Politika Makroekonomikoa eta Zerga-Sistema: Gako Nagusiak

Economía5,35 KB

Inflazioaren eragina zordunengan eta Estatuarengan

Zordunak: Zorraren balioa kopuru finko bat izan ohi da. Diruaren balioak behera egiten badu, zorrarenak ere behera egingo du, eta errazagoa izango da zorra ordaintzeko adostutako kopurua lortzea.

Estatua: Administrazio publikoak beti ordaintzen du kredituan. Hau da, epe jakin batean ordaintzeko konpromisoa hartzen du. Zorra kitatzen ez duen artean, zor duen dirua balioa galtzen ari da, inflazioa dela eta.

Atzerriko produktuak inportatzen dituzten enpresak

Herrialde batean beste batean baino gehiago egiten badute gora prezioek (inflazio diferentziala), abantailak izango dituzte atzerriko produktuek: bertako produktuen funtzio eta ezaugarri berberak dituen produktu bat eskuratu ahal izango da, baina merkeagoa.

Politika makroekonomiko motak

Politika makroekonomikoa (koiunturala) Estatuak ekonomian esku hartzeko baliatzen dituen moduak dira, ekoizpenarekin, enpleguarekin eta prezioekin lotutako ekonomia-helburuak lortzeko, ekonomia-aldagaietan eraginez; zergetan, gastu publikoan eta diruaren prezioan eraginez, adibidez.

  • Zerga-politika: Estatuak ekonomia-jarduera areagotzeko edo murrizteko xedez abian jarritako ekintzen multzoa da. Horretarako, zerga-bilketa eta gastu publikoaren aplikazioa baliatzen ditu.
  • Moneta-politika: Herrialdeko banku zentralak hartzen dituen neurrien multzoa da, eta prezioen egonkortasunari eusteko hartzen dira, batez ere. Horretarako, zenbait aldagai baliatzen dira; esaterako, zirkulazioan dagoen diru-kantitatea eta diruaren prezioa. Euroa monetatzat hartu duten Europako herrialdeetan, Europako Banku Zentralari (EBZ) dagozkio moneta-politikaren arloko funtzioak, 1999ko urtarrilaren 1etik.
  • Kanpo-politika: Estatuak beste herrialde edo ekonomia batzuekiko transakzioak kontrolatzeko egiten dituen esku-hartzeen multzoa da; adibidez, herrialdeko monetak beste herrialde batzuetako monetekiko duen truke-tasan eragiteko esku-hartzeak, edota inportazioak murrizteko nahiz esportazioak areagotzeko neurriak. Euroa ezarri zenetik, Bruselan hartzen dira nazioarteko merkataritzari buruzko erabakiak.
  • Errenta-politika: Prezioen egonkortasuna lortzea du xede, inflazioa kontrolatzeko. Prezioak neurriz gain igotzen direnean, produktu ezegonkorrenen prezioak kontrolatzen saiatzen da Estatua.

Zerga-politika motak eta tresnak

Ahalmeneko zerga-politikak

Gobernuek diru-sarreretan edo gastuetan nahita eragin nahi dutenean aplikatzen dituzten politikak dira. Haien helburua da ekonomia-jarduerari eustea. Hauek dira nagusiak:

  • Obra publikoetarako programak: Ekoizpen- eta enplegu-mailak handitzea eta azpiegiturak hobetzea dute helburu.
  • Enplegu- eta prestakuntza-planak: Langileak azkar laneratzeko trebakuntza eta lantegi-eskolak sustatzen dituzte.
  • Transferentzia-programak: Egoera okerrenean dauden taldeei laguntzen zaie (langabezia-prestazioak eta erretiro-pentsioak).
  • Zerga-tasen aldaketa: Zerga jakin batzuen tasak aldatzen direnean, familiek eta enpresek kontsumitzeko edo inbertitzeko duten gaitasuna aldatzen da.

Egonkortzaile automatikoak

Herrialde jakin bateko ekoizpen-mailarekin bat areagotzen edo murrizten diren diru-sarrera edo gastu publikoak dira. Egonkortzaile automatikoek balazta gisa jokatuko lukete beherako bidean, eta zama gisa, gorako bidean:

  • Zerga proportzionalak: Zerga-tasa ez da aldatzen errenta-mailaren arabera.
  • Zerga gehikorrak: Zerga-tasa errenta-maila handitu ahala igotzen da, mailaka.

Zerga-politika hedatzailea eta murriztailea

Ondasunen eta zerbitzuen eskari osoa edo agregatua handitzeko zergak jaisten direnean edo gastu publikoa handitzen denean, zerga-politika hedatzailea dela esaten da. Aitzitik, helburua aurkakoa denean eta zergak igotzen direnean edo gastu publikoa murrizten denean, zerga-politika murriztailea dela esaten da.

Diru-sarrera publikoak: Kotizazioak eta tributuak

  • Gizarte-kotizazioak: Gizarte Segurantzan afiliatutako langileek egiten dituzten ekarpenak dira, gaixotasun, ezgaitasun edo erretiro kasuetan laguntza izateko.
  • Tributuak: Diru-sarrera publikoen iturri nagusia dira. Bi mota daude:
    • Zergak: Administrazio publikoek behartuta egin beharreko ordainketak dira, ordainetan zuzeneko onurarik jaso gabe.
    • Tasak: Zerbitzu publiko bat erabiltzeagatik edo jarduera bat egiteagatik ordaintzen direnak.

Gastu publikoaren sailkapena

Gastu publikoa administrazio publikoak egiten dituen gastuen multzoa da, honela sailka daitezke:

  • Gastu arruntak: Gizarteari zerbitzu publikoak ematea helburu dutenak (osasungintza, hezkuntza, funtzionarioen soldatak).
  • Inbertsio-gastuak: Herrialdeko ekoizpen-ahalmenari eustea edo hura handitzea helburu dutenak (errepideak, ospitaleak, aireportuak).
  • Transferentziak eta diru-laguntzak: Behar handienak dituzten pertsonei (pentsioak, bekak) edo enpresei (lanpostuak sortzeko laguntzak) ematen zaizkien baliabideak.

Descargar

PDF Word HTML