Klima mediterraneoa
Klima ozeanikoa
Klima ozeanikoaren eragin guneak Iberiar penintsularen iparralde osoa hartzen du: Kantauri itsasoaren ertzeko eskualdeak eta Galizia, alegia.
• Prezipitazioak ugariak, erregularrak eta leunak dira. Urteko prezipitazioak, guztira, 800 mm-tik gorakoak izaten dira, eta urtean 150 egunetan baino gehiagotan egiten du euria. Urteko prezipitazioek banaketa erregularra dute, klima hau duten lurrak fronte polarreko depresioen eraginpean baitaude. Negua eta udazkena dira euri ugarieneko sasoiak, bi urtaro horietan izaten baita depresio gehien; prezipitazio urrienak, berriz, udan erregistratzen dira, Azoreetako antizikloiak iparrerantz egiten baitu urteko sasoi horretan. Prezipitazio urri horien ondorioz, urtean gehienez bi hilabete lehor izaten dira, eta horrek markatzen du, hain zuzen, klima mediterraneo kontinentaleranzko trantsizioa. Prezipitazioak modu leunean erortzen dira eta horrek erraztu egiten du euria lurrean iragaztea.
• Bi eratako tenperaturak erregistratzen dira:
kostaldean, tenperatura bitartea txikia izaten da, eta barnealdean, moderatua.
• Kostaldean, itsasoaren eragina handia denez, tenperatura-bitartea txikia izaten da (9°C-12°C bitartekoa). Udak freskoak izaten dira, sekula ez 22°Ctik gorakoak, eta neguak, berriz, moderatuak (hilabeterik hotzenean, batez beste, 6 °(-10°( bitarteko tenperaturak izaten dira).
• Barnealdean, itsasoaren eragina apalagoa denez, tenperatura-bitartea moderatua izaten da (12 °( -15 °C bit artekoa). Horren ondorioz, neguak hotzak izan daitezke (6 °C-tik beherakoak).
Klima mediterraneoa
• Klima mediterraneoaren eraginguneak Espainiaren zati handiena hartzen du: klima ozeanikoko zonatik hegoaldera dagoen Penintsulako lurraldea, Balear uharteak, Ceuta eta Melilla.
• Prezipitazioak moderatuak edo urriak dira, irregularrak eta ekaiztsuak. Urteko prezipitazioak, guztira, 800 mm-tik beherakoak izaten dira: 800 mm-tik 500 mm-ra bitartekoak badira, moderatutzat hartzen dira; eta 500 mm-tik beherakoak badira, urritzat . Prezipitazioek banaketa irregularra dute. Uda lehorra izaten da, Azareetako antizikloiak iparrerantz egiten baitu urte-sasoi horretan. Udazkena eta udaberria dira euri ugarieneko sasoiak, Atlantikotik gertueneko eskualdeetan izan ezik, horietan neguan egiten baitu euri gehien. Prezipitazioak ekaitz moduan erortzen dira oso sarritan. Horrek lurzorua higatzen du landaredirik gabeko eskualdeetan.
• Tenperaturak aldatu egiten dira latitudearen eta itsasoarekiko distantziaren arabera. Klima mediterraneoaren barruan, hiru azpiklima bereizten dira: itsasaldekoa, kontinentala eta lehorra.
Itsasaldeko klima mediterraneoa
• Itsasaldeko klima mediterraneoaren eragin guneak lau eskualde hartzen d itu: Mediterraneo aldeko kostaldea (SEa izan ezik), Atlantikoaren hegoaldeko kostaldea, Ceuta eta Melilla.
• Prezipitazioak moderatuak edo urriak izaten dira; urtean 800 mm eta 300 mm artean egiten du euria.
• Atlantikoaren hegoaldeko kostaldean, prezipitazioak ugariak izaten dira, zona horretan handiagoa baita Atlantikoko depresioen eragina (Penintsularen SWean eta Cadizeko golkoan eratutakoena, batik bat). Hortik datorkio izena aldaera klimatiko horri: klima mediterraneo subozeanikoa. Maximo nagusia neguan edo udazken-neguan izaten da.
• Mediterraneoko kostaldean, prezipitazioak urriagoak izaten dira, Atlantikoko depresioek, Penintsula eta kostalde mediterraneotik gertuko mendiak zeharkatu, eta hezetasuna galtzen baitute. Maximo nagusia udazkenean izaten da, Mediterraneoko ur beroen eta askoz arinago hozten den lehorreko lurren arteko kontrasteak eragiten dituen ekaitzen ondorioz. Europatik datozen ekialdeko aire-masek ere eragiten dituzte prezipitazioak, kostaldeko mendikateetan gora egiten dutenean; bai eta zorrotada-korrontea latitudez jaisten hasteak ere, horrek tanta hotza eta altuerako aire hotza eragiten baititu.
• Mediterraneoko giro epela dela medio, klima honek tenperatura-bitarte moderatua du (12 °C-15° /16 °C). Uda beroa izaten da (22 °C-ko edo hortik gorako tenperaturak erregistratu ohi dira), eta negua, berriz, leuna (urteko hilabete hotzenean tenperatura ez da sekula 10°C-tik jaisten).
Klima mediterraneo kontinentala
• Klima mediterraneo kontinentalaren eragin guneak Penintsularen barnealdea hartzen du, Ebro ibaiko haranaren erdialdea izan ezik.
• Prezipitazioak moderatuak edo urriak izaten dira; urtean 800 mm eta 300 mm artean egiten du euria. Barnealdean, prezipitazioen bolumena zertxobait handiagoa da Penintsularen mendebaldean.
• Penintsularen mendebaldean, prezipitazioak ugariagoak izaten dira, bertatik Atlantikoko depresio gehiago igarotzen baitira. Maximo nagusia neguan edo udazken-neguan izaten da.
• Gaztelako eta Ebro ibaiko sakonuneen erdialdean, prezipitazioak urriagoak izaten dira, eskualde horiek mendi artean baitaude. Maximoa urtaro ekinokzialetan izaten da, batez ere udaberrian, sasoi horretan neguko antizikloiak ahuldu egiten baitira. Neguko antizikloi horiek lurzoruaren hoztasunak eragiten ditu, eta bigarren mailako prezipitazio-minimoak ekarri ohi dituzte neguan.
• Itsasoaren eraginik eza dela eta, klima honek tenperatura-bitarte handia du (16 °C-tik gorakoa). Alde termikoen ondorioz, hiru azpiklima bereizten dira:
• Iparraldeko goi-lautadan, eta Guadalajarako, Terueleko eta Cuencako lur garaietan, uda freskoak (22°C-tik beherakoak) eta izotz eta laino ugariko negu hotzak (6°C-tik beherakoak, hilabeterik hotzenean) dituzte.
• Hegoaldeko goi-lautadan eta Ebro ibaiko haranaren ertzetan, udak beroak izaten dira (22 °C-koak edo hortik gorakoak), eta neguak, berriz, hotzak, baina ia izotzik gabekoak.
• Extremaduran eta Andaluziaren barnealdean, oso uda beroak dituzte, eta negu moderatuak (6 °C-10°C bitartekoak, hilabeterik hotzenean).