Baionako Ituna (1945): Euskal Indar Politikoen Batasuna

Historia4,83 KB

Baionako Ituna (1945): Testuaren Analisia

1. Testuaren Izaera eta Jatorria

Lehen mailako testua daukagu. Gertaeraren garaiko protagonistek, Baionako hirian bildutako erakunde politiko eta sindikalek, idatzitakoa da, hau da, iturri historikoa.

Testu historiko zirkunstantziala da; lege izaerarik gabeko akordioa da, eta prozesu historiko batekin lotuta sortzen da: Francoren erregimenaren aurkako erresistentzia erbestean. Euskadiko erbesteko indar politikoek, Eusko Jaurlaritzarekin batuta, sinatzen dute hitzarmen hau, haien batasuna adierazteko Francoren mugimendu iraultzailearen aurka.

2. Edukia eta Helburua

Edukiari begira, gai politikoa jorratzen da hitzarmenaren puntu ezberdinetan. Sinatzaileek altxamenduaren aurkako eta Euskadiko Gobernuaren aldeko jarrera hartzen dute.

Testu publikoa da, erbestean dauden indar politikoek, itun honen bidez, adierazi nahi dutelako haien jarrera bateratua Francoren erregimenaren aurka. Hego Euskal Herrian errotutako indar politikoak eta sindikalak zuzentzen dira erbestetik Hego Euskal Herriko hiritarrei, haien indar batasuna Eusko Jaurlaritzarekiko adierazteko. Itun honetan Eusko Jaurlaritzari eskaintzen zaio behar duen lankidetza.

Nazioko esparruan kokatu daiteke testua, indar hauek ere konpromisoa hartzen dutelako Penintsulako erakundeekin eta sindikatuekin borrokatzeko 1939an ezarritako gobernuaren aurka. 1945eko maiatzaren 8an sinatu zen Alemaniaren armistizioa, eta nazioarteko politikan Francoren oposizioaren jarrera ezagutuko zen.

3. Egilea eta Sinatzaileak

Egilea kolektiboa da. Testuaren sinatzaileak ez dira agertzen izenez, baina lehenengo paragrafotik ondoriozta daiteke indar politiko eta sindikal guztiek, Alderdi Komunista barne, parte hartu zutela bileran eta akta ere sinatu zutela.

Baionan sinadura utzi zuten indarrak:

  • UGT (Langile Batasun Orokorra)
  • Alderdi Errepublikano Federala
  • Euskadiko Langileen Alkartasuna
  • Euskadiko Sozialisten Batzorde Zentrala
  • EAJ (Eusko Alderdi Jeltzalea)
  • Ezkerra Errepublikanoa
  • Euskadiko Alderdi Komunista
  • EAE-ANV (Eusko Abertzale Ekintza)

Baionako Ituna sinatzean batasuna berreskuratu zen. Indar politiko guztiek, Alderdi Komunista barne, Espainian demokrazia ezartzeko borrokatzeko konpromisoa hartu zuten.

4. Testuinguru Historikoa eta Kronologia

1936ko uztailaren 18ko altxamendu militarra sortu zenean, nahasmen-aldia hasi zen Hego Euskal Herrian. 1936ko urriaren 1ean, Madrilgo Gorteek Autonomia Estatutua onartu zuten, eta urriaren 7an, Jose Antonio Agirre, Gernikako Batzar Etxean egindako zinaren bidez, Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakaria bihurtu zen. Erbesteratutako indar politikoekin (erakunde politiko eta sindikalekin) sinatuko zen ituna.

Ituna Aro Garaikidean, XX. mendearen lehenengo aldiaren bukaeran, 1945eko maiatzaren 31n sinatu zen. Urte honetan Bigarren Mundu Gerra amaitu zen. Espainian, Gerra Zibila bukatu eta gero, estatu frankistaren egitura osatzen hasi zen.

Eusko Jaurlaritza Erbestean

Testua Baionan (Frantzia) sinatu zen. Eusko Jaurlaritza, iparraldeko frontean Bilbo galdu eta gero, hasi zen bere diaspora erbestean. Ordezkaritzak ireki zituen Londresen eta New Yorken, harreman onak izango zituen AEBko gobernuarekin. Agirre 1945eko apirilean Londresetik Frantziara bidaiatu zen Eusko Jaurlaritzaren batasun politikoa aurkitzeko.

Gertaera Garrantzitsuak:

  • II. Errepublikaren amaiera.
  • Fronte Popularra eta Euskadiko Autonomia Estatutua.
  • Gerra Zibilaren amaiera eta frankismoaren ezaugarriak.
  • Erantzukizun politikoen legea eta ondoriozko erbestea.

5. Frankismoaren Oinarrizko Legeak (1945)

Estatu berria konstituziorik, alderdi politikorik eta eskubide zibilik gabe sortu zen; hau da, legezkotasun demokratikorik gabe. Gabezia hori Oinarrizko Legeen bidez konpondu zen. Lege horiek erregimenaren beharren arabera aldarrikatu ziren, erregimena bilakatuz zihoan heinean. Gure testuaren inguru historikoan bi dira urte horretan onetsi ziren “itxura” liberaleko legeak:

Espainiarren Forua (1945)

Bigarren Mundu Gerra amaitu ondoren, 1945ean argitaratu zuen Francok, erregimena makillatzeko, Europan gerrako garaileen eskakizunak kontuan hartuta. Baina itxura baino ez zen eskubide aldarrikapena. Sistema politiko autoritarioa eta konfesionala proposatzen zuen; eskubideak mugatuta zituen, eta erregimenaren aldekoek soilik erabil zitzaketen.

Erreferendum Nazionalaren Legea (1945)

Espainolek nazio-plebizitua egiteko eskubidea zuten, baldin eta Francok erabakitzen bazuen eta Estatuko gairen bat erabaki behar bazen. Legezko testuak herritarrek berresteko bidea ematen zuen, baina manipulatu egiten zen bermerik gabeko prozedura bat zen, erregimenak bere burua zuritzeko erabili zuena.

Descargar

PDF Word HTML