Arnas eta Zirkulazio Aparatuen Anatomia eta Funtzioak
Arnas aparatua
Elikagaietatik lortzen ditugun mantenugaiek, organismoak oxigenoa hartu eta zeluletara eramatean, oxigeno horri esker bizitzeko behar dugun energia lortzeko erreakzio metabolikoak gertatzen dira zeluletan.
Arnas aparatua zelula-arnasketan sortzen den hondakina kanporatzeaz ere arduratzen da.
Arnasbideak
Hodiak eta barrunbeak dira:
- Sudur-hodiak: Mukiei esker hezetu egiten da eta aireko hauts-partikulak eta mikroorganismoak atxikita geratzen dira.
- Faringea: Janaria edo listua irensten dugunean, epiglotisa itxi egiten da eta ez die elikagaiei arnasbideetara joaten uzten.
- Laringea: Hodi laburra da, kartilagoz osatua. Airea igarotzean, ahots-kordek bibratu eta ahotsa sortzen dute.
- Trakea: Kartilagoz osatutako hodi malgua da. Barnealdean zelula ziliodunez estalita dago. Muki-fluxua sortzen du hodia garbi edukitzeko.
- Bronkioak eta bronkioloak: Bi hodi mota dira. Bronkioak adarkatu egiten dira, bronkiolo izeneko hodi meheagoak sortuz. Amaieran, pareta meheko zakuak dituzte: birika-albeoloak.
Funtzionamendua
- Birika-aireztapena: Biriketara airea sartzea eta handik ateratzea da. Arnasgoran, oxigenoa arnasbideetatik sartu eta biriketara iristen da. Arnasbeheran, karbono dioxidoz betetako airea kanporatzen da. Arnastean, kutxa torazikoa mugitu, birikak zabaldu eta airez betetzen dira. Zenbait gihar behar dira prozesu honetarako: diafragma (kupula itxurakoa, toraxa eta sabelaldea bereizten dituena) eta saihetsarteko giharrak.
- Gas-trukea: Birika-albeoloetan gertatzen da. Albeoloak odol-kapilarrez inguratuta daude eta gorputz osotik odola dakarte. Odol horrek karbono dioxido asko eta oxigeno gutxi du. Hartutako airea oxigenotan aberatsa denez, gas-truke bizia eta azkarra gertatzen da: odolak karbonoa utzi eta oxigenoa hartzen du.
Odola
Likido gorria eta likatsua da, odol-sisteman barrena dabilena.
- Plasma: Likido horixka da eta odolaren %55 osatzen du. Substantziez osatuta dago, proteinaz batez ere. Proteina horiek odolaren funtzioetan parte hartzen dute: koagulazioan, substantzien garraioan eta organismoa babesteko lanetan. Funtzio nagusiak: substantzia solidoak eta gaseosoak garraiatzea, organismoa babestea, hemorragiak kontrolatzea eta gorputzeko tenperatura erregulatzea.
- Odol-zelulak: Odolaren %45 osatzen dute eta hezur-muin gorrian sortzen dira (adibidez, izterrezurrean).
- Globulu zuriak: Infekzioetatik babesteko funtzioa dute (neutrofiloak, eosinofiloak, basofiloak, linfozitoak eta monozitoak).
- Globulu gorriak: Zitoplasmaren barruan duten proteina bati esker (hemoglobina) dute kolore gorria. Oxigenoa garraiatzea eta zelulako karbonoa kanporatzea da haien lana.
- Plaketak: Odolaren koagulazioan parte hartzen dute.
Odol-hodiak
Zirkulazio-aparatua odol-hodiek eta bihotzak osatzen dute.
- Arteriak: Bihotzetik gorputzeko organo guztietara eramaten dute odola. Pareta gihartsuak eta elastikoak dituzte. Ez dute balbularik.
- Zainak: Organoetatik bihotzera eramaten dute odola. Paretek presio txikiagoa jasan behar dute. Balbulak dituzte odolak atzera egin ez dezan.
- Kapilarrak: Hodi mikroskopikoak dira eta sare moduko bat eratzen dute. Haietan gertatzen da odolaren eta zelulen arteko gas, mantenugai eta hondakin-trukea.
Bihotza
Pareta gihartsuak ditu (miokardioa). Bere lana odola biriketara ponpatzea da oxigenoa har dezan, eta ondoren gorputzeko atal guztietara bidaltzea zelulek behar dituzten mantenugaiak jaso ditzaten.
Lau barrunbe ditu: goiko biak aurikulak dira (odola jaso) eta beheko biak bentrikuluak (odola ponpatu). Alde bakoitzeko bi barrunbeak komunikatuta daude:
- Balbula trikuspidea: Eskuineko aurikula eta bentrikulua lotzen ditu.
- Balbula mitrala: Ezkerreko aurikula eta bentrikulua lotzen ditu.
Bihotz-zikloa
Bihotzaren funtzionamendua bi mugimendu koordinatutan oinarritzen da: sistolea (uzkurdura) eta diastolea (erlaxazioa).
- Sistole aurikularra: Aurikulak uzkurtu eta odola bentrikuluetara bultzatzen dute.
- Sistole bentrikularra: Bentrikuluak uzkurtu, birika-balbula eta aorta-balbula ireki eta odola arterietatik irteten da biriketarantz eta gorputz osorantz. Balbula mitrala eta trikuspidea itxi egiten dira odola aurikuletara itzul ez dadin.
- Diastolea: Aurikulak eta bentrikuluak erlaxatu egiten dira. Arterietako odola ez da atzera itzultzen balbulak itxita daudelako. Aurikulak odolez betetzen dira, balbula trikuspidea eta mitrala ireki eta bentrikuluak betetzen hasten dira.
Bihotz-mugimenduak hots berezi batzuk sortzen ditu (bihotz-taupadak), balbulak ixten direnean gertatzen direnak.