Ekintzailearen Gaitasunak eta Enpresaren Izaera Juridikoa
Ekintzaile izateko gaitasunak
Pertsona ekintzaileak honako gaitasun hauek izan behar ditu:
- Behaketa eta esplorazioa: Ingurunea sistematikoki aztertuz posible da aukerei igartzea, aldaketak aurreikustea eta informazioa lortzea, horretan oinarrituta erabakiak hartzeko.
- Sormena: Sormenari balio handia ematen zaio, gatazkak konpontzeko erabil daitekeelako. Berrikuntzarako bidea jartzen du, eta bereizgarria da.
- Erabakitzeko ahalmena: Une bakoitzeko eskakizunen aurrean erabaki egokiak hartzeko nahikoa informazio eduki behar da, horrela zalantzak gutxitzeko eta erabakien ondorioak zein izan daitezkeen jakiteko.
- Arriskuak onartzea: Zalantzazko egoeren eta ingurune aldakorren eraginez, etengabe prest egon behar da erantzuna emateko, arriskuak kalkulatuta.
- Motibazioa eta lidergoa: Jendeak era batean edo bestean jokatzearen arrazoiak jakitea funtsezkoa da, arrakasta izan nahi bada.
- Komunikazioa: Komunikazioaren garrantzia argi uzten du honako datu honek: denboraren %90 inguru besteekin komunikatzen erabiltzen dugu.
- Plangintza eta antolaketa: Etorkizunari begiratzea, epe ertain eta luzera planak egitea eta plan horien arabera baliabideak eta beharrak aurreikustea ezinbestekoa da arrakasta izateko.
- Pertseberantzia: Erronkei gogotsu ekitea eta helburuak kemenez lortzen saiatzea.
Enpresaren izaera juridikoa: Zergatik eta nola aukeratu
Zergatik aukeratu behar da izaera juridikoa?
Enpresa baten izaera juridikoa ibilgailuen zirkulazioko baimenaren parekoa da. Zirkulazioko baimenik gabe ibilgailua ibili ezin den bezala, izaera juridikoa aukeratu eta hartu gabe enpresak ezin dio bere jarduerari ekin.
Nola aukeratu enpresaren interesentzat egokiena den izaera juridikoa?
Izaera juridiko egokiena aukeratzeko, zenbait irizpide hartu behar ditugu kontuan. Irizpide horiek bi taldetan banatuko ditugu: baldintzak (izaera juridiko bakoitzaren eskakizunak) eta ondorioak (izaera juridiko bat edo bestea aukeratzearen eraginak).
Baldintzak
- Bazkideen kopurua: Irizpide honek izaera juridikoa baldintzatzen du, modalitate batzuek gutxieneko edo gehieneko bazkide kopurua finkatuta baitute.
- Kapital soziala: Modalitate batzuetan, gutxieneko kapital bat behar da enpresa eratzeko.
- Enpresaren jarduera mota: Zenbait enpresa-jarduera garatu ahal izateko, legeak izaera juridiko jakina eskatzen du. Beste batzuetan, enpresaren jarduerak berak aholkatuko du izaera juridiko bat edo bestea aukeratzea.
Ondorioak
- Hirugarrenekiko erantzukizuna: Hirugarrenekiko zorren aurrean bazkideak duen erantzukizun maila. Zenbait sozietatetan, bazkideak jarritako kapitalaren araberakoa da, eta beste batzuetan, bazkidearen ondarea ere kontuan hartzen da.
- Zuzeneko zerga-ordainketaren erregimena: Izaera juridiko bat edo bestea aukeratzeak pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga edo sozietateen gaineko zerga ordaintzera behartzen du enpresa.