Euskal Herriko erliebea: mendiak eta sakonuneak
Euskal mendiak
Euskal mendiak Pirinioaren luzapena dira zatirik handienean. Altuera ertainak dituzte eta karearriz osatuta daude (Pirinioaren ardatzean izan ezik, harri silizeoak agertzen baitira). Alpetar orogeniak Tertziarioan sortutako tolesdura-mendikatea da egituraren aldetik. Honako unitateak berezi daitezke:
Isurialde kantauriarra
- Bortzirietako mendigunea: Pirinio ardatzaren jarraipena da, Gipuzkoa eta Nafarroa artean, material silizeoz osatua. Gehienezko altuera 1000 m-koa da.
- Kostaldeko mendikatea: Higer lurmuturra eta Zumaia artean. Mendiek (Jaizkibel, Ulia, Urgull, Igeldo, Mendizorrotz) material tertziario sedimentarioak dituzte (hareharriak, flysch) eta altuera txikia dute.
- Itsasbazterraren aurreko mendikateak: Uzturre, Ernio eta Arno Gipuzkoan; Bidartzandi eta Iluntzar Bizkaian. Mendi garaiagoak dira, karearria da nagusi eta karst paisaia da ohikoena.
- Ibaien ibilguen tarteko mendiak eta haranak: Uren banalerroaren magalean eta ibaien haranen artean material desberdinez osatutako mendiak daude, 1000 m-ko altuera gutxitan gainditzen dutenak: Murumendi, Izazpi, Irimo, Urko Gipuzkoan; Oiz, Sollube, Ganekogorta, Triano Bizkaian.
- Isurialdeen muga osatzen duen mendikatea: Pirinioaurrearen barnealdeko mendizerren jarraipena da. Kostaldeko mendikatearekin eta aldamenekoekin batera 100 km ditu. Ekialdean Aralar dago (Gipuzkoa eta Nafarroa artean); Anboto, Gorbeia eta Salbada Bizkaia eta Arabaren artean. Karearriz osatuta daude eta modelatu karstikoa dute.
Isurialde mediterraneoa
- Arabako lautada: Pirinio-aurreko barne-sakonuneen jarraipena da. Zadorra ibaiak drainatzen du, mendiz inguratuta dago eta material buztintsuak ditu.
- Araba erdiguneko mendizerrak: Pirinio-aurrearen kanpoaldeko mendikateen jarraipena dira. Altuera txikikoak dira eta karearriz osatuta daude: Entzia, Iturrieta, Gasteizko mendiak eta Tuyo.
- Mendebaldeko mendizerrak eta haranak: Arkamu, Arrato, Badaia eta Artzena mendizerretan karearria da nagusi; Kuartango, Omecillo eta Valdegobiako haranetan, berriz, material buztintsuak.
- Trebiñoko arroa: Litologia anitza duen alde sedimentarioa da.
- Hego-ekialdeko mendizerrak eta haranak: 1000 m inguruko altuerak ditu (Joar eta Kodes bezala). Tartean Kanpezuko Santa Krutzeko sakonunea dago.
- Toloño-Kantabria mendizerra: Karearriz osatuta, Palomares du gailurrik handiena. Bertatik hegoaldera klima mediterraneo kontinentala hedatzen da.
Ebroren sakonunea
Arabako Errioxa Tertziarioko eta Kuaternarioko material sedimentarioz osatuta dago: buztinak eta karearriak. Bertako modelatua erliebe horizontal uhindua da.