Curriculumaren Kontzeptua: Jatorria eta Interpretazioak
Curriculum Kontzeptuaren Jatorri Historikoa
Hona hemen curriculum kontzeptuaren bilakaera historikoa:
- Latinez, curriculum hitzak mugimendu progresiboa edo lasterketa esan nahi du.
- Hezkuntza-unibertsoan, unibertsitate anglosaxoietan, XVII. menderako jada hitz hori erabiltzen zen ikasleak urtez urte jarraitzen zuen ikasketa-sekuentzia adierazteko.
- Ilustrazioaren garaian, herrialde anglosaxoietan izan ezik, Europako beste herrialdeetan hitz hau desagertu egin zen.
- XX. mendearen hasieran, hezkuntzari buruzko literaturan kontzeptu hau berragertzen hasi zen.
- Curriculuma ikasketa-arlo gisa Estatu Batuetan agertu zen lehen aldiz, XX. mendeko bigarren hamarkadan. F. Bobbit-ek 1918an The Curriculum testua argitaratu zuen.
- 60ko hamarkadan, hezkuntzaren munduan kontzeptuaren erabilera progresiboki zabaldu zen.
- 70eko hamarkadan, herrialde anglosaxoietako unibertsitate gehienetan, ikasketa-esparru honi zegozkion departamentuak edo sailak antolatu ziren. Hamarkada horietako curriculumari buruzko ikerketak curriculumaren xedeez, edukiez edota metodologiaz arduratu ziren.
- Gure inguruan, 80ko hamarkadan agertu ziren lehen lanak (bertakoek idatziak edo kanpokoen itzulpenak), kontzeptu hau bere koordenatu teoriko eta praktikoetan kokatzen saiatu zirenak. Hala ere, lan horiek unibertsitate eta administrazioetako adituen eremu mugatuetara soilik iritsi ziren, oinarrizko irakaskuntzako irakasleengana heldu gabe.
- "Erreforma" (LOGSE) izan da, 80ko hamarkadaren amaieran eta 90ekoaren hasieran, hitz hau gizarteratu (edo irakasleengana bakarrik?) duena.
Curriculumari buruzko Interpretazio Ezberdinak
Curriculuma Plangintza da
Curriculumak bere baitan gizarteak aintzakotzat hartu eta transmititu nahi dituen kultur adierazpenak biltzen ditu. Alegia, curriculuma giza kulturaren transmisiorako plangintza da.
Curriculuma Plangintza Teknologikoa da
Gizarteak transmisio-prozesua eraginkorra izan dadin bilatzen du. Horretarako, gizarte-sistema orokorrean txertatutako hezkuntza-sistemak teknologikoki aurreikusitako programak zehazten ditu. Beraz, dimentsio teknologiko honek janzten ditu aurreikusten diren hezkuntza-prozesuak.
Curriculuma Esperientzia da
Curriculuma hezkuntza-komunitateak bizitzen dituen esperientzien bidez konkretatzen da. Hezkuntza-esparruan garatutako esperientziak komunitateak egiten duen curriculumaren interpretaziotik eratorritako zehaztapena dira. Esperientzia horiek curriculumaren osagarriak dira, eta haien analisiak curriculumaren atzeraelikadura dakar. Aldi berean, curriculuma (plangintzaren dimentsioan hartuta) esperientzien analisirako tresna da. Beraz, curriculumaren plangintza-dimentsioa eta esperientzia-dimentsioa elkarri lotuta daude.
Curriculuma Eraikuntza Sozial eta Kulturala da
Koordenatu historiko, sozial eta kultural zehatzetan bizi den gizarte batek sortzen du curriculuma. Beraz, curriculumaren adierazpen esplizitua aztertzeko, gizartearen koordenatu horiek aintzat hartu behar dira, horien isla baita.