Mantenugaiak: Funtzioak, Motak eta Elikadura Iturriak

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Biología

Escrito el en euskera con un tamaño de 4,84 KB

Mantenugaiak: Kantitatearen araberako sailkapena

Organismoak behar dituen mantenugaiak bi multzo nagusitan sailka daitezke, behar den kantitatearen arabera:

  • Mikromantenugaiak

    Organismoak oso kantitate txikian behar dituen mantenugaiak dira, hala nola, bitaminak eta mineralak.

  • Makromantenugaiak

    Organismoak kantitate handiagoan behar dituen mantenugaiak dira; adibidez, proteinak, lipidoak, karbohidratoak eta ura.

Mantenugai motak: Osaeraren araberako sailkapena

Mantenugaiak beren osaera kimikoaren arabera ere sailka daitezke:

Mantenugai ez-organikoak

  • Ura

    Gizakiaren osagai nagusia da, gorputzeko pisuaren % 55 eta % 70 artean hartzen baitu. Mantenugai esentziala da; beraz, zuzenean edo elikagaien bidez hartu behar da. Askotariko funtzioak ditu: mantenugaiak disolbatzen ditu, substantziak garraiatzen ditu eta zelulen erreakzio kimikoak errazten ditu; funtzio estrukturalak betetzen ditu; gorputzeko tenperatura mantentzen du, etab.

  • Mineralak

    Hauek dira garrantzitsuenak: kaltzioa, fosforoa, burdina, iodoa, fluorra, sodioa, kloroa, potasioa, sufrea, magnesioa, manganesoa, kobrea, kobaltoa, zinka, kromoa, molibdenoa eta selenioa. Funtzio erregulatzailea dute; adibidez, kaltzioak muskuluen uzkurtzea erregulatzen du, eta burdinak, ostera, oxigenoaren garraioa zeluletara. Gainera, funtzio estrukturala ere badute; adibidez, fosforoak eta hezurretako kaltzioak.

Mantenugai organikoak

  • Gluzidoak edo karbohidratoak

    Energia ematea da haien funtzio nagusia. Azukreak dira gluzido edo karbohidrato bakunenak, hala nola glukosa, fruktosa eta sakarosa. Konplexuagoak ere badaude, polisakaridoak ere deituak; ehunka azukre bakunez osatuta daude, eta adarkatu daitezkeen kate luzeak osatzen dituzte. Polisakaridoak bi motatakoak izan daitezke:

    • Polisakarido digerigarriak (hala nola almidoi digerigarria eta glukogenoa)
    • Polisakarido ez-digerigarriak (adibidez, almidoi ez-digerigarria, zelulosak, hemizelulosak eta pektinak). Polisakarido ez-digerigarrien kasuan, zati bat baino ezin da erabili, eta elikagai-zuntza eratzen dute.
  • Elikagai-zuntza

    Tradizioaren arabera, karbohidratoen taldean sartu izan da zuntza (zuntzaren konposatuen % 90 polisakaridoak dira). Hala ere, zuntza diren beste konposatu batzuek (ligninak, esaterako) ez dute halako egitura kimikorik. Zuntza ezinbestekoa da digestio-funtzioak erregulatzeko; nagusiki, heste-igarotzea eta mantenugai-xurgatzea erregulatzen ditu.

  • Lipidoak

    Askotariko osaera kimikoak dituzte, eta hainbat funtzio betetzen dituzte. Adibidez, gantzek energia ematen dute; kolesterolak edo fosfolipidoek mintz zelularra eratzen dute; beste lipido batzuek funtzio erregulatzailea dute, esaterako, sexu-hormonak osatzen dituzten lipidoek.

  • Proteinak

    Aminoazido izeneko molekula bakunez osatutako makromolekulak dira. Funtzio estrukturala dute, gorputzaren bigarren osagai ugariena baitira. Bestelako funtzioak ere badituzte: entzimek, adibidez, funtzio erregulatzailea dute eta erreakzio kimikoak azkartzen dituzte; antigorputzek, adibidez, babes-funtzioa dute; eta hemoglobinak funtzio garraiatzailea du.

  • Bitaminak

    Substantzia hauek askotariko osaerak dituzte. Nahiz eta kantitate txikian behar ditugun, ezinbestekoak dira organismoak ongi funtziona dezan. Bitamina hidrodisolbagarriak (C eta B taldeetako bitaminak) eta bitamina liposolugarriak (A, D, E eta K) daude.

Mantenugaien elikadura-iturriak

Beste elikagai batzuen aldean mantenugai jakin baten kantitate handiagoa duten elikagaiak dira mantenugaien elikadura-iturriak.

Adibidez, patatak karbohidrato ugariko iturria dira; oliba-olioa lipido ugariko iturria da; arraina eta haragia proteina ugariko iturriak dira; frutak eta barazkiak, bitamina ugarikoak (ikus beheko taula). Mantenugaiez gain, elikagaiek substantzia ez-nutritiboak dituzte; substantzia horiei ez-mantenugai deritze. Aurrerago ikusiko dugun moduan, substantzia horietako batzuk, noiz edo noiz, kaltegarriak izan daitezke gure organismoarentzat.