Frankismoaren Gako Dokumentuak: 1939ko Autarkia, 1962ko Munich eta 1967ko Lege Organikoa
Resumen
Dokumentu honek hiru testu historiko aztertzen ditu: 1939ko Urriaren 24ko Legea (autarkia ekonomikoa), 1962ko Munichen egindako demokraziaren aldeko manifestua eta 1967ko Estatuko Lege Organikoa. Testuek Francoren erregimenaren politika ekonomikoa, barne- eta kanpo-egoera politikoa eta instituzionalizazio-saioak azaltzen dituzte.
Puntos clave
- 1939ko legea autarkia ekonomikoaren eta industria-ekimen pribatuaren laguntzaren oinarria izan zen.
- Autarkia politikak pobrezia, hornidura-eskasia eta ustelkeria ekarri zituen, eta 1956ko gobernu berriak aldaketa ekonomikoak sustatu zituen.
- 1962ko Munichen 118 espainiarrek demokraziaren alde egin zuten, eta Espainia Europako erakundeetan sartzeko askatasuna eta demokrazia eskatu zituzten.
- 1959ko Egonkortasun Plana garai desarrollistaren hasiera izan zen.
- 1967ko Estatuko Lege Organikoak estatuburutza eta gobernuburutza bereizi zituen eta "demokrazia organikoa" ezarri zuen.
- 1967ko legea Gorteetan onartu, erreferendumez berretsi eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.
1939ko Urriaren 24ko Legea: Autarkia Ekonomikoa
18K. Dokumentu juridiko bat da, ondorio politikoak eta ekonomikoak dituena. Frankok 1939ko urriaren 24an, estatuko eta gobernuko buru gisa, promulgatu eta izenpetutako lege bat da, Estatuko Aldizkari Ofizialean urriaren 25ean argitaratua. Altxatutako bandoak garaipena lortu osteko hilabeteei dagokie, eta gizartearentzat idatzita dago, bereziki, enpresarientzat eta politikarientzat. Lehen mailako iturri bat da, 1939ko urriaren 25ekoa, Gerra Zibila amaitu eta hilabete gutxira egina.
1939ko Legearen Ideia Nagusiak
18Ana. Dokumentu honen ideia nagusia honako hau da: Gerra Zibilaren ostean, Espainiak bizi zuen egoera ekonomikoa, bai eta defentsa-premiak eta ekonomia-premiak asetzera bideratutako industriak ezar zitezela sustatzeko beharra ere. Horretarako, estatuak konpromisoa hartzen du enpresa-ekimen pribatuei laguntzeko. Legeak agerian jartzen ditu barne-merkatuaren ezegonkortasuna, nazioarteko bakartzea eta luxuzko inportazioak alde batera uzteko eskakizuna.
Erregimenak politika ekonomiko autarkikoa ezarri zuen, barneko eta nazioarteko egoera ikusita, haren bidez, Espainia herrialde buruaskia izatea lortu nahi zen, nazioarteko merkatuaren mende egon gabe.
Testuingurua eta Ondorioak
18Test. Gerra Zibilaren ostean, ekonomiaren eta pertsonen egoera oso txarra zen. Izan ere, armadek lur errearen taktika erabili zuten eta etsaiarentzat baliagarria zen guztia suntsitu zuten. Agirreren gobernuaren agindupean, Euskadi salbuespen izan zen. Izatez, uko egin zion industria-azpiegitura suntsitzeari armada frankistak hartu aurretik.
18Test2. Gerra amaitzean, ekonomia leheneratzeko, beharrezkoa zen oinarri militarreko industrializazio-prozesu bat abian jartzea, hala ondasunena nola zerbitzuena. Erregimenaren bakartzearen ondorioz, gobernuak estatu mailako politika ekonomiko autarkiko eta protekzionistaren alde egitea erabaki zuen, nahiz eta jakin ezinbestekoa zela herrialdeak ez zituen produktu batzuk inportatzea.
18Test3. Politika ekonomiko horrek berekin ekarri zituen pobrezia, hornidurarik eza, bizi-mailaren beherakada eta ustelkeria, baina mesede egin zion ekimen pribatuari, "interes nazionaleko" sektoreetan salbuespenak egin eta etekinak bermatu baitzizkion. 50eko hamarkadaren hasieran, Gerra Hotza hastearekin eta AEBren eta Egoitza Santuaren aitorpenarekin batera, egoerak hobera egin zuen, baina politika autarkikoak bere horretan iraun zuen, hamarkadaren amaieran aldaketa ekonomikoak gertatu ziren arte, 1956an osatutako gobernuaren eskutik.
18Gar. Dokumentuak agerian jartzen du Francoren gobernuak zer-nolako garrantzia ematen zion industriari herrialdea garatzeko, industria militarra edo zibila izan. Baina baliabide propioen eskasiak, boterea sendotzeko premiak eta faxismoen aldeko jarrerak berekin ekarri zuten erregimenak politika ekonomiko autarkiko bideraezin bat ezartzea. Inguruabar horiek eta beste batzuek pobrezia orokorrean murgildu zuten Espainia eta garapena galarazi zuten.
Municheko Kongresua (1962): Demokraziaren Alde
19K. Testu politiko bat da. Formari erreparatuta, manifestu bat da eta eduki ideologikoa du. Egilea talde bat da, Europako Mugimendua deritzona: Munichen (Alemanian) bildu zen eta 1962an idazki hau izenpetu zuen. Manifestuak hartzaile nagusi bat du: Espainiako gobernua, baina Espainiako eta Europako gizartearengana zabaldu daiteke. Lehen mailako iturri bat da, gertakariak jaso diren garaikoa.
Europan Sartzeko Baldintzak
19Ana. Dokumentuak bi ideia nagusi ditu: Europan sartzeko baldintzak eta Espainiako egoera politikoa. Erbesteratutako nahiz barneko 118 ordezkari espainiarrek proposatutako erabaki horrek agerian jarri zituen erregimen frankistaren gabeziak. Bi baldintzak funtsezkoak ziren:
- Askatasuna eta demokrazia.
- Ezin da gobernu demokratikorik egon gobernatuen onarpenik gabe, adierazpen-askatasunik gabe eta askatasun pertsonalik, politikorik eta sindikalik gabe.
Erabakiak, askatasun gabeziak salatzeaz gain, erregimenak jazarritako erkidego naturalak aitortzeko eskatzen zuen eta Kataluniari, Euskadiri eta Galiziari egiten zien erreferentzia.
Testuingurua eta Erregimenaren Erantzuna
19Test. 1956ko ministro-krisiaren ostean, Francok gobernu berri bat izendatu zuen eta ministro teknokratak onartu zituen. Ministro horiek aldaketa ekonomikoak sustatu zituzten eta 1959ko Egonkortasun Plana ezarri zuten.
19Test2. Garai desarrollista baten hasiera izan zen. Mobilizazio politikoa, ikasleena eta sindikala, handituz joan zen, gobernuak salbuespen-egoerak ezarri ahala. Oparoaldi ekonomikoa aprobetxatuz, erregimenak Europako demokrazien maila berean jarri nahi izan zuen eta Espainia Europako Ekonomia Erkidegoko kidea izateko eskatu zuen 1962. urtean.
19Test3. Testuinguru horretan egin zen Europako Mugimenduaren IV. Kongresua Munichen. Salvador de Madariagak eta beste batzuek antolaketa-lanak egin zituzten, hainbat ideologietako 118 espainiarrek kongresu horretan parte hartzeko. Espainiar horiek, erregimenaren aurka bat eginik, azken adierazpena egin zuten demokraziaren alde.
19Test4. Kongresuko kideen arabera, Espainia ezin zen Europako erakundeetan sartu diktadura frankistak irauten zuen bitartean. Mugimenduaren prentsak esan zuen bilera hura asmo txarrekoa zela, erregimenaren kontrako konspiraziotzat hartu baitzuen eta erregimenak kongresuan parte hartu zuten barneko espainiar guztiak kartzelaratuz eta erbesteratuz zigortu zituen. Franco krisi horretaz baliatu zen gobernu berri bat osatzeko, jarrera berritzaileagokoa, baina funtsezko aldaketa politikorik gabe.
19Garran. Municheko manifestua Francoren diktadura-erregimenaren aurkako gaitzespen moral eta politiko bat izan zen Europako iritzi publikoaren aurrean, bai eta zapalkuntza orokorraren eta askatasunik ezaren salaketa bat ere. Deslegitimazio bat zen, Espainia Europako erakundeetan sartzeko eta erakunde horiek demokrazia zuten faktore nagusitzat. Beraz, 1970era arte ez zen lehentasunezko akordiorik egin Europako Ekonomia Erkidegoarekin eta azkenean akordio hori egin zenean, onuragarria izan zen Espainiarentzat.
Estatuko Lege Organikoa (1967): Instituzionalizazioa
20K. Dokumentu juridiko eta politiko bat da. Hasierako legea gobernuak egin zuen eta gero, Gorteetan aurkeztu zuen, lege organiko gisa onartzeko: espainiarrek erreferendum bidez berretsi zuten eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, Francok estatuburu gisa izenpetu ondoren. Hartzaile nagusia Espainiako gizartea zen, baina Europa osora begira egin zen. 1967ko urtarrilaren 11n argitaratu zen eta lehen mailako iturri bat da.
Legearen Helburuak eta Edukia
20Ana. Lege organiko bat da, estatu nazionalaren instituzionalizazioari buru emateko eta estatua modernizatzeko, Espainiak eredutzat zituen Europako demokraziei jarraikiz. Helburu horrekin, gobernuaren burutza eta estatuarena bereizi ziren. Legeak argi uzten ditu lau puntu:
- Lurralde-osotasuna eta -batasuna.
- Subiranotasun nazionala.
- Espainia erresuma gisa eratzea.
- Estatuburuaren boterea.
Lege organiko honek 1938tik 1967ra arteko oinarrizko lege guztiak eguneratu zituen.
Testuingurua eta "Demokrazia Organikoa"
20Test. Francoren gobernuak deuseztatu egin zituen Errepublikako legeak eta konstituzio baten eginkizuna betetzen zuten oinarrizko zenbait legeren bidez, estatua instituzionalizatzeko prozesu motel bat hasi zuen. Oinarrizko lege horiek erregimenaren premien arabera promulgatu ziren. 60ko hamarkadan, gizartea gero eta aldarrikatzaileagoa zen eta aldaketa handiak ageri ziren lanean, unibertsitatean, sentimendu nazionalista nagusi zen eremuetan eta erakunde politiko klandestinoen bidez ere.
20Test2. Eskaeren ondorioz, manifestazioak eta grebak egon ziren eta indarkeria terroristaren aldeko taldeak agertu ziren. Erregimena, gero eta gehiago zalantzan jarrita eta gero eta zatituago, eskaeretako batzuk betetzen ahalegindu zen, lege modernoagoak eginez, baina Mugimendu Nazionalaren printzipioak aldatu gabe. Ideia horri erantzuten zion Estatuko Lege Organikoak. Lege horrek aurreko legeak aldatzen zituen eta bere osotasunean ezartzen zuen "demokrazia organikoa".
20Test3. Izan ere, familia-herena sartzen zuen Gorteetan, estatu-burutza eta gobernu-burutza bereizten zituen eta estatua erresuma gisa mantentzen zuen. Horretaz aparte, erregimenak Espainia modernizatzen eta aldatzen ari zelako ideia helarazi nahi zion Europari, ekonomia-erkidegoan sartzeko eta onarpen politikoa lortzeko.
Garrantzia eta Ondorioak
20Garran. Frankismoak 1936ko uztailaren 18an sortutako estatuaren egitura osatu beharra zuen erregimenaren iraupenerako une zail batzuetan. Finantza-eskandaluak, errepresioa eta Francoren osasun ahula zirela eta, gobernuaren burutza eta estatuarena bereiztea erabaki zen.
20Garran1. Carrero Blancok hartu zuen gobernuburuaren kargua ekainaren 9an eta kargu horretan egon zen, abenduaren 20an ETAk erail zuen arte. Aldaketa juridiko honek ez zuen arintzen erregimenaren diktadura-izaera, baina mozorratzen saiatzen ziren.
Descargar
PDF Word HTMLPreguntas frecuentes
Zer izan zen 1939ko Urriaren 24ko Legea?
Frankok izenpetutako lege bat izan zen, eta autarkia ekonomikoa ezarri zuen. Gerra Zibilaren ostean industria ezartzea eta ekimen pribatua laguntzea helburu zuen, nazioarteko merkatuaren mendekotasuna saihesteko.
Zergatik eskatu zuten Munichen Espainia Europan sartzeko?
Munichen bildutako espainiarrek esan zuten Espainia ezin zela Europako erakundeetan sartu askatasunik eta gobernu demokratikorik gabe. Erregimen frankistaren gabeziak salatu zituzten.
Zer da "demokrazia organikoa"?
1967ko Estatuko Lege Organikoak ezarri zuen eredu politikoa da. Familia-herena Gorteetan sartzen zuen eta Mugimendu Nazionalaren printzipioei eusten zien, alderdi-demokrazia onartu gabe.
Ponte a prueba
Tarjetas de repaso
Pulsa una tarjeta para ver la respuesta.
Test
Preguntas generadas con IA a partir del documento: comprueba las respuestas con el texto.