Emakumearen Ugaltze-Zikloa, Ernalketa eta Erditzea

Biología3,99 KB

Emakumezkoen ugaltze-aparatuaren zikloak

Emakumezkoen ziklo sexualak 28 egun inguru irauten du, eta sexu-organoetan aldaketak gertatzen dira hormonen eraginez. Hipofisiak FSH eta LH hormonak sortzen ditu; obulutegiek, berriz, estrogenoak eta progesterona.

Hormonen eginkizuna eta obulazioa

Hipofisiak FSH hormona sortzen du, eta honek folikuluaren heltzea estimulatzen du. Haien barruan obozitoa dago. Folikuluak estrogenoak izeneko hormonak sortzen hasten dira.

Estrogenoek obulua garatzea eragiten dute. Gainera, estrogenoen eraginez, endometrioa loditu egiten da eta odol-hodien kopurua ere asko handitzen da.

Egun batzuk geroago, hipofisiak LH hormona kantitatea igotzen du. Honek guztiz garatuta dagoen obulua obulutegitik ateratzea eragiten du (obulazioa). Momentu horretan, Graafen folikulua gorputz luteo bihurtzen da.

Beranduago, gorputz luteoak progesterona sortzen du. Progesteronak endometrioa hazten jarraitzea estimulatzen du. Ernalketarik ez badago, obulua hil egiten da eta gorputz luteoa degeneratu egiten da. Degeneratuta dagoenez, progesterona sortzeari uzten dio. Progesterona kantitatea bat-batean murrizten da, eta endometrioa hilekoaren bidez kanporatzen da.

Ernalketa prozesua

Ernalketa espermatozoide batek eta obulu batek bat egitea eta zigoto bat sortzea da.

Espermatozoideak, baginan barrena, umetokian sartzen dira eta gorantz, Falopioren tronpetara iristen dira. Espermatozoideek 24 eta 48 ordu bitartean bakarrik ernal dezakete obulua. Espermatozoideek obulua inguratu egiten dute, baina bakarrak lortzen du babes-estalkia zeharkatzea eta burua obuluan sartzea, babes-estalkia gogortu egiten baita beste espermatozoiderik ez sartzeko. Bi gametoetako nukleoek bat egiten dutenean, zigotoa eratzen da.

Ernalketa gertatzen denean, obulutegiko gorputz luteoa ez da degeneratzen eta progesterona jariatzen jarraitzen du. Hormona horri esker, endometrioko paretek lodi jarraitzen dute eta ez dira askatzen. Horrenbestez, ez dago hilekorik.

Umetokiranzko bidean, zigotoa zatitzen hasten da eta blastozistoa eratzen du. Ernalketatik sei edo zazpi egunera, endometrioan ezartzen da blastozistoa.

Erditzea: Haurra jaiotzeko prozesua

Erditzea haurra jaiotzeko prozesua da eta hiru fase nagusi ditu:

1. Dilatazioa

Umetokia uzkurtzen hasten da eta umetoki-lepoa dilatatzen da. Umetoki-lepoa eta bagina erabat dilatatzen direnean, zorro amniotikoa apurtu egiten da eta barruko likidoa jariatzen da (urak botatzea). 8 eta 14 ordu bitartean iraun dezake fase honek.

2. Egozpena

Umetokia gero eta maizago eta gero eta indar handiagoz uzkurtzen da. Gainera, amak lagundu egiten du, diafragma uzkurtuta, eta bien artean, baginatik kanpora bultzatzen dute fetua. Lehenik, burua ateratzen da. Fetua amaren gorputzetik ateratakoan, zilbor-hesteari matxardez eutsi eta moztu egiten dute; gero, lehortu eta egun gutxian askatu egiten da, orbain bat utzita: zilborra. 1 eta 30 minutu bitartean iraun dezake fase honek.

3. Haurlaguna botatzea

Haurra jaio eta 10-45 minutura, umetokia uzkurtu egiten da berriro ere, plazenta askatzeko eta amaren gorputzetik kanpora botatzeko.

Erditu eta hurrengo bi egunetan, amaren ugatzak oritza sortzen hasten dira, mantenugai eta antigorputz ugari dituen likido bat. Ondoren, esnea isurtzen hasten dira bularrak, amak jaioberria edoskitzeko eta elikatzeko.

Gizonezkoen ugaltze-aparatua

Barrabiletan sortzen dira espermatozoideak, epididimoetan heltzen dira eta hodi deferenteetan gelditzen dira. Handik, uretran barrena ateratzen dira kanpoaldera, gizonezkoak hazia isurtzen duenean. Semen edo esperma esaten diogu isurtzen den likido zurixkari, eta espermatozoideek eta guruin erantsietako jariakinek osatzen dute.

Descargar

PDF Word HTML