Erbestean eta Gerraostean: Euskal Literaturaren Bilakaera

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Lengua y literatura

Escrito el en euskera con un tamaño de 4,08 KB

Erbestean idatzitako euskal literatura

Telesforo Monzon (1904-1981)

Bergarakoa zen. Urrundik (1945) poema liburuak eman zion hasiera Mexikon erbestean idatzitako euskal literaturari. Bake garaiko oroitzapenak agertzen zaizkigu honetan. Lapurdin argitaratu zuen Gudarien egiñak (1947) izeneko bigarrenean, gerra zibileko bizipenak kontatzen ditu.

Jokin Zaitegi (1906-1979)

Arrasaten jaioa. Honek ere Mexikon argitaratu zituen bere olerkiak Galdaketan (1946) izenburupean, poesia sorta garrantzitsu baten oinarriak jarriz. 1950ean Guatemalan EUZKO GOGOA kultur aldizkaria eratu, zuzendu eta kaleratu zuen. Frantziatik Ameriketara iritsi berriak ziren idazle batzuen eta Andima Ibiñababeitiaren laguntzarekin, Zaitegik, mila lekutan barreiatuta zeuden idazleak erakarri zituen bere proiektura. Guatemalan (1950-1956) eta Miarritzen (1956-1959) euskara hutsez egindako aldizkari honetan hainbat autorek parte hartu zuten.

Erbestean argitaratutako eleberriak

Urte hauetan, Buenos Airesen Ekin argitaletxeak lan interesgarria egin zuen euskal gaiei buruzko liburuak argitaratuz. Gehienak erderazkoak izan arren, euskaraz idatzitako batzuk ere argitaratu ziren gerraosteko lehen hamarkadetan:

  • Juan Antonio Irazusta (1884-1952): Juanixio (1946) eta Bizia garratza da (1950). Bi nobeletan emigrazioaren gaia azaltzen da. Lehenengoan, arrazoi ekonomikoengatik eta soldaduskari ihes egiteko, Argentinako pampara joaten den baserritar gaztearen historia kontatzen du. Bigarrenean, aldiz, gerra galdu duten bi euskal mutilen Kolonbiako ibilera tristeak kontatzen dira.
  • Jose Eizagirre (1881-1948): Ia antzerki egitura duen eleberri honek heltzen dio lehen aldiz gure gerra zibilaren gaiari zuzenean. Bi nobelagile tolosar hauek sortu den egoera berriaren larritasunaz konturaturik, euskara errazen bidetik abiatu nahi dute, irakurzaletasuna gutxienez mantendu dadin.

Gerraosteko eleberrigintza

Eleberri Historikoa

Txomin Agirre saiatu zen era horretako eleberriak idazten. Baina 1950 aldera bazen gai historikoei heltzeko bestelako arrazoirik ere: ez zegoen egoera politikoaz garbi hitz egiterik, gerra zibilak tabu izaten segitzen zuen. Horregatik, besterik ezean erreferentzia historikoetara jotzea nolabaiteko irtenbidea izan zitekeen, garbi azaltzerik ez zegoena itzulinguruka behintzat adierazten bazen.

Yon Etxaide (Donostiarra)

Donostiarra dugu nobela mota honetan maisua. Oso gogoko ditu Erdi Aroko gaia duten nobelak eta baita Aro Moderno eta Aro Garaikidekoak ere. Jorratu eta landu dituen sail guztietan (eleberria, ipuina, antzerkia...) herrigintza da bere helbururik nagusiena. Hizkuntza mailan aparteko arreta jartzen du. Baturik ez zegoen garaian gipuzkera osotasunean taxutu zituen bere lanak, euskara jaso eta joria erabiliz.

  • Joanak-joan (1955): Pierre Topet "Etxhaun" famatuaren biografia nobelatua da, XVIII-XIX. mendeetan eta Zuberoan kokatua.
  • Gorrotoa lege (1946): Ahaide Nagusien arteko gatazka amaigabeei buruz dihardu. Hots, XIV-XV. mendeetan Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian oinaztar eta ganboarrek elkarrekin izandako borrokak. Anaiarteko gerraren lazkeria azpimarratzen du.

Euskarazko lehen polizia nobelak

Jose Antonio Loidi (1916)

Errenteriakoak argitaratu zuen 1955ean Amabost egun Urgainen eleberria. Hizkera garbi eta jatorrean euskaraz landu gabeko alor bati ekin zion, eta horregatik irakurleek gustura hartu zuten, edizio ugari izatera iritsi baitzen.

Beste egile batzuk

Mariano Izeta (1915) baztandarraren Dirua galgarri (1962) deituriko eleberriak eta Txomin Peillen (1932) paristarraren Gauaz ibiltzen dana (1967) izenekoak bakarrik jarraitu zuten ildo honetatik hurrengo hamarkadan.

Geroagoko egileak

Xabier Gereñok (1928) eta Gotzon Garatek (1934) indar berria eman zioten. Lehenengoaren Jurgi kapitaina eta bigarrenaren Jon Bidart detektibea etxeko bilakatu ziren euskal irakurle askorentzat.