoki ordenatu zituen.
Livio Andronikoren, Nevioren eta Enioren lanak izan ziren erromatarrek ezagutu zituzten poema epiko bakarrak, Virgilioren Eneida agertu zen arte, K.a. I. mendearen amaieran.
P. Virgilio (K.a. 70–19)
P. Virgilio Italiako iparraldeko herrixka batean jaio zen. Gaztetan, Erromara joan zen erretorika ikasketak egitera. Geroago, Napolisen Epikuroren filosofia eta zientziak gertutik ezagutu zituen: astronomia, botanika, zoologia, medikuntza eta abar. Erromara itzultzean, Mezenasen eta Augusto enperadorearen literatura-taldean sartu zen.
Garai horretan hasi zen Eneida poema epikoa idazten, baina lana amaitu gabe zegoela hil zen Virgilio, Grezia eta Troia ezagutzeko egindako bidaiatik itzultzen ari zela.
Augusto enperadoreak Erromar herriaren epopeia idazteko eskatu zion Virgiliori. Hamaika urte eman zituen idazleak Eneida idazten. Hil zorian zegoela, lana erretzeko eskatu zuen, amaitu gabe zegoelako eta hainbat pasarte berrikusi gabe zeudelako. Augusto ez zen ontzat eman Virgilioren azken nahi hori, enperadoreak bere burua identifikatzen baitzuen Eneas heroiarekin.
Ezaugarriak eta egitura: Latin-literaturan Eneida da lan epikorik nagusiena: hamabi liburuz osatuta dago, eta sei mila bertso inguru ditu. Virgiliok Homero maisuari jarraitu zion; erraz konparatu daitezke Eneidaren lehenengo atala Odisearekin eta bigarrena Ilíadarekin. Lehen atalean Eneasek Troiako erorketatik Italiara egiten duen bidaia kontatzen da; bigarrenean, Eneasek Italian izandako borrokak eta egoera politikoa agertzen dira. Lan horri esker, Eneas erromatarren arbaso mitikoa bilakatu zen.
Eneas ez da gerlari hutsa, baizik eta pius Aeneas, errukiz eta bertutez betetako heroia. Eneasek barneko kontraesan bat du: jainkoen aginduak bete behar ditu, nahiz eta askotan bere nahien aurka egon.
Virgiliok idazkera trebea du; epikaren handitasuna eta lirikaren arintasuna arazorik gabe uztartzen ditu. Askotan esan daiteke Eneida nobela-antza duela, bertan abenturak, maitasuna eta gerra nahastuta daudelako.
Aneo Lukano (K.o. 39–65)
Senekaren iloba zen. Kordoban jaio arren, ume-umetan eraman zuten Erromara, bertan ikasi zezan. Neron enperadorearen agindupeko kuestor izan zen. Enperadorearen eta Lukanoren arteko adiskidetasuna hautsi zenean —hasieran Lukanok Neron goraipatzeko poema batzuk idatzi bazituen, geroago jendaurrean iraindu baitzuen enperadorea— Neronek bere aurka egindako konspirazioan parte hartzea leporatu zion, eta enperadoreak behartuta Lukanok bere burua hil egin zuen.
Gazte hil arren, Lukanok hainbat lan idatzi zituen: epigramak eta antzezlan batzuk. Hala ere, gaur arte heldu zaigun bakarra Pharsalia poema epikoa da. Hamar liburuk osatzen dute poema hori; hamargarrena amaitu gabe dago, beharbada Lukano lehenago hil zelako.
Pharsalian Zesarren eta Ponpeioren arteko gerrate zibilaren ekintzak kronologikoki kontatzen dira: Zesarrek Rubikon ibaia zeharkatzen duenetik Kleopatrari Egiptoko erregetza ematen dion arte.
Lukanok gai historikoak jorratu zituen, mitologia alde batera utzita; horrela, Homerorengandik eta Virgiliorengandik aldendu eta Nevio eta Enio idazleen bidea jarraitu zuen. Pharsaliaren ezaugarri nagusiena errazionalismoa da: Lukanok jainkoak baztertu eta gizakiari ematen dio protagonismoa. Idazlearen ustez, gizakiak berak du ekintzen erantzukizun osoa; adibidez, Lukanorentzat guda zibilaren arrazoiak Zesarren eta Ponpeioren handinahikerian oinarritzen dira, ez jainkoen haserrean.
Poesia lirikoa
Poesia lirikoa
Lirika generoa Erroman gerosoago garatu zen. Lehenengo poema lirikoak K.a. II. mendearen amaieran agertu ziren, eta poema horietan Greziako poeta alexandriarren eragina oso nabaria zen.
Kristo aurreko I. mendean lirika garatu zen poeta-talde garrantzitsu baten inguruan: poetae novi edo neoteroi (poeta gazteak edo berriak, latinez eta grezieraz). Poeta gazte horiek epikaren tradizioa eta seriotasuna baztertu eta bide berriak ikertzen hasi ziren. Neoterikoek adiskidetasuna eta arruntasuna aldarrikatu zuten, eta poemetako gai nagusi bihurtu zituzten. Talde horrek erromatarren artean oso arrakastatsuak ziren greziar azpigenero batzuk ere berritu zituen: elegia. Jatorrizko dolu-kantu hori amodiozko kantu erotiko bilakatu zen neoterikoen eraginez. Elegia berri horietako protagonistak askotan emakume batekin maitemintzen dira, baina emakumearen maitasuna lortzeko oztopoak aurkitzen dituzte, eta horrek dolua sortzen du.
Katulo (K.a. 84–54)
Familia aberatsekoa zen. Erroman ikasi zuen. Familiak Zesarrekin harreman zuzena izan arren, Katulok ez zuen kargu politikorik hartu nahi izan. Bizitzari etekina ateratzea zuen helburu nagusia: maitaleekin eta lagunekin gozatu nahi zuen. K. Zezilio kontsularen emaztearekin (Klodia) maitemindu zen; berak izan liteke Katuloren olerkietako Lesbia.
Poetae novi taldeko poeta ezagunena da. Beste taldekideen lan asko galdu egin dira. Gazte horiek erromatar poesia zaharra baztertu zuten eta poesia greziarra askoz gehiago miretsi zuten. Poema luze eta azalekoen ordez, sentimenduz betetako poema laburrak proposatu zituzten.
Carmina eta gai nagusiak: Carmina poema-liburua 116 poemaz osatuta dago. Gehienak laburrak izan arren, badaude luzeagoak ere. Katulok neoterikoen ohiko gaiak landu zituen: poesia erotikoa, lagunarteko esperientziak, naturaren deskripzioa, hutsalkeriak, satira zorrotza, amodioaren gorabeherak...
Hizkera gaiari egokitzen zaio: hizkera naturala eta zuzena erabiltzen du poema laburretan (amodiozko eta lagunarteko gaienean); eta hizkuntza jasoa erabiltzen du lan luzeetan (mitologikoetan).
P. Ovidio (K.a. 43–K.o. 17)
Familia aberatsekoan jaio zen. Erroman erretorika ikasten hasi eta Atenasen amaitu zuen. Bertan ikasteaz gain, poesia-emanaldiak ere ematen omen zituen. Politikan aritu zen denbora laburrean, baina laster itzuli zen poesiara. Augustoren aginduz, Tomisera (gaurko Constanţa, Errumanian, Itsaso Beltzaren ertzean) erbesteratu zuten K.o. 9. urtean, eta han hil zen. Ez dago oso argi zein izan zen Augustok Ovidio erbesteratzeko arrazoia.
Ovidioren lanik ezagunenenak hauek dira: Amores, Ars amatoria eta Tristia.
- Amores: poema-lana hiru liburutan antolatuta dago. Propertzioren elegien eragina nabaria da lehenengo lan horretan. Korina izeneko neska da protagonistetako bat, baina Ovidioren beste maitaleak ere agertzen dira. Kexa eta arrangura ("Me miserum!") nagusi izan arren, ironia eta arinkeria ere antzematen dira.
- Ars amatoria: bilduma honetan Ovidiok irakatsi nahi du nola lortu maite den neskaren edo mutilaren maitasuna. Ironiaz betetako poema didaktikoak dira, askotan barregarriak.
- Tristia: erbestean idatzitako poema-lan nagusia da, herriminez eta arranguraz betea. Dirudienez, Ovidiok apaltasunez erakutsi nahi izan zuen Augustoren zigorrak bidegabeak zirela.
Virgilio: Bukolikak (Eglogak)
Hamar poemak osatzen dituzte Bukolikak edo Eglogak poema-bilduma. Horietako zenbait elkarrizketa moduan daude. Guztiak artzain-kantak dira; bertan Virgiliok ingurune bukolikoak (locus amoenus) goresten ditu: errekaren ur garden, zuhaitzen gerizpea, txorien kanta, txirularen soinua…
Hamako poemetan jorratzen diren gai nagusiak hauek dira: artzainen arteko amodiozko gorabeherak, antzinako Urrezko Aroaren itzulia, Augusto enperadoreak agindutako lurren konfiskazioa eta munduaren sorrera mitologikoa.
Horazio (K.a. 65–8)
Familia xume batean jaio arren, Horaziok Erroman eta Atenasen ikasteko aukera izan zuen. Militarra izan zen, eta Brutoren (Zesarren hiltzailea) armadan borrokatu zen Errepublikaren alde. Bruto hil ondorengo Filiposeko gudan armada utzi, eta kuestoretzako idazkari kargu administratibo bat hartu zuen. Virgilioren bidez, Mezenasen literatura-taldean sartu zen, eta harrezkero idazten eman zuen bizitza.
Bi lirika-lan nagusi idatzi zituen Horaziok: Epodoak eta Odak.
- Epodoak: hamazazpi poema edo kantu labur dira. Poema horietan gai hauek aurkitzen ditugu: baserriko bizitza (beatus ille), gudek dakarten hondamena, agure lizunen aurkako kritikak eta Mezenas adiskidearen goraipamena, besteak beste.
- Odak: 104 poema ditu lau liburutan banatuta. Horaziok eguneroko bizimodua, barru-barruko sentimenduak, abertzaletasuna eta bizitzaren gozamena landu zituen. Ezagunena da azken gai hori: Horaziok gogorarazten digu bizitza laburra dela eta daukagun denbora urria gozatu behar dugula (Carpe diem!).