Kordobako Meskita: Arte Hispano-Musulmanaren Adierazgarri

Enviado por Chuletator online y clasificado en Arte y Humanidades

Escrito el en vasco con un tamaño de 2,37 KB

Kordobako Meskita: Historia eta Garrantzia

Kordobako Meskita (785-987) Iberiar penintsulako arte musulmanaren eraikin garrantzitsuenetako bat da. Kalifen garaian eraiki zen, omeiatarren dinastiaren mende.

Meskita baten ezaugarri nagusiak

Meskita arkitektura musulmanaren eraikinik bereizgarriena da. Han biltzen dira sinestunak ostiraleko otoitza elkarrekin egiteko; horretaz gainera, justizia egiteko eta Korana irakasteko tokia zen. Mahoma profetaren etxean inspiratuta dago, eta beti atal berak ditu:

  • Patioa: Garbiketak egiteko iturria eta dorrea edo minaretea dituena. Minaretetik, muezinak otoitz egitera dei egiten die sinestunei.
  • Otoitz-aretoa (harama): Koloma edo zutabez hornitua eta Meka hiri santurantz orientatuta.
  • Madrasa: Eskola koranikoa.

Otoitz-aretoaren arkitektura

Kordobako meskitako otoitz-aretoa, Abd ar-Rahman I.ak eraikiarazia, kiblarekiko perpendikularrean ezarritako hamaika nabe berdinez antolatua zegoen, eraikinari uniformetasun-sentsazioa emanez. Hartan, arku bikoitzeko euskarri gainjarriak nabari dira:

  • Zirkulu-erdiko arkuak goialdean.
  • Euskarrian sartutako ferra-arkuak behealdean.

Batzuek nahiz besteek dobela zuriak eta gorriak dituzte txandakatuak. Kolomek ez dute harroinik, fustea leuna da eta kapitela akanto-hostoz dekoratuta dago. Azken horien gainean, biribilki-modiloiak daude.

Dekorazioa eta materialak

Meskitak, beste eraikin hispanomusulman batzuek bezala, eraikuntza-material pobre samarrak ditu. Hala ere, barnealdean dekorazio aberatsa dago: igeltsulanak, marmolezko edo harzurizko plakak, mosaikoak, idazkera apaingarria, eta abar. Bestalde, arkitekto musulmanek eraikuntza preislamikoetatik hartutako kolomak erabiltzen zituzten; horregatik, Kordobako meskitaren euskarriak era askotakoak dira.

Estalkiak eta kupulak

Mundu musulmaneko gainerako lekuetan bezala, estalki mota bat baino gehiago erabili zen: mirhabean eta maksuran, kupulak; nabeetan, zurezko estalki arkitrabatua. Kupuletan dago Kordobako meskitaren originaltasuna. Mediterraneo arabiarreko gainerako tokietan bezala tronpak eta petxinak erabili beharrean, arku gurutzatuak erabili ziren: oinarri karratuaren aldeetatik abiatu, eta oktogono bat eratzen dute.

Entradas relacionadas: