Gabriel Aresti: Bizitza, Obra eta Pentsamendua

Enviado por ander11rso y clasificado en Otras lenguas extranjeras

Escrito el en euskera con un tamaño de 3,37 KB

Haurtzaroa eta Gaztaroa

Gabriel Maria Aresti Segurola Bilbon jaio zen 1933ko urriaren 14an. Hortaz, Espainiako Gerra Zibila hasi zenean, hiru urteko haurra zen, eta ongi ezagutu zuen gerra ondoko faxismoak euskaldunen aurka erabilitako errepresio giro latza. Maila apaleko familia batean hazi zen. Ama abertzalea zuen; aita, aldiz, frankista izan arren, etxean euskaraz hala-hola zekien bakarra zen. Bilboko portuaren ondoan zegoen auzune batean bizi zen, non zamalari, kamioilari eta garraioarekin loturiko langile mordoa egunero biltzen zen. Horrek, noski, txikitandik ezagutarazi zizkion gizartearen beheko mailen egoera eta beharginen bizimodua.

Ikasketak eta Lehen Urrats Literarioak

12 urterekin hasi zen, bera bakarrik eta metodorik gabe; autodidakta gisa, beraz. Euskara ofiziala ez zen eta inolako onespen sozialik ez zuen garai hartan, zaila izaten zen, benetan, maisu egokiak aurkitzea. Apaizengana joaten zen euskaraz mintzatzera, eta inoiz fraide sartzeko gogoa izan zuen. Euzko-Gogoa aldizkarian euskara idazten hasi zen. Alfonso Irigoien euskaltzainarengandik jasoko zuen Arestik, seguraski, bertsolaritza-zaletasuna, inoiz utzi ez zuena. Alde horretatik, Aita Zavalak Auspoa sortan argitaratzen zituen bertso-liburuak irrikaz miretsi eta irensten zituen, iturburu garbieneko urak balira bezala. Irigoienen gomendioz, halaber, euskal liburu klasiko zaharrak irakurtzen hasi zen (Etxepare, Axular, Kardaberaz, Mogel...), eta autore herritarragoak ere bai (Kirikiño, Orixe, Lizardi, Altube...).

Ideologia eta Itzulpenak

Gaztetan, G. Aresti PNV/EAJko EGI gazte-taldearen inguruan ibili zen. Jon Mirande zuberotar faxistarekin ere tratu ona zerabilen, bien euskaltzaletasun eta literatur zaletasunean oinarritua. Aresti ideologiaz marxista ortodoxo edo, berdin dena, “zurrunegia” zela esan dezakegu. Erlijioari dagokionez, hasieran fededuna izan zen; geroago, zenbait kristauren eta bereziki Francopeko eliz hierarkien faltsukeriaz nazka eginik, erlijioa utzi bazuen ere. Euzko-Gogoa eta Egan aldizkarietan, adibidez, Shakespeare, Baudelaire, Hugo Wast, Tomás Meabe, Juan Ramón Jiménez, Bertolt Brecht eta Blas de Oteroren lanak argitaratu zituen euskaraz.

Obra Literarioa

Gabriel Arestik arlo bereziena poesia izan zuen, eta horrela adierazten dute bere bizitzan eremu horretan jasotako literatur sari ugariek: Loramendi saria (1959), Orixe saria (1963), Lizardi saria (1966) eta J.M. Iparragirre saria (1968). Lehenbiziko lan garrantzitsua, eta kritikarien iritziz literaturaren aldetik hoberena, Maldan behera izan zen, Euskaltzaindiak Euskera aldizkarian 1960an argitaratua. Harri eta herri (1963), Euskal harria (1967) eta Harrizko herri hau (1970) ere aipagarriak dira. Gabriel Arestik antzerki-lanak ere gogoz idatzi zituen: Mugaldeko herrian eginikako tobera, Justizia txistulari, Etxe aberatseko seme galdua, Madalenaren seme santua, ...eta gure heriotzeko orduan, Beste mundukoak eta zoro bat, besteak beste. Haren lumatik sorturiko eleberri bakarrak, Mundu-munduan izenekoak, helburu didaktikoa zuen. Artikulu mordoa ere argitaratu zituen Gabrielek Zeruko Argia, Olerti, Egan eta Anaitasuna aldizkarietan. Horietako asko polemikoak, probokatzaileak eta latz xamarrak izaten ziren.