Pentsamendu kritikoa: askatasuna post-egiaren garaian

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en euskera con un tamaño de 2,57 KB

Postmodernitatean, egia absolutuak baztertu eta perspektiben aniztasuna aldarrikatzen da. Baina, hainbeste ikuspegi eta informazio-iturriren artean, gai al gara benetan pentsamendu aske eta kritiko bat garatzeko? Sare sozialek eta komunikabideek gure iritzia eraikitzen dute ala guk geure buruak eraikitzen ditugu? Hannah Arendt-ek totalitarismoaren erroak aztertu zituen, eta bere ustez, pentsamendu kritikoaren galera gizartearen manipulagarritasunaren arrazoi nagusia da. Gaur egungo munduan, desinformazioaren eta post-egia garai honetan, funtsezkoa da kritika egiteko gaitasuna. Tesia garbi dago: pentsamendu kritikoa ezinbestekoa da, ez bakarrik informazio faltsuak bereizteko, baita gure askatasuna eta autonomia bermatzeko ere.

Argudioak alde: autonomiaren bidean

Kant-ek “Sapere aude” esan zuen: ausartu zaitez pentsatzera. Pentsamendu kritikoa ez da luxu bat, baizik eta subjektu autonomo izateko baldintza. Arendt-en arabera, totalitarismoak pentsamendu kritikoa ezabatzen du, gizabanakoak masa pasibo bihurtzeko. Gaur egun, desinformazioa arma politiko bilakatu da, eta fake news etengabe agertzen dira. Egiaren eta gezurraren arteko muga lausotu egin da, eta horregatik, funtsezkoa da pentsamendu kritikoa erabiltzea gezur instituzionalizatuak eta propaganda identifikatzeko. Platonen haitzuloaren mitoa ere aplikagarria da: argira irtetea, egia bilatzea, ez da erosoa, baina beharrezkoa da.

Argudioak kontra: ziurgabetasunaren erronka

Hala ere, egia absoluturik ez badago, ez al da berdin edozein interpretazio onartzea? San Agustinek egia Jainkoaren argian bilatzen zuen, eta Kantek ere iradoki zuen pentsamendu kritikoa guztientzat ez dela egokia, adituen gidaritza beharrezkoa baita. Gaur egungo munduan, askok nahiago dute beren burua ziurtasun faltsuetan kokatu, haien aurreiritziei eusten dieten iturriak kontsumituz. Baudrillard-ek esaten zuen bezala, gaur egun errealitatea eta fikzioa nahasten dira, eta politika, marketina eta hedabideak simulakro bilakatu dira. Egia-balioak indarra galdu du gezurrarekin alderatuta, eta horrek pentsamendu kritikoa zaildu egiten du.

Ondorioa: iritzi propioa eraikitzen

Azken batean, pentsamendu kritikoa beharrezkoa da, baina ez da erraza. Manipulazioak, desinformazioak eta masa-pentsamenduak zaildu egiten dute bere praktika. Hala ere, Arendt-en ikasgaia argia da: iritzi propioa eraiki ezean, beste norbaitek eraikiko du gure ordez. Askatasuna ez datza edozein informazio sinestean, baizik eta informazioa galbahetik pasatzen jakitean. Sapere aude.