Euskal Ahozko Literatura Tradizionala
Esaera Zaharrak (Atsotitzak)
Atsotitzek edo esaera zaharrek bizitzako hainbat gairi buruzko herri-jakinduria biltzen dute. Sententzia laburrak dira, gogoratzeko errazak. Askotan, errima erabiltzen da esaldiari indarra emateko, eta beste batzuetan, hitz-jokoak.
Bilduma historikoak
Ezagutzen dugun lehen esaera zaharren bilduma Refranes y sentencias izenekoa da. 1596an argitaratu zen, eta 539 esaera zahar ditu.
XVI. mendearen amaiera aldean, beste bi bilduma azaldu ziren, Esteban Garibai historialariarenak. Herriko jendeak erabiltzen dituen esaerak ageri dira, mendebaldeko euskalkian, Gipuzkoakoa den eremuan.
XVII. mendearen erdialdean, 1657an, Oihenarten Les Proverbes Basques argitaratu zen Parisen. Larramendik eta Mogelek ere bildu zituzten esaera zaharrak. Dena den, bildumarik ugarienak XX. mendekoak dira.
Kopla Zaharrak
Euskal literaturako altxorrik preziatuenetakoa dira. Adituek Erdi Arokotzat jotzen dituzte. Normalean, 8-10 ahapalditik gorako segidetan kantatzen dira.
Jai baten inguruko koplak izaten dira askotan:
- Santa Ageda eskea
- Gabonetakoak
Santa Agedako errondan, koplariek bisitatzen duten etxeko kideei kopla bana kantatzen diete. Normalean, kopla zaharrek lau bertso-lerro izaten dituzte. Egitura garbia dute, bi zatitan banatua:
- Lehenengo bi bertso-lerroetan, naturako elementuren bat agertzen da.
- Beste bi bertso-lerroetan, desio edo nahiren bat azaltzen da.
Edukiaren zatirik garrantzitsuena azken bi lerroetan egon ohi da, baina, hori prestatzeko, naturari lotutako sinboloak edo irudiak erabiltzen dira. Deigarriena da bi zatien artean ez dagoela ageriko loturarik.
Baladak
Kantu narratibo laburrak dira, eta beste kantu batzuetatik bereizten dituzten ezaugarriak dituzte. Euskal literaturan, balada eta erromantze hitzak erabili izan dira, baina euskal baladek antz handiagoa dute Europa iparraldeko baladenekin, espainiar erromantzeenekin baino.
Europan, baladak Erdi Aroan finkatu ziren eta gaur egun arte iraun dute. Baladek gertaera bat kontatzen dute, historia labur bat, eta, batzuetan, amaieratik hasten dira. Askotan, istorio bortitzak izaten dira: ezinezko maitasunak, hilketak, etab.
Baladetan ez dago lekuaren, espazioaren edo denboraren deskripziorik, datu orokor eta azaleko batzuk baino ez.
Adibidea
Adibidez: Bereterretxen kantorea (XV. mendeko balada). Hor azaltzen den Bereterretxen hilketak agramondarren eta beaumondarren arteko bandoen gerran du jatorria.
Sehaska-kantak
Euskal kantu tradizionalen artean, sehaska-kantak ere aurkitzen ditugu, maitasunezkoekin, erlijiozkoekin, erromantzeekin, eresiekin eta errondakoekin batera. Sehaska-kantak haurrak lotarazteko kantak dira.
Haurraren loa eragiteko beharrezkoa den giro epel eta xamurra sortzeko, lagungarriak dira kantu mota hauen ezaugarriak:
- Erritmo motela, errepikakorra eta monotonoa.
- Melodiaren erraztasuna.
- Esaldien eta hitzen argitasuna.
Sarritan, onomatopeiak tartekatzen dira. Mundu guztian daude hedatuta sehaska-kantak.
Ahozko Ipuinak
Izenak berak dioen bezala, ahoz kontatzen diren ipuinak dira. Gaur egun, telebistaren eraginez batik bat, ipuinak kontatzeko ohitura galbidean dago, baina gizakiaren historian zehar berebiziko garrantzia izan dute.
Familia supazterrean bildu eta etxeko zaharrek ipuinak kontatzen zizkieten gaztetxoei. Ipuinen bitartez, haurrek bizitzarako baliagarri ziren eta diren ikasgaiak jasotzen zituzten:
- Irakaspenak
- Balio moralak
Horrez gain, mundua azaltzeko bitartekoak ziren. Ipuinetan, Euskal Herria kristautu aurreko sinismenak aurki ditzakegu.
Izaki mitologikoak ugariak dira herri-ipuinetan. Horietako bat da herensugea, Euskal Herrian ez ezik, munduko bazter guztietan ageri den izaki mitologikoa.