Ahozko literatura: atsotitzak, baladak eta bertsopaperak

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Lengua y literatura

Escrito el en euskera con un tamaño de 4,1 KB

Ahozko literatura

Ahozko literatura ahoz jarduten den funtzio poetikoa da.

Ahozko transmisioa mendeetan zehar oroimenaren gainean oinarritu izan den literatura mota dela esan ohi da. Geroago, etnografo eta hizkuntza-ikertzaileek liburutegietan jaso eta dokumentu bihurtu dituzte. Ahoz eta belarriz jasotzen diren bertso, ipuin eta kantek hainbat arrisku dituzte:

  • Guztiz galdu daiteke.
  • Zatika ahaztu edo aldatu daiteke, bai euskalkien ondorioz, bai bestelako faktoreen eraginez.

Ahozko literaturan bost modalitate bereizten dira:

Atsotitzak

Atsotitzak herritarren pentsatzeko modua eta filosofia biltzen duten esaldiak dira; herri filosofiaren bilduma direla esan daiteke. Sarritan metaforak eta umorea dituzte. Edukian, trinko eta aberatsak izaten dira. Heriotza, lana, eguraldia, amodioa eta beste hainbat gai buruz hitz egiten dute errefrauak.

Formari dagokionez

  • Laburrak izaten dira. Ideiak modu labur eta trinkoan azaltzen direnez, errazago memorizatzen dira.
  • Baliabide literarioak:
  • Errimak (rima): Abenduko eguna, argitu orduko iluna. Kalean uso, etxean otso.
  • Korrelazioa: Nolako bizitza, halako heriotza. Zenbat buru, hainbat aburu.
  • Kontrastea: Zozoak beleari ipurbeltz. Ardo gozoak, lau begi eta oinik ez.

Baladak

Baladak gertaera bat kontatzen duten poema narratiboak dira. Gehienetan ahoz aho transmititu izan dira. Metrikaz eta errimaz kantatu izan dira; horrek memorian gordetzen lagundu du. Herri literaturaren lan hauek oroimena izan dute euskarri. Balada batek bertsio bat baino gehiago izan ditzake. Hori normaltzat hartu izan da ahozko tradizioan; izan ere, oroimen hutsuneak gertatu izan dira eta eskualde bakoitzak bere euskalkien ezaugarriak ditu.

Edukiari eta historiari begiratuz, honako sailkapen hau egin daiteke:

  • Eredu epikoa: XV. eta XVI. mendeetakoak dira. Erdi Aroko bukaerako gudu-gertakariak deskribatzen dituzte. Garaiko egunkari edo kronika moduan har daitezke. Adibidez: Berreterretsen kantoria eta Beotibarko gudua.
  • Eredu epiko-lirikoa: XVII. mendekoak dira; ezagutzen diren gehienak dira. Kontaera dute oinarri eta elkarrizketaz baliatzen dira. Dramadunak dira, hau da, gertaera latzak eta gogorrak kontatzen dituzte. Adibidez: Arrosa xuriaren azpian eta Brodatzen ari nintzen.
  • Eredu lirikoa: XVIII. mendekoak dira gehienak. Balada gehienak multzo honetakoak dira, askoren ustez. Elkarrizketak erabiltzen dira eta amodioa da ia gai bakarra. Gehienak Ipar Euskal Herrian bildu dira. Adibidez: Txori erresiñula eta Maitia nun zira.

Kopla zaharrak

Kopla zaharrak ohitura edo usadio zaharretan oinarrituak eta zeregin sozialen duten bertsoak dira. Zaharrak izateaz gain, gaurkotasuna dute; urtero kantatzen dira zenbait jaietan, adibidez: Eguberri eta urteberri egunean, Santa Agedan, Inauterietan, San Joanetan, etab. Baladetan bezala, naturaren aipamenak ugariak dira. Gaur egun kopla asko eta asko buruz kantatzen dira, baina lehen aldiz kantatu zirenean, bat-batean sortuak izan ziren. Neurriei dagokienez, handia eta txikia bereizten dira.

Bertsopaperak

Bertsopaperak paperean idatzitako bertsoak dira. Bertsoak paperarekin lotzean, iraupenerako bermea eskaintzen zaio. Bertsopaper asko, bat-bateko bertsolari ospetsuei egindako enkarguak ziren. Hasiera batean, bertsopaperak zabaltzen ziren pilotarien balentrien berri emateko. Geroago, bertso hauek denetako gaiak jorratu dituzte: eguraldiak eragindako kalteak, erlijioa, maitasuna, gerra, etab. Garaiko egunkariaren rola izan zuten; Euskal Herriaren kronika eta historia bertsopaperetan kontserbatzen direla esan daiteke. Adibidez: Pasaiako herritik dator notizia.