Axular: Euskal Literaturaren Maisua eta Guero Obra
Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Lengua y literatura
Escrito el en
euskera con un tamaño de 4,01 KB
Axular: Pedro Agerre Azpilikueta
Biografia
Pedro Agerre Azpilikueta edo “Axular” (Urdazubi, 1556 - Sara, 1644ko apirilaren 8a) apaiza eta euskal idazle handienetakoa da. Nafarra zen, eta goitizena bere jaiotzako “Axular” baserritik datorkio. Urdazubikoa zen, Lapurdiko mugan dagoen baserri horretakoa.
Salamancako Unibertsitatean egin zituen ikasketak, Europako unibertsitaterik ospetsuenean: teologia eta humanitateak. 1600ean, Sarako parrokiako erretoretza eskuratu zuen, eta hantxe bizi izan zen hil arte. Idazle, sermoilari eta hiztun oparoa izan zen, horregatik hainbesteko eragina izan du euskal idazleen artean. Ordura arte ezezaguna zen dotorezia erantsi zion euskarari.
Obra, Gaia eta Balioa
Obra bakarra argitaratu zuen: GUERO. Erlijio eta aszetika liburua da. Kristauak kristau ona izateko eta hil arte bide zuzena eramateko jakin beharrekoak adierazten dituen erlijio-irakaspen liburua da.
Gaia: Luzamenduaren Kaltea
Gaia da “zenbat kalte egiten duen luzamendutan ibiltzeak, hau da, egitekoak gerorako uzteak”. Esaera zaharrak dioen moduan: “Gero dioenak bego dio”. Hau da, gauzak gerorako uzteak pertsonari ekar diezaiokeen kaltea; alferraren betiko leloa.
Axularren obra hau originala da. Axularrek bazituen zenbait eredu garai hartan antzeko gaiaz idazteko, baina bere lana ez zen kopia hutsa izan. Berak taxutu zuen bere estilo eta ukitu propioaz, eta, batez ere, euskara eredugarri eta ederra erabiliz. Nahiz eta erlijio-irakaspen liburua izan, ez du horregatik literatur edertasuna galtzen. Hizkera dotorea, gatz eta piperduna eta bizia du.
Hizkuntza eta Literatura Ezaugarriak
Estilo Patxadatsua: Persuasioa
Gaiak luze eta zabal adierazten ditu, sermoilari estiloan. Kristauari egiak argi eta garbi azaldu nahi dizkio, eta idazteko era pertsuasibo edo limurtzailea erabiltzen du, irakurlea konbentzitu nahi duelako.
Ideien Errepikapena
Era pertsuasibo horren adibide da ideiak behin eta berriro errepikatzea. Hainbat esaldiz pentsamendu bat luzatzen du, irakurlearen buruan eta gogoan ondo sar dadin.
Sinonimoen Pilaketa
Bere estiloaren beste ezaugarri bat da. Antzeko esanahia duten bi-hiru hitz erabiltzen ditu mezua indartzeko.
Sotiltasuna: Jende Xeheari Zuzendua
Irakaspena jende xeheari zuzendua dago. Garai eta toki hartako euskaldun xumeari zuzendua. Goi mailako ideia abstraktuak irakatsi behar ditu, eta horretarako, maila teorikotik praktikora joan behar du. Horretarako, teknika hauek erabiltzen ditu:
- Adibideak eta Konparaketak: Pertsona horri ezagun zaizkion elementuak erabiltzen ditu: nekazari eta arrantzale munduko adibideak erabiliz, egia abstraktu horiek ulertarazten dizkio. Gero, bere ideiarekin konparatzen ditu.
- Atsotitzak: Euskaldunaren bizitzan presentzia handia zuten hizkuntzaren berezko esamolde, esaera eta forma hauek. Axular atsotitzez baliatzen da bere irakaspena egiteko, izan ere, beren laburtasunean eta sinpletasunean bizitzaren gertaera eta filosofia sakonagoa dute.
Erudizioa eta Jakinduria
Kontrakoa badirudi ere, ez da horrela. Adibide xumeak erabiltzeaz gain, gizon ikasia zen eta bere lanean jakinduria hori argi eta garbi azaltzen du: autore klasikoak aipatzen ditu etengabe, eta latinetik hartutako zitak oso ugariak dira (hizkuntzetan kultuena zelako). Beste adibide bat diskurtsoa antolatzeko era ordenatua da:
- Tesia
- Arrazoiak tesia frogatzeko
- Adibideak
- Berriz teoriara itzuli
- Konklusioa
Obra Idazteko Zailtasunak
Ez zitzaion erraza izan maila honetako obra euskaraz idaztea. Ez zegoen ia ezer idatzirik euskaraz, eta batetik bestera desberdin hitz egiten zen; zailtasunak ugari ziren. Berak lapurtera aukeratu zuen hizkuntza batutzat, eta maisulana da egin zuena, mendeak aurrera joan ahala ikusten den bezala. Euskaraz hain gutxi idazteari buruz, euskaldunoi esaldi hau utzi zigun Axularrek: “EUSKALDUNEK BERE DUTE FALTA, EZ EUSKARA.”