Inflazioa: Arrazoiak, Ondorioak eta Moneta-Politika
Inflazioaren arrazoi nagusiak
Hauek dira inflazioaren arrazoi garrantzitsuenak:
- Ekoizpen-kostuen igoera: Enpresek ekoizpen-baliabideen truke ordaintzen dutena igotzen bada, ondasun eta zerbitzuen prezioak ere igo ohi dira.
- Eskariaren handitzea: Eskaria ekonomia batek eskain dezakeena baino handiagoa bada, eskasia gertatzen da. Beraz, prezioak igotzen dira, enpresek ezin dutelako eskari guztia ase.
- Diru gehiegi zirkulazioan: Herrialde batek ekoizpenarekin bat datorrena baino diru gehiago jaulkitzen badu, jendeak badaki produktu berberak erosteko diru gehiago dagoela zirkulazioan. Ondorioz, diruaren balioa jaitsi eta prezioak igo egiten dira.
Inflazioaren ondorio nagusiak
Inflazioak bi ondorio nagusi ditu: erosteko ahalmena galtzea eta ziurgabetasuna sortzea.
Erosteko ahalmena galtzea
Inflazioak ez die guztiei berdin eragiten. Hauek dira talde kaltetuak:
- Pentsiodunak: Pentsioen eguneratzea ez da bizitzaren kostuaren igoera adinakoa izaten.
- Langileak: Soldatak ez dira beti inflazioaren erritmo berean igotzen.
- Aurreztaileak: Mailegatutakoa itzultzen dietenean, ondasun gutxiago kontsumitu ditzakete diru horrekin.
- Esportatzaileak: Produktu nazionalak garestiagoak badira, zailtasun gehiago izango dituzte kanpoan saltzeko.
Aldiz, hauek dira onuradunak:
- Administrazio publikoak: Administrazioak kredituekin funtzionatzen duenez, inflazioarekin diruaren balioa gutxitu egiten da; beraz, zorra balio gutxiagoko diruarekin ordaintzen du.
- Zordunak: Diruaren balioak behera egitean, errazago lortzen da itzuli beharreko kantitatea.
- Inportatzaileak: Atzerriko produktuak merkeagoak badira, errazago saltzen dira barne-merkatuan.
Ziurgabetasuna
Prezioak etengabe aldatzen badira, familiek eta enpresek ez dute beharrezko informaziorik izaten. Ezin bada jakin zer produkturi eta zer ekoizpen-faktoreri eragingo dion inflazioak, ziurgabetasuna nagusituko da. Inflazio-tasa zenbat eta handiagoa izan, orduan eta handiagoa izango da segurtasunik ezaren sentsazioa.
Nola neurtzen da inflazioa? KPIa
Herrialde bateko ondasunen eta zerbitzuen prezio-aldaketak neurtzeko, prezioen indizeak erabiltzen dira. Espainian, Kontsumoko Prezioen Indizea (KPI) erabiltzen da. KPIa batez besteko familia batek eskuarki kontsumitu ohi dituen ondasunen batez besteko haztatua da.
Batez besteko haztatua izateak esan nahi du produktu bakoitzak pisu jakin bat duela, familiek produktu horretan egiten duten gastuaren proportzioa kontuan hartuta. Bestalde, erosketa-saskia espainiarrek kontsumo-talde bakoitzean egiten duten gastua kontuan hartuta egiten den produktu adierazgarrien hautaketa bat da.
Diruaren prezioa eta moneta-politika
Diruaren prezioa herrialde bakoitzeko banku zentralak banku pribatuei mailegatutako oinarrizko interes-tasa da. Banku zentralek bi aldagai hauei erreparatzen diete:
- Maileguan emandako diruaren prezioa: Zenbat eta txikiagoa izan interesa, orduan eta mailegu gehiago ematen dira, eta alderantziz.
- Zirkulazioan dagoen diru-kantitatea: Zenbat eta mailegu gehiago eman, orduan eta diru gehiagok zirkulatzen du ekonomia batean.
Politikak egokiak baldin badira, ez dute zertan eraginik izan prezioetan, baina hori ez da ohikoena izaten.
Moneta-politika motak
Moneta-politika hedatzailea: Zirkulazioan dagoen diru-kantitatea ugaritzen bada edo diruaren prezioa jaisten bada, bankuek merkeago eskuratzen dituzte maileguak banku zentralean. Kontsumitzaileei eta enpresei mailegu gehiago eman ahal dizkiete, eta hazi egiten dira kontsumoa, inbertsioa, ekoizpena eta enplegua.
Moneta-politika murriztailea: Gutxitu egiten bada zirkulazioan dagoen diru-kantitatea edo diruaren prezioa igotzen bada, bankuek mailegu gutxiago lortzen dituzte banku zentralean, eta garestiago. Horregatik, mailegu gutxiago ematen dituzte, eta murriztu egiten dira kontsumoa, inbertsioa, ekoizpena eta enplegua.