Euskal Eleberrigintza: Tradizionaletik Modernora Trantsizioa
Enviado por Comunidad Xuletas y clasificado en Lengua y literatura
Escrito el en
euskera con un tamaño de 3,45 KB
Euskal Eleberrigintza Modernoaren Hastapenak
Euskal eleberrigintza modernoaren lehen aldaketa nabarmena Txillardegiren eskutik etorri zen, Leturiaren egunkari ezkutua (1957) eleberriarekin. Lan honek mundu-ikuspegi berria, egitura-mailako berrikuntzak eta gai berriak ekarri zituen euskal eleberrigintzara.
Erabateko haustura, ordea, Ramon Saizarbitoriak ekarri zuen Egunero hasten delako (1969) eleberriarekin.
Gaur Egungo Eleberrigintzaren Gorakada
Gaur egun gorakada handia izan du euskal eleberrigintzak. Idazle garaikide nabarmenenak:
- Anjel Lertxundi
- Bernardo Atxaga
- Joan Mari Irigoien
- Jose Agustin Arrieta
- Arantxa Urretabizkaia
Idazle hauek Mendebaldeko Europa, Hego Ameriketako eta Estatu Batuetako literaturgintza ezagutu eta haien eragina jaso zuten euren obretan. XX. mendean munduan landu diren literatura-teknika eta baliabideak erabiltzen saiatu dira.
Adibidez: Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik Panpox (1979).
Euskal Eleberrigintza: Tradizionala eta Modernoa
Euskal eleberrigintza tradizionalaren eta modernoaren arteko alde nagusiak kontuan hartzekoak dira:
1. Eleberrigintza Tradizionala (1960ko hamarkada aurretik)
- Kokapena: Gertaerak baserri eta itsas giroan kokatzen ziren.
- Gaiak: Euskara, fedea, euskal nortasuna eta ohiturak.
- Kontatzeko era: Tradizionala da. Gertaerak kronologikoki antolatzen edo kontatzen dira.
- Narratzailea: Hirugarren pertsonako kontalari orojakilea da, pertsonaien sentimenduak ezagutzen dituena. Beste zenbait eleberritan, lehen pertsonako kontalaria (protagonista) erabiltzen da.
- Deskribapenak: Ugariak, luzeak eta oso landuak, kontaketaren erritmoa moteltzen dutelarik.
- Hizkuntza: Erabilitako hizkuntza garbia.
Garai horretako adibiderik garbiena Txomin Agirreren Garoa eta Kresala dira.
2. Eleberrigintza Modernoa (1960ko hamarkadatik aurrera)
Hirurogeiko hamarkadatik aurrera euskal eleberrigintzak aldaketa sakonak izan zituen, euskal nobela modernoari hasiera emanez.
Kokapena eta Gaiak
- Kokapena: Eleberrietako ekintzak hiri industrializatuetan kokatzen dira sarritan. Baserri-giroan kokatzen badira ere, ez dute mundu hori idealizatzen.
- Gaiak: Gaiak zabaldu egin dira. Euskara eta Euskal Herria beste ikuspuntu batetik lantzen dira, eta gai berriak azaltzen dira: askatasun pertsonala, bakardadea, arazo sozialak, sinesmen-mailako krisia, etab.
Kontatzeko Era eta Teknikak
Aldaketarik nabarmenena kontatzeko eran edo teknikan gertatu zen:
- Narratzailea: Eleberri modernoan, narratzaile tradizional motez gainera, beste berri batzuk agertzen dira: narratzaile lekukoa edo objektiboa, edota bigarren pertsonako narratzailea (protagonistari hitz egiten diona).
- Egitura: Ekintzak ez dira beti kronologikoki antolatzen; irakurlearen ardura da ordena kronologikoa aurkitzea.
- Erritmoa: Kontakizunaren erritmoa moteldu edo bizitu egingo dute hainbat teknikaren erabilerari esker.
- Hizkuntza: Euskara hiritarra da, beste hizkuntzetako maileguak eta euskalkietako lexikoa uztartzen dituena.