Argudio-testua: Ezaugarriak, Egitura eta Baliabideak

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Otras materias

Escrito el en euskera con un tamaño de 2,36 KB

Zer da argudio-testu bat?

Argudio-testuak arrazoien edo argudioen bidez ikuspegi bat defendatzea edota hartzailearen ikuspegia aldaraztea helburu duten testuak dira. Haatik, argudio-testuetan deskribapenek, azalpenek edota narrazioek ere bere lekua har dezakete; hau da, beste helburu bat betetzen duten pasarteak. Beraz, argudio-testuen funtzio nagusia eragilea bada ere, funtzio poetikoa eta erreferentziala ere izan ditzakete testuotan.

Testuaren egituraketa

Argudio-testuetan, oso garrantzitsua da testuaren aldez aurreko planifikazioa, hots, landuko diren ideien aukeraketa eta antolaketa. Egitura hierarkikoa du beti, baina hiru sailetan sailka daiteke:

  • Egitura deduktiboa: Tesia edo ideia nagusia aurkeztu ostean, tesi hori arrazoitzen duten argudioak eskaintzen dira.
  • Egitura induktiboa: Argudioak azaldu ondoren aurkezten da defendatzen den tesia.
  • Egitura zirkularra: Aurreko egitura biak biltzen ditu: tesia aurkeztu eta argudiatu ostean, ondorio gisa tesi berri moduan hasierakoa berreskuratzen du, bai errepikatuz, bai zertxobait aldatuz.

Argudiaketa baliabideak

  • Aipuak: Erakunde eta pertsona adituek dioten hitzetan oinarritzeak indartu egiten du esaten duguna: "Hark dionez, erretzeak kalte egiten digu".
  • Atsotitzak: Denok ontzat jotzen ditugunez, herri-jakinduria islatzen baitute, indartu egiten dute dioguna: "Gazte irautearen sekretua geldirik ez geratzean dago; dabilen harriari, goroldioak ez!".
  • Datu zehatzak: Objektiboak diren neurrian ezin dira ukatu, beste datu objektibo batzuekin ez bada behintzat: "Preserbagailua seguruena bada ere, ez da guztiz segurua: seguruena UBGa da eta % 1ean huts egiten du."
  • Plural maiestatikoa: Batzuetan, igorleak bere ikuspegia ikuspegi orokorra balitz bezala aurkezten du: "Niri gertatu zaidan bezala beste hainbati gerta dakioke, eta ezin dugu onartu hori horrela izan behar denik."
  • Modalizatzaileak: Ziurtasuna adierazteko edota besteen arrazoiak zalantzan jarri eta indargabetzeko, modalizatzaileek eragin handia dute: "Inork ezin du ukatu tabakoa eta alkohola drogak direnik. Garbi dago!"