Harrien zikloa: Harri motak eta eraldaketa-prozesuak

Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Geología

Escrito el en euskera con un tamaño de 3,08 KB

Harrien zikloa eta haien osaera

Harri sedimentarioek lurgainaren % 75 estaltzen dute; hala ere, harri magmatikoak eta metamorfikoak dira ugarienak lurrazalean. Hiru harri mota horiek lotura estua dute beraien artean, ziklo bat eratzen baitute. Inguruneko baldintzak aldatzean, horien izaera ere aldatu egiten da: harri sedimentario bat metamorfiko bihurtu daiteke, edo harri magmatiko bat sedimentatu. Laburbilduz, harriak zikloak eginez eraldatzen dira.

Harri bat mineralez osatuta dago. Mineral horiek egonkorrak dira presio eta tenperatura jakin batzuetan; beraz, harria bere horretan mantenduko da, bere ezaugarri propioak kontserbatuz, baldintza horiek aldatzen ez diren bitartean. Baina baldintzak aldatzen direnean, mineralak eraldatu egiten dira eta, horiekin batera, baita osatzen duten harria bera ere, harri mota berri bat sortuz.

Harri igneoak edo magmatikoak

Presio eta tenperatura jakin batzuetan harriak urtu egiten dira, magma sortuz. Magma hori arrailduetatik igotzen denean, bi bide har ditzake:

  • Harri bolkanikoak: Magma lurgainera irteten bada (dortsaletan edo subdukzio-zonetan, adibidez), azkar solidotzen da.
  • Harri plutonikoak: Magma lurrazpian geratzen bada, kanpora irten ezin duelako, oso poliki solidotuko da.

Magma gogortu eta sendotzean sortzen diren harri bolkanikoak eta plutonikoak harri igneoak dira eta, magmatik datozenez, harri magmatiko deitzen zaie.

Harri sedimentarioak eta litifikazioa

Harriak hautsi edo desegitean sortzen diren hondarrak edo sedimentuak geruzetan biltzen dira, eragile geologikoren batek garraiatu ondoren. Gehienak itsas hondoan bukatzen dute, non oso geruza lodiak eratzen dituzten. Goiko geruzen pisuaren ondorioz, sedimentuak trinkotu eta sendotu egiten dira; hala sortzen da harri sedimentarioa. Prozesu horri litifikazioa esaten zaio, eta zementazioak erraztu egiten du prozesu hori.

Harri metamorfikoak eta metamorfismoa

Itsas hondoan, plakak subdukzio-zona batera mugitzean, harriak leku sakonagoetara eramaten dituzte. Sakontasun handi horietan, presio eta tenperatura izugarriak jasaten dituzte harri sedimentarioek eta, ondorioz, transformazio gogorrak izaten dituzte. Berdin gertatzen zaie litosfera ozeanikoa osatzen duten harri magmatikoei: presio eta tenperatura handi horiek nozitzean, aldaketa handiak izaten dituzte.

Presio eta tenperatura handitzean harriek izaten dituzten transformazio horiei metamorfismo deitzen zaie, eta horren ondorioz sortzen diren harriak harri metamorfikoak dira. Metamorfismo-prozesua burutzen den bitartean, harriak solido egoeran mantentzen dira. Litosfera kontinentala deformatzean ere presio eta tenperatura oso handiak sortu ohi dira, metamorfismoa eraginez. Era berean, lurrazpian magma hozten denean, beroa inguruko harrietara pasatzen da; harri horiek metamorfismo-prozesua jasan eta harri metamorfiko bilakatzen dira.