Euskal Herriko Industria Iraultza: Bilakaera, Sektoreak eta Ondorioak
Kontzeptua eta Abiapuntua
Industrializazioaren abiapuntua burdin-mineralaren erauzketa eta esportazioa izan ziren. Bizkaiko Industria Iraultza izan zen garrantzitsuena. Prozesu hau bultzatzeko, burdingintza-industria (siderurgia) oinarri izan zen eta industria-garapena sustatu zuen. Industrializazioa XIX. mendearen amaieran hasi zen finkatzen.
Aurreko Egoera eta Gizarte Aldaketak
XIX. mendearen erditik aurrera, Euskadin aldaketa handiak gertatu ziren. Industria Iraultza hasi zenean, gizarte-egitura nagusia aldatu egin zen, eta klase-gizarte berri bat osatu zen. Burgesiak zuzendu zuen modernizazio prozesu hori.
Gainera, exodo handi bat sortu zen nekazaritza-eremuetatik hirietara. Horretaz gain, alderdi politiko berriak eta sindikatuak ere eratu ziren.
Lurraldeko Desberdintasunak
Industrializazio-prozesu horretan, Bizkaiak berehala hartu zuen aurrea, beste lurraldeek baino askoz baldintza hobeak baitzituen. Mendearen amaieran, Gipuzkoa iraultzan sartu zen. Araba eta Nafarroa, berriz, ez ziren industrializatu XX. mende ia erdira arte.
Protagonista Nagusiak
Protagonista nagusia burgesia sortu berria izan zen. Horien artean, botererik handiena meatzeen jabeek zuten, atzerriko konpainiekin batera.
Atzerriko konpainiek burdin-ekoizpenaren %70-80 ekoizten zuten, adibidez, Orconera konpainiak, Martínez Rivas eta Ibarra Hnos. Batez ere, Britainia Handiko burdina-lantegietara egiten ziren burdin-mineralen esportaziotik lortutako etekinak.
1887tik aurrera, EAEko burdingintza (siderurgia) Espainiako merkatuari begira egituratu zen. Burgesia industrialak, Víctor Chavarri buru zuela, lege protekzionista lortu nahian hasi zen.
Bilakaeraren Etapak
Sorrerako Arrazoiak eta Hasiera (1891-1898)
Asmoa Espainian produktu landu edo erdi landuak saltzea zen. 1891n, metalurgia ertaina sortu zen, urte horretan ezarritako muga-zergei buruzko legearen itzalpean. 1898an, metalurgiaren hedapena hasi zen, itsasoz bestaldean gerra amaitu zenean.
Meatzaritzako enpresaburu batzuek metalurgian inbertitu zuten; beste batzuek, berriz, ontzigintzan. Horiek mineral-garraioko pleita-saria (ontzia alokatzeko prezioa) beraientzat gelditzea lortu zuten. 1891n, Banco de Comercio eta Bilboko Burtsa sortu ziren, industriak ematen zuen diru guztia inbertsioetara bideratzeko. Garai horretan indartu ziren trenbideak Bizkaian, eta orduan eraiki zen Bilboko kanpoko portua.
Sendotzea eta Hedapena (1898-1918)
Meatzeak kalitate handikoak ziren, eta portuak oso gertu zeudenez, ez zen garestia mea esportatzea. 1846an, Ybarra anaiek lehendabiziko siderurgia sortu zuten Euskal Herrian.
1898-1901 bitarteko urteetan, hazkuntza ekonomikoa bizi izan zuten industriek. Mugarri nagusiak:
- 1902an, Altos Hornos de Vizcaya (AHV) eta Astilleros del Nervión eratu ziren. AHV hiru enpresaren bat-egiteaz sortu zen.
- Ontzigintza Nerbioi ibaiaren inguruan finkatu zen. Garai horretan, Bizkaian eraikitzen ziren Espainiako itsasontzien %50a.
- Aseguru-konpainiak eta bankuak eratu ziren, besteak beste, Bilbao Bankua. Horrekin guztiarekin, euskal kapitalismoa hedatzen zen.
1906an, euskal kapitalismoa sendotu egin zen, muga-zergak behin betiko zabaldu zirenean. Horrela, merkatu nazionala sendotu zen atzerriko lehiarik gabe. Krisi txiki baten ostean, 1914-1918 bitartean, ekonomia suspertu egin zen Lehen Mundu Gerraren eraginez. Gerra-garaian lortutako etekinek enpresen kapitala handitu zuten eta enpresa gehiago sortu ziren.
Industria zabaldu zenean, atzerriko kapital asko agertu zen eta konpainia ugari sortu ziren burdin-gaia ustiatzeko. Industriak aurrera egiteko eskulan ugari behar zen. Langile horiei esker egin zuen aurrera prozesuak. Langile gehienak inguruko probintzietatik etorri ziren. Industrializazioaren eraginez, finantza-aginte oligarka jaio zen. Bilboko itsasadarraren eskuin ibarrean bizi ziren enpresaburu eta aberatsak, eta, aldiz, industrietako langileak ezker ibarrean bizi ziren, lan egiten zuten fabriken ondoan.
50 urteetan, Bizkaiak gizarte nekazari eta tradizionala izateari utzi zion eta gizarte moderno eta industriala bilakatu zen.
Trenbidearen sektorea asko hazi zen, hainbat trenbide (bide estukoak) eraiki zirelako lurralde osoan zehar.
Industrializazioaren Ezaugarriak Lurraldeka
Bizkaiko Industrializazioa
EAEko garrantzitsuena izan zen. Bertako meatzaritza esportaziora begira zegoen eta kapitalizazio handia ekarri zuen. Burdina atzerrira saltzeak eragindako diru-sarrera izan zen euskal kapitalismoaren oinarria.
Laurogeiko hamarkadan, Bizkaian hasi zen siderurgiaren zabalkunde handia. Bizkaiko burdin-mineralen ekoizpena oso azkar hazi zen hirurogeiko hamarkadatik. 1876an, beste aldi bat hasi zen: minerala esportaziorako produzitzea berehala hedatu zen. 1880 eta 1900 bitartean, produkzioaren %90 esportatu zen.
1886an, Bilboko Labe Garaietan lehenengo Bessemer motako altzairua ateratzeak Bizkaia altzairuaren aroan sartzea ahalbidetu zuen.
Burdingintzaren garapenerako eta Bizkaiko garapen industrialerako behar zen dirua meatzaritzatik atera zen.
Gipuzkoako Industrializazioa
Industrializazio prozesua Bizkaikoa baino mantsoagoa izan zen. Bi sektore nagusitu ziren:
- Papergintza: 1842an sortu zen lehenengo paper-fabrika modernoa. Tolosa bihurtu zen papergintzaren gune garrantzitsuena. 1902an, paper-fabrikak asko ugaritu eta horietako batzuek bat egitean, Papelera Española sozietatea sortu zen.
- Ehungintza: Bergara eta Lasarte nabarmendu ziren. Bigarren Karlistaldia amaitu ondoren sustatu zen gehien industrializazio-prozesua.
Beste zenbait sektore ere indartu ziren: zementua, tresnak eta elikagaiak, besteak beste. Eibarren, armagintzak ez zuen indarrik galdu enpresa berriak sortu zirelako. Finantza sektorea hedatzen hasi zen. 1899an, Banco Gipuzcoano sortu zen.
Arabako eta Nafarroako Industrializazioa
Araba
Nekazaritza-jarduerek izan zuten garrantzi handiena, batez ere zerealen eta ardoaren ekoizpenak. XIX. mendearen azken herenean, enpresa elektriko txiki batzuk sortu ziren eta bankuen sektorea hedatzen hasi zen.
1868an, Heraclio Fournierrek Gasteizen estanpazio litografikoko lantegi bat sortu zuen. 1877an, espainiar karta sorta asmatu zen. Honek Espainia osoan arrakasta handia izan zuen.
Nafarroa
XX. mendean ongi sartu arte ia ez zen industrializaziorik eman.
Iparraldeko Industrializazioa
Garai honetan, ez zen industrializazio gehiegirik eman, Baionako kasua kenduta, bertan zertxobait garatu zelako industria.
Industrializazioaren Gizarte-Ondorioak
Gizarte-Auziaren Sorrera
Industrializazioak aldaketa gogorrak eragin zituen gizartearen egituraketan, klase-gizartea sortuz. Gizarte berri horretan bi klase bereizten dira:
- Burgesia: Negozio berrien jabeak (industriak, meategiak, finantza-erakundeak…).
- Proletarioak: Fabriketako langileak eta meatzariak.
Gizarte industrialean aberats eta pobreen arteko zatiketa oso bortitza zen. Klase zapaldua zirelakoaren kontzientzia garatzen hasi zen langilea, eta, beraz, klase-borroken hasiera izan zen.
Gizartearen zenbait aspektu oso desegituraturik zeuden: ume abandonatuen kopurua handitu egin zen, eta prostituzioak ere gora egin zuen. Agintariak higienea kontrolatzen saiatzen ziren gaixotasunak ez kutsatzeko, baina askotan ez zuten lortzen. Azkenik, alkoholismoaren kontsumoa ere masiboa zen; txikiteoa egiteko ohitura industrializazioarekin batera zabaldu zen, etxe eta lantegien baldintza txarrek bultzaturik, eta lantegietan alkohola kontsumitzea ohikoa zen.
Hiri Industriala eta Espazioen Banaketa
Bereizketa sozialagatik hiri-espazioen banaketa ere nabarmena izango da. Industrializazioarekin hiriak hazi eta langileen auzoak eta burgesen auzoak bereizi ziren.
- Burgesak: Hirien zabalguneetan bizi ziren (geroago Negurin auzo esklusibo bat eraiki zuten). Etxeetan ur korrontea, elektrizitatea eta estolderia zituzten.
- Langileak: Hiri zaharreko etxe eskasenetan edo periferian eraikitako etxeak okupatzen zituzten. Etxeak eskasagoak ziren (askotan leihorik gabe, ilunak, alokairu garestikoak eta oso txikiak); ura ibaitik hartu behar zuten. Egoera horretan, gaitzak oso erraz zabaltzen ziren.
Ondorioak Demografian
XIX. mendearen amaieran eta XX. hasieran, Bilbok Europako heriotza-tasa altuena izan zuen, izurriteak ohikoak zirelarik. Langile-auzoen egoera izaten zen faktore erabakigarriena, baina lan-baldintza txarrek ere ez zuten laguntzen.
Bizkaian, elikadura eskasa zen eta gaitzei aurre egiteko erresistentzia ahulagoa zen. Ondorioz, bizi-itxaropena oso motza zen eta haurren hilkortasun-tasa altua.
Gipuzkoan, berriz, ondorioak ez ziren horren gogorrak, industriak eta herriak sakabanatuago zeudelako. Baserriko mundua bizirik zegoen, eta kasu askotan langile industrialak baserriko seme-alabak ziren.
Ondorioak Naturan
Bilboko ibaia zeharo zikinduta gelditu zen, etxeetako zabor guztia eta itsasontzien kutsadura ibaira zihoalako. Marea jaistean zikinkeria agerian gelditzen zen, usaina eta gaixotasunak kutsatzeko arriskua agertuz. Horretaz gain, airearen kalitatea okertu zen.
Aisialdiaren eta Kultura Berrien Sorrera
Espektakulua eta kirola ere industrializazioarekin batera azaldu ziren. Hirietan teatroak eta operak sortu ziren, baina benetako arrakasta zinemak izan zuen. Aisialdi berriek kultura eta balore berriak txertatu zituzten.
Kirolaren arloan, kirol profesionala une honetan sortu zen (pilotari profesionalak, adibidez), baina futbola izan zen garrantzi gehien irabazi zuen kirola. Hau ere Ingalaterratik etorri zen, eta hori praktikatzeko kluben izenak ere ingelesetik eratorritakoak ziren (adibidez, Sporting edo Athletic).
Beste Aldaketa Batzuk
Politikan parte hartzeko modu berriak agertzearekin batera, jendea politizatzen hasi zen eta alderdi politikoak sortu ziren.
Bi aldaketa nagusi gertatu ziren:
- Erlijio katolikoaren praktika asko gutxitu zen langile industrialen artean.
- Aldaketa linguistikoa gertatu zen: industriara lanera etorritakoen gehienak erdaldunak ziren, eta erdara nagusi zen industria-gune nagusietan.