Zibilizazio Prezientifikoak: Medikuntzaren Historia
Zibilizazio Prezientifikoak eta Medikuntzaren Jatorria
Herri primitiboetan medikuntzaren interpretazio magikoak egiten dira. Munduaren behaketa egiten zen; adibidez, animaliak behatuz ikasi zuten nondik edan ura edo zein belar zen komenigarria jatea eta zein ez. Txamanek sendatzen zituzten gaitzak ura, belarrak eta antzekoak erabiliz. Zauri handien kasuan (irekiak), bi zatiak hurbiltzen zituzten txindurrien masailak edo mandibulak (hortzak) erabiliz; fraktura bat bazegoen, deskantsua gomendatzen zen.
Hala ere, gizartea garatzen joaten da eta kultura desberdinak sortzen dira, askoz konplexuagoak: zibilizazio prezientifikoak.
Herri primitiboak ibai-ertzetara bizitzera joaten dira (Nilo, Tigris eta Eufrates, esaterako), ura ezinbestekoa baita elikagaiak lortzeko. Pixkanaka, arrazak nahasten dira eta kultura ezberdinei irekitzen zaie atea. Kultura hauek mundu prezientifikoan kokatu behar ditugu:
- Azteken, Inken eta Maien kultura: Europarrek suntsitu zituzten, beraien kultura inposatu baitzieten. Kultura hauen hondarrak gaur egunera arte iritsi zaizkigu, baina Europak beti ikusi izan ditu atzeratuak balira bezala.
- Asiria eta Babilonia: Hauek ere asko garatu ziren.
- Antzinako Israel: Kultura aberatsa izan zen, egun mundu ortodoxoan mantentzen dena (liburu zaharrak).
- Egipto faraonikoa: Ia zientifikoa izan zena eta jakin-min handia sortu duena historialarien artean. Medikuntzan maila bikaina lortu zuten eta horrek eragin handia izan zuen antzinako Grezian.
Antzinako Israelen eta Egiptoren arteko harremanak sortu ziren eta bi kulturak aberastu egin ziren. Kultura asiatikoek, berriz, gaur egunera arte iraun dute. Txina eta Indiako zenbait antzinako medikuntza-teknika gaur egun ere erabiltzen dira, nahiz eta medikuntza europarrak ez dituen denak onartzen (akupuntura, yoga...).
Asiria eta Babilonia: Gaixotasuna eta Bekatua
Orain arte mundu magiko baten barruan ulertu da gaixotasuna. Kultura hauek kontzeptu erlijioso edo teurgikoa sartuko dute: mundua Jainkoak sortutakoa da eta Jainko bat baino gehiago dago. Haientzat, Mardukek (gizonezkoa) eta Tiamatek (emakumezkoa) mundua sortu zuten eta hau jainkoz beteta dago.
Gaixotasuna bekatua da mundu honetan (jainkoen aginduak ez betetzeagatik) eta zigor bezala ulertzen da. Jainkoak zuzenean bidali dezake zigorra, edo babesa kendu diezazuke eta, ondorioz, gaixotu zaitezke.
Kultura hauek ezagutzeko iturriak
- Idatziak: Lehendabiziko idazkerak, hieroglifikoen antzekoak, agertzen dira (kuneiformea). Buztinezko edo brontzezko tauletan idazten zuten, eta batzuek gaixotasunari buruz hitz egiten dute.
- Museoak: Berlinen eta Londresen kultura hau azaltzen duten gelak daude.
- Campbell (1932): Liburu bat idatzi zuen kultura hauek gaixotasuna nola interpretatzen zuten adierazteko.
- Hammurabi kodea: Louvren dagoen harri handi bat da. Goialdean marrazki bat du (jainkoa eserita eta lege batzuk Hammurabiri diktatzen) eta behealdean testua (zuzenbidearen arauak). Gaixotasunei buruzko informazioa eta kirurgiari buruzko legislazioa agertzen da. Oso gogorra da: katarata kentzean pazienteak ikusmena galtzen bazuen, kirurgilaria ere itsu geratu behar zen.
Diagnostikoa eta Praktika Medikoak
Hepatoskopiak sortu zituzten. Garrantzi handia ematen zioten gibelari; brontzezko gibelak egiten zituzten zeinu marraztuekin eta gaixoaren ondoan jartzen zituzten diagnostikoa egiteko. Batzuetan animaliak hiltzen zituzten (ardia) eta gibela ateratzen zioten. Gero odola atera eta gaixoari botatzen zioten. Ez zuten, inolaz ere, gaixoa irekitzen.
Kultura hauetan medikuak apaizak ziren, gaixotasuna bekatuarekin lotzen baitzen. Garrantzi handia eman zitzaion galdeketari: apaizak galdetzen zion pazienteari ea bekatua egin zuen. Galdeketa zorrotzak ziren eta ia beti aurkitzen zen bekaturen bat. Hala ere, Bidezko Gaixoa izeneko poema bat dago, non bekaturik egin ez duen pertsona bat gaixotzen den (Joben liburuko kasuaren antzekoa).
Gaitzak sendatzeko bideak:
- Kirurgia: Praktika txikiak, begietako lausoak sendatzea, frakturak, kisteak...
- Landareak: Sendabelarrekin egindako ukenduak.
- Astronomia: Estazio-aldaketek gorputzean duten eragina aztertzen hasi ziren.
Antzinako Israel: Osasuna eta Lege Erlijiosoak
Israel Egiptoren menpe egon zen eta jainko bakar batean sinesten zuten: Yahveh. Kultura honek ere gaixotasunaren kontzeptu teurgikoa garatu zuen. Yahveh eta Israelen artean amodiozko erlazioa dago; osasuna eta gaixotasuna Yahvehengandik datoz.
Gizarte honetan ere gaixotasuna bekatua da. Joben liburua esanguratsua da: Job pertsona ona izan arren, gaixotu egiten da. Hau Jainkoak bidalitako proba gisa ulertzen da, eta sufrimenduaren ondorioa sari handi bat izango dela diote.
Lepra bereziki Jainkoak bidalitako zigor moduan interpretatu zen. Gaixotasun kutsakorra zenez, beldur handia zioten eta lepradunak etxetik eta herrialdetik botatzen zituzten. Apaizak (medikuak) ziurtagiri bat egiten zuen lepradunak alde egiteko.
Osasun-arauak eta Higienea
Juduek osasuna mantentzeko arau garrantzitsuak sortu zituzten beren legeetan:
- Elikadura: Txerri-haragia debekatua (gaixotasunak saihesteko) eta baraualdiak egitea.
- Atsedena: Astean egun bat atseden hartzea (Sabat).
- Higienea: Oinak garbitzea, tresneria garbi mantentzea eta janaria ondo egostea.
- Zirkuntzisioa: Fimosia saihesteko beharrezkoa jaiotzean.
- Sexu-harremanak: Debekuak hilekoaren eta obulazioaren arabera.
Egipto: Papiroak eta Medikuntza Espezializatua
Egiptoko zibilizazioak gauza arrazional asko ditu, baina oraindik gaixotasunaren kontzeptu teurgikoaren arrastoak mantentzen ditu. Nilo ibaia eta Eguzkia dira haien kulturaren zutabeak.
Kultura ezagutzeko iturriak
- Aztarna arkeologikoak: Marrazkiak, kirurgia-materialak eta piramideak.
- Papiro medikoak:
- Ebers papiroa: Medikuntza klinikoari buruzko entziklopedia.
- Edwin Smith papiroa: Kirurgiari buruzkoa; kirurgialari trebeak zirela erakusten du.
- Kahun papiroa: Ginekologia eta obstetrizia aztertzen ditu.
Enbalsamatzea (momifikazioa) asko aztertu da. Teknika zehatzak zituzten gorputza beste bizitzarako prestatzeko (burmuina sudurretik ateratzea, olioak erabiltzea...), baina honek ez zuen zentzu anatomiko edo zientifikorik, erlijiosoa baizik.
Mediku espezialistak zituzten: okulistak (trakoma eta kataratak tratatzeko), proktologoak eta albaitariak. Imhotep izan zen mediku famatuena, geroago mitifikatu zutena. Higiene publikoari eta pribatuari (laxanteak, elikagaien kontrola) garrantzi handia ematen zioten.
Kolon Aurreko Medikuntza: Azteka, Inka eta Maiak
Iturri nagusiak espainiarrek idatzitakoak dira (El Códice Badiano, adibidez). Kultura teokratikoak ziren, jainkoei sakrifizioak egiten zizkietenak. Europarrek gaixotasun berriak (epidemiak) eraman zituzten eta bertakoak ez zeuden inmunizatuta. Trukean, sifilisa Amerikatik etorri zela uste da (teoria amerikarra). Maiek astrologia eta sendabelarrak erabiltzen zituzten.
India: Oreka eta Ayurveda
Bi etapa bereizten dira: belikoa eta bramanikoa. Haientzat, gorputza bost elementu oinarrizkoez osatuta dago (odola, bilisa, hezurra, linfa...). Osasuna elementu hauen ordenan eta orekan datza.
Indiako medikuntzatik yoga, meditazioa eta sendabelarrak (Rauwolfia landarea, adibidez) iritsi zaizkigu. Kirurgian ere aurreratuak ziren, errinoplastia (sudurraren berreraikitzea) praktikatzen baitzuten.
Txina: Taoa eta Akupuntura
Txinako medikuntza Nei Ching entziklopedian biltzen da. Mundua TAO indarrak gobernatzen du, bi indar kontrakoz osatua: Yin (iluna, emakumezkoa) eta Yang (argia, gizona). Indar hauek kanaletatik doaz gorputzean; kanal bat buxatzen denean, gaixotasuna dator.
Aurrerapen handiak egin zituzten: akupuntura, masajeak, anestesia eta bariazio-teknikak (inmunizazio goiztiarra) biruelaren aurka. Gaur egun, haien teknikek eta gure medikuntza modernoak elkar raberasten jarraitzen dute.