Rafaelen 'Atenaseko Eskola': Analisi eta Errenazimentua

Arte y Humanidades8,02 KB

Irudiaren Aurkezpena eta Kokapena

Irudi honetan, hormaren beste aldetik beste gelak irekitzen direla dirudi, eta espazio irudikatu horretan hainbat figura ikusten ditugu orden konplexu batean. Mundu klasikoan kokatzen gaitu.

Azterketa Formalean Oinarritua

Teknika: Freskoa

Teknikari dagokionez, freskoa dugu; hau da, hortarako berriki antolatuta dagoen horma batean uretan disolbatutako pigmentoak jartzen dira aldez aurretik egindako marrazkiaren gainean. Egunero pintatzen da antolatutako horma zatia; pigmentoak freskoan eman behar dira eta, bestela, hormak ez ditu xurgatzen eta denborak edo hezetasunak desagertuko litzateke. Teknika, beraz, azkarra izan behar da.

  • Ez dira pintzelkadak antzematen, egitura horregatik homogenea da.
  • Oso ongi bukatua dago, enpastorik gabea, bukaera leuna.

Marrazkia eta Kolorea

Marrazkia oso garrantzitsua da eta ezin hobea dugu. Koloreak ere garrantzi handia du, bereziki, irudiaren beheko erdian, goialdean harriaren kolore beixa nagusitzen delarik. Orokorrean, kolore beroak dira nagusi, kolore hotzek kontrapuntoak jartzen dituzten bitartean. Guzti horregatik esan dezakegu oreka dagoela marrazkiaren eta kolorearen artean, baina baten bat aurrean jarri beharrean, marrazkia izango litzateke nagusi. Perspektiba oso ondo erabilita dago sakondura antzemateko.

Argia eta Bolumena

Argia modu oso natural batez irudikatua dago, eskuinaldetik eta goitik ere datorrela dirudi, baina fokalizatutako argia izan gabe. Argia, bestalde, erabili izan zuen bolumena irudikatzeko: itzalaren bitartez, gorputzek bolumen eskultorikoa lortzen dute eta eraikin bera oso markatutako perfilak eta bolumenak ditu, baita sakondura ere.

Konposizioa eta Gaia

Konposizioa ere oso lortua dago eta monumentala eta harmoniotsua dela begi bistan dago: hormak eta pertsonaiak bi aldeetan pilatzen dira eta erdian espazioa ia hutsik utzi zuen –eskailera, atzeko arkua eta goiko kupula hutsik daude–; bertan, Greziako Filosofian garrantzia gehien duten bi eskolen sortzaile jarri zituen: Platon (idealismoa) eta Aristoteles (arrazionalismoa).

Beste filosofoak lau taldetan ordenatu zituen: oinarrian bi piramide eta Platon eta Aristotelesen alboetan beste bi talde lerrokatuak.

Pertsonaiak eta Keinuak

Fresko figuratibo eta idealista apur bat da, arketipoak irudikatzen ditu. Pertsonaiek mantentzen duten jarrerak eta keinuak ere oso esanguratsuak dira: aipagarrienak Platon goruntz apuntatzen du hatza eta Aristotelesek, berriz, lurrera.

Fitxa Teknikoa

Fitxa teknikoa
IzenaAtenaseko Eskola
PintoreaRafael Sanzio
Urteak1509
LekuaIzenpearen gela (Stanza della Segnatura)
BezeroaAita Santua, Julio IIak agindu zion bere geletarako.
GaiaFilosofia edo ezagutza ez erlijiosoa sinbolizatzen du, horretarako, Greziako filosofo nagusiak –eskola buruak– irudikatu zituen.
EstiloaErrenazimentua, Quinquecento (XVI. mendea)

Iruzkina eta Testuingurua

Errenazimentua Italian

Errenazimentua Italian urrezko garaia izan zen Arteetarako, baina, ezin da gauza bera esan Politika mailan. Betidanik Italia izandakoa zen puzzle handi bat bezala eta bertan Europako interes politiko guztiek jolasten zuten: Inperioa, Aita Santua bera ere, Frantziako erregea eta Espainiako erregea (XV. mendea baino lehen Aragoiko Koroako erregea). Oreka politikoa beti zaila izan bazen ere, XVI. mendean zailago egingo dira Erreforma sortu eta aurreko gerra guztiei erlijio gerra orokorra gehitzen zaionean. Gerra eta istilu horiek orokortu ziren 1525tik aurrera, beraz, XVI. Mendearen lehengo laurdenean antz ematen badira ere garai berriak, oraindik ez dira txikizioak eta krisi larriak benetan hasi. Urte haietan eman ziren Errenazimentuaren artista eta obra nagusiak: Leonardo, Miguel Angel eta gazteena, Rafael.

Rafael Sanzio (1483-1520)

Rafael Sanzio (1483an jaioa) Urbino korteko pintore baten semea zen eta horregatik oso gazte zelarik hasi zen bertan pintatzen eta geroago Perugino eta Pinturicchiorekin osatu zuen bere prestaketa. Perugan egin zuen bere lehenengo maisu-lana 18 urte zuenean: Ama Virginaren eskontza. 1504-08 urteetan Florentzian bizi zen, Leonardo eta Miguel Angel bertan lanean ziren urteetan. Handik Erromara deitua izan zen, Julio IIak deituta hain zuzen ere, eta han burutuko du bere obra nagusia, oso gazte hil zelako 37 urte zuenean (1520an).

Rafael beti kontsideratu dugu Errenazimentuko klasizismoaren maisu handienetariko bat; berak lortu zuen goiko maila marrazkia, perspektiba, kolorea eta konposizioan. Horretaz aparte, berezko estiloa zuen edertasun idealizatua irudikatzeko oso modu orekatu edo sosegatu batez eta hori izango da bere eragina nagusia.

Klasizismoa Pinturan

Errenazimendu garaietan artistek garai klasikoak berriz piztea nahi zituzten (handikan izen hori). Hori errezago zuten, ordea, arkitektura eta eskulturan; izan ere, hainbat eraikin klasikoak –Panteon, Coliseo...– zutik zirauten eta eskultura klasikoak ere nonahi gordeta zeuden. Pintura klasikoa, berriz, ez zen ezaguna eta zeramiketan ikusten zena ez zen garaiko gusto errealistan egokitzen. Errenazimendua Pinturan ez du esan nahi pintatzea Erroman bezala, baizik eta, klasizismoak bultzatzen zituen baloreak eta arrazionalismoa irudikatu, pertsonai mitologikoekin batera.

Atenaseko Eskola: Ezagutza Arrazionala

Rafael 1508an Erromara agindu honekin joan zenean, bertan Sixtinaren gangan Miguel Angel lanean zegoen ere bai. Rafaelek 3 geletatik (stanze) lehenengoa, Stanza della Segnatura, 1508-1511 urteen artean egin zuen, bere artean heldutasuna ailegatua zuen urteetan.

Hemen aztergai dugun freskoa, Atenaseko Eskola, Sakramentuaren eztabaidaren aurrez aurre zihoan eta bertan ezagutza erlijiosoa sinbolizatu nahi izan zuen moduan, Atenaseko Eskolan ezagutza arrazionala, hau da, Filosofia sinbolizatu zuen. Horretarako, Idealismo –Platon– eta Errealismoaren –Aristoteles– eskola-buru errepresentatu zituen eta haien azpian eta ohorezko korridorea hutsiz, beste eskola sortzaile guztiak (ikus. Pertsonaiak identifikatuak ondoko orrian).

Errenazimentuko Ezaugarriak Obra Honetan

Errenazimentuko ezaugarri guztiak oso ongi identifika ditzakegu obra honetan:

  1. Espazio sinesgarri batean kokatu ditu figurak perspektiba lineala erabiliz.
  2. Aierezko perspektiba ere erabiltzen du.
  3. Konposizioa oso modu geometrikoan egina dago: piramide handi batean beste piramide txikiago batzuk kokatu zituen, horri esker, eszena harmoniotsua suertatzen da.
  4. Sakondura irudikapena lortua dago pertsonaien jarrera eta eskortzoei esker ere bai.
  5. Argiaren bidez hirugarren dimentsioa gorputzetan irudikatzen du (itzalak, argiak).
  6. Lortzen du edertasun ereduzkoa adieraztea, betikoa, orekatua, klasikoa.

Aurrekariak eta Eragina

Rafaelen aurrekariak Quatrocentoko fresko guztiak aipa ditzakegu, baina obra honetan gehien antzematen diren eraginak: Peruginorenak dira. Esan beharra dago Leonardoren eta Miguel Angelen eraginak oso ondo bereganatuak zituela urte haietan.

Bere eragina oso zabala izan da Arte Historian, izan ere, berak sortutako eskola handia zen bera bizirik zegoen urteetan eta produkzio handia egin zuen bera hil eta gero ere. Gainera, etenik gabe, bere eragina mantendu egin da mendeetan zehar eta XVIII-XIX. mendeetan berpiztu zen Rafaelekiko atxikimendua eta jarraipena pintore neoklasikoak eta akademikoen artean: David, Mengs eta Ingres dira bere jarraitzaile zuzenenak.

Descargar

PDF Word HTML