Descartes: Nia, Gorputza eta Zalantza Metodikoa
Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en
euskera con un tamaño de 4,94 KB
Nia: Gizakiaren Parte Kontzientea
Nia gizakiaren parte kontzientea da, gure nortasuna adierazten duena. Descartesen arabera, niaren existentzia ziurtatu behar da; horretarako, “Cogito ergo sum” formulaz baliatzen da, hau da: "pentsatzen dut, beraz, banaiz". Zalantza metodikoaren bidez, bere pentsamenduaren existentzia ziurtatzen du, baina ez alde fisikoa; hortaz, solipsismoa gauzatzen da. Nire existentzia soilik pentsamendu gisa ziurtatzen dut. Nia askatasunaren eremua da, gero gorputzaz baliatzen dena.
Gorputza eta Dualismo Kartesiarra
Gorputza gizakiaren alde fisikoa da. Descartesen aburuz, gizakian bi substantzia daude:
- Res cogitans: Arimak irudikatzen du eta pentsamenduaren eremua kudeatzen duen aldea da.
- Res extensa: Gorputzak irudikatzen du; elementu fisiko gisa, lege mekaniko eta fisikoen bidez azaltzen da.
Argi dago pentsamenduak eragina duela gorputzean, eta erlazio hori azaltzeko guruin pineala erabiltzen du, gorputzean errepikatuta ez dagoen elementu bakarra baita. Mekanizismoaren arabera, gorputza, naturan dagoen elementua izanda, lege fisiko batzuetan oinarritzen da. Descartesen ustez, mundu fisikoa materiaz eta mugimenduaz osatzen da; makina bat bezalakoa da, eta gauza bera gertatzen da gorputzarekin.
Ebidentzia eta Zalantza Metodikoa
Ebidentziaren Kontzeptua
Ebidentea azalpenik gabe ulertzen dena da. Descartesen helburua zalantzagabekoa den egia aurkitzea da, guztiz ziurra dena. Filosofo honen arabera, ezin gara daukagun ezagutzaz fidatu hura kritikatu gabe; lehenengo zutabea aurkitzeko, ez du ezer ontzat hartuko guztiz ebidentea izan arte. Kontzientzia da berarentzat ziurra den bakarra, arrazoimena ezagutza lortzeko abiapuntutzat hartuz.
Ebidentziak bi ezaugarri nagusi ditu:
- Argitasuna: Zuzenean ulergarria izatea.
- Bereizkotasuna: Beste kontzeptuekin konparatuz gero, desberdina izatea.
Bi baldintza horiek betez gero, kontzeptu bat ebidentea izango da.
Zalantza Tresna Gisa
Zalantza gauza baten ziurtasun osoa ez dagoenean sortzen den pentsamendua da. Descartesek garatutako teorien ardatza dela esan dezakegu. Bere teoriak garatzean, helburua zalantzagabekoa den egia aurkitzea da. Horretarako, zalantzan jartzen du guztia, baina zalantzan dagoen bitartean konturatzen da ezin duela zalantza bera zalantzan jarri. Hortaz, zalantza hori planteatzeko pentsamendua egon behar da nahitaez.
Descartesek bere proiektu filosofikoan zalantza pauso edo tresna gisa erabiltzen du; horregatik deritzo "Zalantza metodikoa". Zalantza, ezagutzak jasan behar duen froga bat balitz bezala agertzen da, garbiketa gnoseologiko gisa.
Laburpena eta Iruzkina
Laburpena
Descartesek bere burua gorputzik, mundurik eta lekurik gabe imajina dezake, baina ez bera izan gabe; hau da, pentsatzaile moduan egon gabe. Hortaz, pentsamendua da zalantzagabekoa eta ebidentea den bakarra.
Iruzkina: Testuingurua eta Eragina
Descartes filosofo frantziarra zen eta Aro Modernoaren hasieran eskolastika metodoarekin ikasi zuen. Hala ere, berrikuntza asko ekarri zituen eta metodo hura atzean utzi zuen. Teoria nagusietako bat arrazoiaren lehentasuna da. Descartesen metodoak garrantzi handia ematen dio arrazoimenari; matematikak erabiliz benetako ezagutza lortu dezakegula dio. Gainera, metodo hau ebidentea da eta dedukzioan oinarritzen da.
Historian zehar, ideia honekin bat datozen beste filosofo batzuk egon dira, Platon kasu. Berak esaten zuen arrazoimena eta ideiak erabiliz ezagutza ziurra lortu daitekeela mundua ordena batekin ulertzeko. Bestalde, badira haren kontrako filosofoak ere, David Hume bezalako enpiristak. Enpirismoak defendatzen duenez, arrazoimenak ez du hainbesteko botererik ezagutza lortzeko orduan. Humek defendatzen zuen ezagutza inpresioen eta zentzumenen bitartez lortzen dela; jaiotzen garenean ez dakigu dena, eta zentzumenek betetzen dute falta den informazio hori.
Descartesek garatutako teoriak berrikuntza garrantzitsuak ekarri zituen filosofian zein zientzian. Gaur egun erabiltzen dugun metodoa arrazoimenaren metodoa da, hobekuntza batzuekin. Funtsean, Descartesek edozein planteamendu egiteko modua eman zigun, baina esperientzia gehitu behar zaio; hau da, ezagutzarako arrazoimena ez ezik, zentzumenekin lortutako informazioa ere erabili behar da. Horregatik, zientzian metodo hipotetiko-deduktiboa jarraitzen da: lehenik arrazoimena erabiltzen da hipotesiak egiteko, eta gero errealitatearekin erlazionatzen da esperimentuen bidez. Descartesen eragina mendebaldeko kulturan izugarria izan da, zientzia berria oinarritzeko bidea ireki baitzuen.