Clara Campoamor, Fronte Popularra eta Euskal Autonomia Estatutua: II. Errepublikako testu historikoak
Resumen
Dokumentuak II. Errepublikako hainbat testu historiko biltzen ditu: Clara Campoamorren sufragio unibertsalaren aldeko diskurtsoa (1931), Fronte Popularraren programa (1936), Euskal Autonomia Estatutua (1936) eta Kontzertu Ekonomikoen ezeztapena (1937). Testu bakoitzaren egilea, testuingurua, analisia eta garrantzia azaltzen dira. Ikasleak erregimenaren garapena, emakumeen eskubideak eta gerra garaiko euskal politika ulertuko ditu.
Puntos clave
- Clara Campoamorrek 1931an emakumeen sufragio unibertsalaren alde egin zuen Gorte Konstituziogileetan, eta Konstituzioan onartu zen (161 alde, 121 kontra).
- 1931ko maiatzeko dekretuak 23 urte baino gehiagoko gizonei boto-eskubidea eman zien eta emakumeei hautagai izateko eskubidea aitortu zien.
- Fronte Popularra 1936ko otsailean hauteskundeak irabazi zituen ezkertiar eta errepublikar alderdien koalizioa izan zen, faxismoaren mehatxua geldiarazteko sortua.
- Euskal Autonomia Estatutua 1936ko urriaren 4an onartu zen Gorteetan, eta Euskal Herriko Behin-behineko Gobernua sortu zuen, Jose Antonio Agirre lehendakari.
- Estatutua Bizkaian bakarrik aplikatu zen, eta 9 hilabete iraun zuen, Bilbo nazionalen esku geratu zenean.
- Francisco Francok 1937ko ekainaren 23an Gipuzkoako eta Bizkaiko kontzertu ekonomikoak ezeztatu zituen, probintzia traidoretzat hartuta Errepublikaren alde egiteagatik.
Clara Campoamor: Sufragioaren Defentsa Gorteetan (1931)
Testuaren Kokapena eta Sailkapena
Aurrean dugun testua Clara Campoamor diputatuak II. Errepublikako Gorte Konstituziogileetan 1931ko irailean emandako diskurtsoaren zatia da. Formari dagokionez, Clara Campoamor, Alderdi Errepublikar Erradikaleko diputatuak, Gorte Konstituziogileetako diputatuen aurrean eta tribunatik egin zuen ahozko diskurtsoaren transkripzioa da, ganbararen saioen egunkarian jasota. Testu hau sozio-politikoa da, emakumeek botoaren bidez herrialdearen bizitza politikoan parte hartzeko eskubidea aldarrikatzen baitu.
Egilea Clara Campoamor (1888-1972) da, emakumeen sufragioaren alde hainbat urtetan jardun zuen abokatu eta politikari nabarmena. Errepublikaren defentsan aritu zen; horregatik, 1930ean Jacako militarren aurkako epaiketan parte hartu zuen abokatu gisa.
II. Errepublikan, 1931ko ekaineko hauteskundeetan, emakumeek botorik ez baina hautagai izateko aukera izan zutenean, Victoria Kent eta bera izan ziren hautatuak, emakume bakarrak, hain zuzen ere. Konstituzioaren zirriborroa idazteko batzordean ere parte hartu zuen. Gorteetan defentsa sutsua egin zuen, Victoria Kenti aurre eginez.
Hartzailea publikoa da, bereziki Gorteetako diputatuei zuzenduta, baina zeharka iritzi publikoari ere igortzen zaio.
Diskurtsoa 1931ko irailaren 1ean eman zuen, Gorteetan, Madrilen.
Aurreko apirilean izandako udal hauteskundeetan, Donostiako Ituna sinatu zuten alderdiak hiri nagusienetan irabazle atera zirenean, Errepublika aldarrikatu zen, Alfontso XIII.a erbestera behartuz. Berehala, irabazle atera ziren errepublikar-sozialistek Behin-behineko Gobernua osatu zuten, premiazko erreforma sorta bati hasiera emanez eta konstituzio berria idazteari ekin zioten.
Testuaren Analisia
Egileak defendatzen du emakumeek gizonen eskubide berak izan behar dituztela, eta bere diskurtsoan diputatuak konbentzitzen saiatuko da hainbat argudiorekin.
Lehenengo paragrafoan, bi eskaera nagusi egiteko zuzentzen zaie: «Utz iezaiozue emakumeari», bi aldiz errepikatuta, «den bezalakoa izaten» eta «zuzenbidean» —edo politikan— parte hartzen. Hiru argudio nagusirekin defendatzen ditu bere eskaerak:
- Emakumea gizakia izateagatik dituen eskubideak errespetatu behar dira.
- Herri zibilizatuei eskatu behar zaiela gizartean desberdintasunak sorrarazten dituzten printzipio zaharkituekin bukatzea: «desberdintasunaren printzipio aristotelikoekin».
- Emakumeek beren eskubideak erabili behar dituztela, nahiz eta hasieran «hanka-sartzeak» egin; izan ere, hori izango da ardura politikoetan beren burua hezteko modu bakarra.
Bigarren paragrafoan, Konstituzio berriaren alde argudiatzen du, bere ustez munduko konstituzio aurrerakoiena izango dela azpimarratuz: «onena, libreena eta aurreratuena». Lehen konstituzio errepublikanoak eskubide eta askatasun asko aitortu zituen, besteak beste, emakumeek botoa emateko eskubidea, ezkontza zibila eta dibortzioa.
Clara Campoamorrek Behin-behineko Gobernuak sortu zuen dekretu bati erreferentzia egiten dio, zehazki 1931ko maiatzaren 8ko dekretuari, non 23 urte baino gehiagoko gizonezkoei boto-eskubidea eman zien, eta apaizei eta emakumeei hautagai izateko eskubidea aitortu zien. Ekaineko hauteskundeetan bi emakume diputatu atera ziren: Victoria Kent (1929an hautatua Alderdi Errepublikar Erradikaletik, gero Akzio Errepublikarrarekin batua Ezker Errepublikanoa sortzeko) eta Clara Campoamor (Alderdi Erradikala). Gorteak 465 diputatuk osatzen zituzten. Urte horren bukaeran beste emakume bat sartu zen Gorteetan: Margarita Nelken (Alderdi Sozialista).
Bere ustez, monarkiak hogei mendeetan emakumearen alde egin ez zuena egin zezakeen Errepublika sortu berriak. Gainera, Europa hegoaldeko zenbait herrialdetan («herri latindarretan») sufragio unibertsalik ez egoteak nolabaiteko erronka bat suposatzen zuela azpimarratzen du. Kontuan hartu behar da Lehen Mundu Gerraren ondoren Europako herrialde askotan —bereziki SESBen eta Europa iparraldean— jada emakumeek bozkatzeko eskubidea zutela. Espainiar estatua sufragio mota hori ezartzen lehen herrialde latindarra izateko izpiritu lehiakorra erakusten du alde horretatik.
Testuinguruan Kokatzea
Udal hauteskundeak egin ondoren, 1931ko apirilaren 14an, II. Errepublika aldarrikatu zen. Alfontso XIII.a erregea erbesteratzen zen bitartean, hirietako kaleetan ospakizunak ugaritu ziren. Aurreko udan Donostiako Itunean sinatutakoa lortuta zegoen: monarkia desagertu eta gobernu errepublikanoa osatu zen.
Berehala Behin-behineko Gobernua osatu zuten itunaren sinatzaileen artean, Alcalá Zamora gobernuburu izendatuz. Horien lehen betebeharra Gorteak osatzeko hauteskundeen deialdia zen, horietan konstituzio errepublikanoa aldarrikatzeko.
Izan ere, hauteskunde konstituziogileak urte bereko ekainean izan ziren, eta errepublikar-sozialisten koalizioak irabazi zuen, aldaketa gutxi eraginez Behin-behineko Gobernu berrian hartu ziren erabakiei dagokienez.
Gobernu berriaren premiazko eginkizuna Konstituzio berria idaztea zen; horretarako, batzorde bat osatu zuten 21 kideekin, horien artean Clara Campoamor. Batzorde horretan, zirriborro batetik abiatuta, eztabaida luze eta biziak izan ziren. Sei hilabete eman zituzten Konstituzioa abenduaren 9an aldarrikatu arte.
Eztabaida gai gatazkatsuen inguruan eman zen: erlijioa, adibidez, emakumeen sufragio-eskubidea, arlo militarra, eta abar. Gorteetako diputatuen artean soilik bi emakume zeuden: Victoria Kent (E.S.) eta Clara Campoamor (A.E.). Biak emakumeen eskubideen alde agertu ziren, baina sufragio-eskubidea defendatzeko unean, Victoria Kentek ez zela momentu egokia argudiatu zuen, emakumeen hezkuntza-falta arriskuan jar zezakeelako Errepublikaren egonkortasuna, emakume gehienek eskuineko alderdiei bozkatuko zietela uste baitzuen. Emakumeen sufragioak joko handia eman zuen ganberan. Bi emakume bakarrik zeuden, eta biak iritzi desberdinekin.
Horren aurrean, Campoamorrek, testuan agerian denez, sufragio unibertsalaren defentsa bizia egin zuen. Bere ustez, emakumeari zegokion askatasuna eman behar zitzaion, eta horrek bizitza politikoan parte hartzeko eskubidea, eta okerrak eta zalantzak izateko eskubidea barnebiltzen zituen. Gainera, Aristotelesek zioena ukatu zuen, zeinak zioen emakumeak bigarren mailako izakiak zirela eta gizonak gobernatzeko eginak zirela, eta haren zerbitzuan soilik bizi behar zutela emakumeek, ahots propiorik gabe.
Horrez gain, Gorteetako diputatuek Errepublikak lehen momentutik emandako urratsak jarraitu behar zituztela zioen, Gobernuak hasiera-hasieratik berdintasunaren alde borrokatu zuelako. Behin-behineko Gobernuak emakumeak hautatuak izateko dekretua atera zuen maiatzean bertan; horregatik, bi emakume diputatu —gero hiru— zeuden Gorteetan. Beraz, hurrengo pausoa emakumeak hautesle izateko eskubidea onartzea zen: emakumeen botoa.
Argudio hauek guztiak sutsuki defendatuz, Clara Campoamorrek garaipena lortu zuen gutxigatik. Errepublikar askok —bere alderdikoak barne— eta hainbat sozialistak —Prieto kasu— ez zuten alde bozkatu, eta Errepublikari egindako traiziotzat hartu zuten. Hortik aurrera, 23 urte baino gehiago zituzten emakumezko zein gizonek bozkatzeko eskubidea izango zuten; hau da, benetako sufragio unibertsala onartu zen Espainiar Konstituzioan lehen aldiz.
Gauzak horrela, emakumeek sufragio-eskubidea 1933an erabili zuten lehen aldiz, eta eskuineko alderdiek irabazi zuten. Emakumeen botoari leporatu nahi izan zioten galera, nahiz eta argi izan beste hainbat kausa zeudela: hala nola, ezkerraren banaketa (Gobernuaren desgastea, Casas Viejaseko gertaerak...), eskuinaren batasuna (CEDA sortu berria), nazioarteko giro politikoa, Azañaren deslegitimazioa, anarkismoaren abstentzio aktiboa, etab.
Arazo horiek guztiak —batasuna, sinesgarritasuna— 1936ko hauteskundeetan ezkertiarrek berreskuratuko zituzten Fronte Popularra osatuz eta garaipena lortuz, nahiz eta denbora gutxirako izan, frankisten estatu-kolpeak ilusio guztiak apurtu baitzituen.
Testuaren Garrantzia
Testuak balio historiko handia du. 1931n Errepublika aldarrikatu zenean, emakumeentzako etapa berri bat ireki zen Espainiar Estatuan. Aldi berri honi Clara Campoamorren Gorteetan egindako hitzaldiak hasiera emango dio.
Emakumeen eskubideentzat konstituzio errepublikanoa aurrerapauso handia izan zen. Konstituzioaren aurreproiektua abuztuan aurkeztu zen eztabaidarako, eta hainbat berrikuntza eginda, abenduaren 9an baieztatu zen. Herritarren eskubideen berdintasuna bermatzea zuen helburu, bereziki emakumeen sufragio-eskubidea, eta eztabaidan Clara Campoamor protagonista nagusia izan zen. Proposamena onartua izan zen (161 alde, 121 kontra). Beraz, konstituzio demokratiko eta aurrerakoienetakoa izan zen Europa mailan, eta lehena mundu latindarrean.
Errepublika garaian emakumeek zenbait eskubide —sufragioa, dibortzioa, kargu publikoak— lortu zituzten, baina ia guztiak galdu egin ziren handik denbora gutxira; soilik emakumeen sufragio-eskubidea gorde zen, nahiz eta ez erabili. Gerra Zibilak eta ondorengo diktadurak (40 urte) lortutakoa zapuztu zuten, eta eguneroko bizitzan atzerapauso nabarmena ekarri zuen. Denbora luzea behar izan zen emakumeek oinarrizko eskubide politikoak berreskuratzeko.
Fronte Popularraren Programa eta Testuingurua (1936)
Testuaren Kokapena eta Sailkapena
Aztertzen ari garen testu narratibo honek gai politikoa jorratzen du, programa politiko baten inguruko analisi politiko bat delako, eta lehen mailako iturri historikoa da. 1936ko urtarrilaren 16an, «El Socialista» aldizkarian (Alderdi Sozialistaren argitalpen ofiziala) argitaratutako Fronte Popularraren programaren zati bat jasotzen da hemen. Herritar guztiei zuzendua dagoenez, izaera publikoa du. Koalizio berriaren partaideek lortutako akordioa jakinarazi nahi dute.
Egilea kolektiboa da: Fronte Popularra, hau da, ezkertiarren eta errepublikarren artean osatutako koalizioa edo bilkura, 1936ko otsaileko hauteskundeetara aurkeztu eta irabazi zuena. Talde honetan errepublikarrak, sozialista moderatuak eta erradikalagoak, komunistak, sindikatuak eta abarrek hartu zuten parte. Oso indar eta programa politiko eta sozial desberdinak izanda ere, oinarrizkoena adostea lortu zuten: Errepublikan mehatxu faxista geldiaraztea; nahiz eta etorkizunerako oso desberdinak ziren jarrerak planteatu. Une historiko honetan, Europan zehar erregimen faxistak zabaltzen ari ziren, eta Espainiar Estatuan gizartearen polarizazio bizi bat gertatzen ari zen. Horren erakusle izango ziren 1936ko otsaileko hauteskundeak.
Testuaren Analisia
Testuaren asmoa, ideia nagusi gisa, errepublikanoak (orokorrean burgesiaren interesen defendatzaileak) eta ezkertiarrak (gehienak langile klasearen interesen defentsan), iritzi-desberdintasunak alde batera utzita, konpromiso batera iritsi direla azaltzea da. Nahiz eta, aldi berean, ezkertiarrek egin behar izan dituzten kontzesioak azpimarratu. Gauzak horrela, programa politiko bateratua egin eta hauteskunde-koalizioa osatu dutela dio: Fronte Popularra. Hori da, hain zuzen, testuaren lehen paragrafoan azaltzen dena: akordioaren iragarpen gisa.
Hurrengo bi paragrafoetan adostutako konpromiso orokorrak jakinarazten dituzte: amnistia zabala ematea aurreko urteetan jazarpen politikoa jaso dutenentzat —bereziki 1934ko urriko prozesu iraultzailean— eta 1931ko Konstituzioa defendatzea.
Ondoren, errepublikarren eta ezkertiarren arteko iritzi desberdinak gaindituz, hasierako biurtekoan hasitako erreformei jarraipena emateko asmoa dutela aipatzen da. Lurrarekin, nazionalizazioa ez bada, bai nolabaiteko birbanaketa eta landu gabeko lurrak egotea ez onartzea, jendea gosez eta langabezian dagoen bitartean. Gainera, nekazarien lan-baldintzetan hobekuntzak iragartzen dituzte. Bestalde, bankaren nazionalizazioa ez bada, bai sistema finantzarioan aldaketak egitea, dirua zirkulu zabalagoetan mugiaraziz.
Bukatzeko, Errepublikaren izaerari buruzko desadostasunak adierazten dira. Sozialistek langileen kontrolpeko estatu baten ortzimugak errepublikarren estatu-eredu burgesarekin talkan sartzen ziren zuzenean. Hortaz, eredu demokratiko burgesa da ezarriko dena: non, erreformen bitartez, langile klasearen bizi-baldintzak ahal den guztia hobetzea eta arlo ekonomikoan Estatuak bankari eta enpresariei zenbait muga jartzea ahalbidetuko den.
Testuinguruan Kokatzea
1931ko apirilean, Espainia aukera berri baten aurrean aurkitzen zen, non nazio berri baten eraikuntzari ateak zabaltzen zitzaizkion. Errestauraziotik ezarritako txandakatze-sistemaren porrotak Primo de Riveraren diktadura ekarri zuen. Ez batak ez besteak ez zituen gizarteak zituen sakoneko arazoak konpondu; langile klaseko geroz eta sektore zabalagoak nekatuta eta nazkatuta zeuden pribilegioez, ustelkeriaz, eta, batez ere, pobrezia, miseria eta atzerapen arazoak konpontzeko ordura arteko politikak erakutsi zuen ezintasunaz. Gainera, ezin da ahaztu 30eko hamarkada horretan, Espainian XIX. mendetik zetorren egoera ekonomiko larria areagotzen ari zela 1929ko krisiaren ondorioz.
1931ko apirilaren 14an, udal hauteskundeetan, hiri nagusietan irabazi egin zuten Errepublikaren aldeko alderdiek. Alfontso XIII.a, garai bateko babesa galduta, erbestera joan zen.
Hor jaio zen II. Errepublika, eta hasieratik programa politiko desberdinak talkan sartu ziren beraien artean. 1931-33 aldian hasitako erreformek (nekazaritza, armadarena, erlijioa...) sektore iraultzaileen eta kontserbadoreen aurkakotasuna ekarri zuten, desegonkortasun sozial eta politikoa areagotuz. 1933-35eko biurtekoan (erradikalen eta CEDArena, kontserbadorea) deuseztatuko ziren aurreko gobernuek proposatutako aldaketak. Are gehiago, ezkertiarren ustez, eskuindarrek ez zuten atzera egin nahi soilik; faxismoarekin bat eginez Errepublikaren aurka ere egingo zutelakoan zeuden, Konstituzioa bera arriskuan jarriz. Bi urte hauetan prozesu iraultzaileen saiakerak eta eskubide politikoen aurkako errepresio gogorrak markatu zuten II. Errepublikaren garapena.
1930eko hamarkadan, gainera, nazismoaren garaipena Alemanian eta aurretik ezarrita zeuden beste erregimen faxista batzuk —Italiakoa adibidez— mehatxu argia ziren espainiar ezkertiarren ustez. Testuinguru honetan ulertu behar da Fronte Popularraren eraketa. Modu honetan, alderdi ezkertiar —eta ez hain ezkertiar— desberdinek koalizio-alderdiak osatzen ari ziren Europako zenbait herrialdetan. CEDA eta talde faxistak boterera iristeak ekarri zuen beldurrak ezkerreko taldeak batzera bultzatu zituen Espainiar Estatuan. Oso talde desberdinak; hala nola Unión Republicana, Izquierda Republicana, PSOE, PCE, POUM (Partido Obrero de Unificación Marxista), alderdi nazionalista batzuk (Partido Galeguista, ANV Euskal Herrian, Front d'Esquerres Katalunian eta Valentzian), eta indar sindikalistak ere batu ziren. Guzti horien artean gorabehera politikoak egon ziren, eta programa politiko oso desberdinak bazituzten ere, gutxieneko batzuk adostea lortu zuten.
Fronte Popularraren koalizioa garaile atera zen 1936ko otsaileko hauteskundeetan. Irabazi bezain laster erreforma-programa abiarazi zuten, eta berehala argi geratu zen Gobernuak zer nolako mugak zituen aldaketa horiek martxan jartzeko. Langile klasearen geroz eta sektore zabalagoentzat erreformak ez ziren nahikoa, eta grebak eta lurren okupazioak areagotzen hasiko ziren. Bestetik, Gobernuak aurrera eraman zuen hauteskunde-programan eginiko amnistia, sektore kontserbadoreen haserrea areagotuz.
Testuaren Garrantzia
Testu honek Fronte Popularra sortzeko eta haren programa eratzeko egon ziren kontzesioak eta desadostasunak azaleratzen ditu.
Hauteskundeetan garaipena lortu bazuten ere, Espainiar Estatuan zegoen gizarte-polarizazioa areagotu besterik ez zen egin, eta, ezker zein eskuin, etsaitasuna piztu zuen Gobernu berriaren jardunak. Eskuindarrak eta hainbat militar estatu-kolpea prestatzen hasi ziren, eta langileen erradikalizazioak eta ordena publikoaren degradazioak egoera okertuko zuten.
Errepublikaren asmo demokratiko eta aurrerakoiak gogor eten zituen Gerra Zibilak eta Francoren diktadurak. 1939tik aurrera, aurretik lortutako guztia deuseztatu, eta berrogei urtez desagertu ziren aurrerapauso hauek.
Euskal Herriko Autonomia Estatutua (1936)
Testuaren Kokapena eta Sailkapena
Lehen mailako testu juridiko bat dugu aurrean: Estatutu bat, autonomia baten oinarrizko legea. Madrilgo Diputatuen Kongresuan onartua 1936ko urriaren 4an. Hiru eta bost egun beranduago argitaratua Madrilgo Gazetan eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
II. Errepublikan, altxamendua eta ondorioz Gerra Zibila hasi eta hiru hilabete beranduago eginda dago. Egile gisa, Errepublikako Gorteak ditugu, horietan onartzen baita lege gisa. Konkretuki, testuaren bultzatzaileak Indalecio Prieto (PSOE) eta Jose Antonio Agirre (EAJ) izan ziren, Gorteetako estatutu-komisioan presidente eta idazkari. Hartzailea sortzen den autonomia berriaren biztanleria izango zen.
Testuaren Analisia
Espainiako Errepublikaren Gobernuak Euskal Estatutua onartu eta Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia modu autonomoan gobernatzea onartzen du; hori da ideia nagusia testuan. Lurraldetasuna zehazki finkatzen bada ere, ikusiko dugunez, praktikan Bizkaian aplikatzen da, eta Gipuzkoa eta Arabako eremu txikietan.
Lehenengo eta bosgarren ataletan, Euzkadi autonomiaren bi eskubide eta eskumen aipatzen dira: Euskara hizkuntza ofiziala izango dela, gaztelaniarekin batera, eta ordena publikoa mantentzeko Ertzaintzaren —polizia propioaren— eraketa.
Behin Euzkadi izena hartuko duen autonomia onartuta. Erkidegoaren instituzioen oinarrizko planteamendua egiten da, bigarren ideia nagusi gisa. Bertan, 10. atalean, oinarrizko modu batean, botere legegilea eta betearazlea antolatzen dira (Legebiltzarra, Eusko Jaurlaritza eta Lehendakaritza).
Gerra garaian egonda, egoera berezi horren ondorio zuzena izango da azken testuaren bukaerako bitarteko erabakiak aipatzea. Egoera historiko berezi batean, gerra irauten duen bitartean, Euskal Herriko Behin-behineko Gobernuak hartuko du Euskadiko agintea. Egoera berezi hori dela eta, ezin izan zuten instituzionalizazio-prozesua modu normalizatuan egin. Beraz, Behin-behineko Gobernua eta lehendakaria hautatzeko sistema azaltzen da: bando errepublikanoaren lurraldean dauden udalerrietako zinegotzien bidez, «askatasunez» aritu daitezkeenekin, alegia. Lehendakaria aukeratzeko 8 eguneko epea zabaltzen da, beti ere gobernadore zibilaren gainbegiratzearekin. Lehendakariak bere Gobernua osatzeko, gutxienez bost kide (sailburu) izendatuko ditu.
Testuinguruan Kokatzea
1931ko apiriletik, Espainiako II. Errepublika ezarri zen. Garai zaila eta gatazkatsua hasi zen; alderdi politikoak, gatazka sozialak, politizazioa eta biztanleria bera gero eta gehiago banatu ziren bi taldetan (ñabardurekin): Errepublikaren aldekoak (ezkerreko mugimenduak gehienbat) eta kontrakoak (eskuineko mugimenduak). Euskadin gatazka horrek ere isla izan zuen; ia-ia probintziaka banandu ziren euskaldunak: Bizkaia eta Gipuzkoa abertzale eta errepublikano, eta Nafarroa eta Araba eskuinaldera eta Errepublikaren aurka.
Gatazka egoera hori, 1936ko uztailaren 17an armadaren zati batek bultzatutako altxamenduan islatu zen. Altxamenduak ez zuen arrakasta izan hasieratik, baina Errepublikaren Gobernuak ere ezin izan zuen ordena mantendu, eta hiru urteko Gerra Zibila hasi zen (1939ko apirilaren 1ean amaitu zen). Gerraren amaieran, Errepublika desagertu, eta ia berrogei urtez iraungo zuen diktadura ezarri zen, Franco jeneralaren gidaritzapean, 1975. urtera arte.
Gerra Zibila hasterakoan, Euskal Herrian, eta EAJk batez ere, sei urte zeramatzan borrokan Estatutua lortzeko asmoz. 1931ko Errepublikaren Konstituzioan Autonomia Estatutuak osatzeko eskubidea agertzen zen; Kataluniakoa izango zen lehena, urte horretan bertan. Nafarroa, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiak beren proiektua aurkeztuko zuten ere, baina erlijioaren inguruan eskatzen zituzten eskumenak eta beste neurri baztertzaile batzuk zirela eta Konstituzioaren aurkakotzat hartu zen Madrilen, eta alderdi errepublikanoek ez zuten onartu.
Bigarren saiakera bat egin zen, batzorde kudeatzaileek eginda, erlijioaren eta etorkinen auzia alde batera utziz. Nafarroak ez zuen proposamen berria onartu, eta Estatutuari uko egin zioten. EAJk aurrera egin zuen, eta prozedura martxan jarri zen, 1933ko hauteskundeak CEDAk irabazi, eta Madrilgo Parlamentuan eskuinak proiektua gelditu arte. Gertakari hauek bultzatu zuten pixkanaka, katolikoa zen EAJ, errepublikanoen aldera, nahiz eta horien planteamendu gehienekin bat ez etorri.
Gerra Zibilaren hasieran eta Indalecio Prietoren bultzadaz, minimoen Estatutua onartuko zen. Altxamenduarekin batera, EAJri dilema sortuko zitzaion bandoak aukeratzerako orduan. Ezinezkoa zen neutraltasunean gelditzea. Eta erabakiaren ardatza autonomia izan zen, ez erlijioa ala ideia sozial eta ekonomikoak. Garbi zuten alderdi jeltzalean ezinezkoa izango zutela autonomia lortzea, altxamenduaren alde zeudenen estatu berrian.
Jarrera, hala ere, ez zen hasieran aktiboegia izan, ez politikoki, ezta militarki ere. Estatutua sinatzeak aldatuko zuen jarrera hori.
Gerra Zibilaren eraginez, EAJk Errepublikaren Gobernuan sartzea onartu zuen, baina ez hainbat gauza egin baino lehen; garrantzitsuena, Estatutua Madrilgo Gobernuarekin negoziatzea. Horren ondorioz osatuko zuten Euskal Herriko Behin-behineko Gobernua EAJren eta Fronte Popularraren agintepean (1936ko urriaren 7an, Jose Antonio Agirre lehendakari gisa jarriko zen).
Hau gertatu baino lehen, kontuan izan behar dugu Nafarroan altxamenduaren alde agertu zirela gehienak, baita Araban ere, eta Molaren gidaritzapean Irun, Donostia eta praktikoki Gipuzkoa osoa bando nazionalen menpe gelditu zela irailerako.
Errepublikaren lege honen bidez, Euskal Herriaren Estatutua onartu eta autogobernurako lehen urratsak eman ziren. Euskadik izango zuen lehen Estatutua izan zen. Hau izan zen gaur egun dugun Erkidegoaren aurrekari zuzena. Minimoen Estatutua izan bazen ere (14 artikulu zituen, aurreko proiektuak 53 zituen), maximoen autonomia batean bihurtu zen, gerraren nondik norakoengatik eta Errepublikaren beste lurraldeekiko distantzia zela eta. Esan beharra dago Bizkaian aplikatu zela soilik. Gainera, 9 hilabetez iraun zuen, ondoren nazionalen esku gelditu zelarik. Gipuzkoako gehiengoan eta Araban ez zuen aplikaziorik izango, aurretik azaldutako gerraren nondik norakoek azaltzen duten bezala.
Testuaren Garrantzia
Aztertu dugun testua Euskal Herriko lehen autonomia estatutua da. Gerraren hasierak eragina izan zuen Estatutua negoziatzerako orduan. Aipatzekoa da, bestetik, Gerraren ondorioz Euskal Gobernuak aginte osoa izango zuela bere lurraldean. Bizkaia nazionalen esku geratu zenean, Estatutua bertan behera geratu zen. Hortaz, esan genezake Estatutuak gutxi iraun zuela, Francok Bizkaia konkistatzerakoan euskal autonomia desagertu baitzen, eta Franco hil arte itxaron behar izan zen 1979ko Estatutua onartzeko. Hala ere, autonomia-estatutu hau mugarri bat izan zen ondoren Trantsizio garaian onartuko zen autonomia-estatutuarentzat. Azkenik, testu hau EAJk bereziki, PSOEren laguntzarekin, urteetan zehar aurrera eramandako estrategia politikoaren emaitza izan zen, nahiz eta nahi baino eskumen gutxiago lortu autonomia-erkidegoa kudeatzeko.
Kontzertu Ekonomikoen Ezeztapena Bizkaian eta Gipuzkoan (1937)
Testuaren Kokapena eta Sailkapena
Testu hau 1937ko ekainaren 23an Francisco Francok aldarrikatutako legea da, Gipuzkoako eta Bizkaiko kontzertu ekonomikoak ezeztatzen dituena. Testu historikoa izateaz gain, politikoa eta juridikoa da, testuaren egituran, erabilitako hiztegian eta sinatutako datan ikusten denez. Legea denez, hartzailea publikoa da. Izan ere, Euskal Herriko herritar guztiei zuzendutako testua da. Egilea, oinean argi uzten denez, Francisco Franco da, 1936ko irailean jeneral-batzar batean «Generalísimo» eta estatu berriaren buruzagi izateko aukeratua. Horrela, Francok bere baitan bildu zituen botere militar eta politiko guztiak, eta legeak sortu eta ezartzeko ahalmena bere gain hartu zuen. Testua Burgosen sinatua da 1937ko ekainaren 23an, eta 1937ko ekainaren 24an argitaratua Estatuko Aldizkari Ofizialean. Beraz, garai historikoari dagokionez, testua Gerra Zibilean kokatzen da, Iparraldeko Kanpainaren aldian, hain zuzen ere. Madrilgo fronteak porrot egin zuenean, nazionalek Iparraldeko Frontea deitzen zioten hartara bideratu zituzten beren indar guztiak. Gipuzkoa berehala hartu zuten, eta Bilbo ekainaren 19an erori zen. Argi dago legea nazionalek Bilbo hartu ondoren argitaratua dagoela.
Testuaren Analisia
Testuaren helburua Nafarroan eta Araban kontzertu ekonomikoek indarrean jarraitzen dutela eta Bizkaian eta Gipuzkoan indargabetzen direla jakitera ematea da.
Kontzertuak Gipuzkoan eta Bizkaian indargabetzeko erabaki horren arrazoiak testuan zehaztuta agertzen dira.
Lehenengo paragrafoan hurrengo ideia hau agertzen da: Francorentzat Euskal Herriko probintziek duten kontzertu ekonomikoa pribilegio bat dela, Estatuko gainerako lurraldeek ez dutena («Euskal Herriko probintzietan ekonomia arloan indarrean dagoen sistema itunduak pribilegio nabarmena du…»)
Bigarren paragrafoan, Francok traiziotzat hartzen du Gipuzkoak eta Bizkaiak Mugimendu Nazionalaren kontra eta Errepublikaren alde egitea, lehen aipatutako pribilegio hori dutela kontuan hartuz.
Hirugarren paragrafoan argi uzten du Nafarroan eta Araban, altxamendu militarrekiko «leialak» izateagatik, kontzertu ekonomikoak mantendu dituztela («zerga eta administrazio erregimenaren berezitasunak…»)
Testuaren bukaeran, lehen artikuluaren bitartez, Francok argi eta garbi adierazten du uztailaren 1etik aurrera Gipuzkoa eta Bizkaia probintzietan kontzertu ekonomikoak indargabetzen dituela, aipatutako arrazoi horiek direla medio zigor gisa, eta Gipuzkoa eta Bizkaia estatuko erregimen ekonomikoaren barruan geratuko direla, haien aldundiek kontzertuekin zituzten eskumenak galduta.
Testuinguruan Kokatzea
Aurrean dugun testua ulertzeko, kontzertu ekonomikoen sorrera azaldu behar dugu.
Horretarako Hirugarren Gerra Karlista aipatu beharra dago. Alfontso XII.aren garaipenaren eta karlisten porrotaren ostean, lehenengo eta behin, Antonio Cánovas del Castillok (Espainiako Gobernuaren presidentea) Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Foruak ezabatu zituen, 1876ko uztailaren 21eko Legearen bitartez, baina nolabaiteko autonomia fiskala mantendu zuen. Behin foruak indargabetu ondoren, protestak izan ziren Euskal Herrian, hartutako neurriak gehiegizkoak zirelakoan. Gobernuak egoera berriro planteatu behar izan zuen, eta Cánovasek Euskal Herriko agintariekin negoziatu ondoren, euskal probintziek lehen kontzertu ekonomikoa lortu zuten 1878an Errege Dekretuaren bidez. Lege honek batasun konstituzionala gorde zuen, baina Euskal Aldundien tradizioko autonomia fiskala onartuz.
Kontzertu ekonomikoari esker, euskal Diputazioek edo Aldundiek zergak biltzeko ahalmena zuten, eta gero, Espainiako Estatuari kupo bat ordaindu behar zioten. Beste era batera esanda, euskal Aldundiek urtero Espainiako Estatuari aurrez zehaztutako eta hitzartutako kupoa ordaintzera konprometitzen ziren; baina, ordainean, Aldundiek autonomia fiskal eta administratibo handia zuten, zergak kobratzeko eta lurraldeko jardueretan inbertitzeko: hezkuntzan, errepideetan, trenbideetan, etab. Horrez gain, euskal burgesia industrialak Aldundiak kontrolatzea eta beren interesen aldeko politika fiskala ezartzea lortu zuen.
Testuaren garai historikoari dagokionez, Gerra Zibila estatu-kolpe gisa hasi zen Melillan 1936ko uztailaren 17an, eta 18tik aurrera Penintsulara hedatu zen. Hala eta guztiz ere, altxamenduak Espainiako lurralde batzuetan soilik izan zuen arrakasta. Uztailaren 17tik 20rako tartean egiaztatu ahal izan zen estatu-kolpearen porrota. Estatu-kolpeak arrakastarik izan ez zuenez, altxamendua Gerra Zibil luze eta odoltsu bilakatu zen, Espainia bi zatitan banatu zelarik: matxinatuak (nazionalak) alde batetik eta Errepublikaren aldekoak bestetik.
Euskaldunak, espainiar guztiak bezala, hasiera-hasieratik aurkitu ziren zatiturik Errepublikaren aldekoen eta estatu-kolpearen aldekoen artean. Altxamenduaren lehen uneetan Araban eta Nafarroan matxinadak arrakasta izan zuen. Bizkaia eta Gipuzkoa, berriz, Errepublikari fidel mantendu ziren.
Araban eta Nafarroan ez zen gerra-ekintzarik izan, neurri handi batean mugimendu karlistak masiboki altxamendu militarrarekin bat egin zutelako. Baina horrek ez du esan nahi probintzia hauetako altxamenduarekiko erreakzioa aho batekoa izan zenik, eta ezta ere errepresiorik egon ez zenik. Horren froga, Nafarroan 3.000 eta Araban 600 pertsona inguru fusilatu izana altxamenduaren lehen egunetan. Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, erresistentzia handiagoa izan zen. Nazionalen hasierako helburua Madril hartzea zen, baina ezin izan zuten. Fronteak Madrilen inguruan egonkortu zirenean, nazionalek Iparraldeko Kanpainari ekin zioten, beren indar guztiak bideratuz, Gipuzkoa eta Bizkaiaren erresistentzia gainditzen ahalegindu zirelarik. Kanpaina Gipuzkoan hasi zen, probintzia osoa hilabete gutxitan hartu zutelarik. EAJk ez zuen ia esku hartu Gipuzkoako borrokaldian. Hala ere, Gipuzkoan gerra bukaturik zegoenean, EAJk Fronte Popularrarekin aliantza sinatzea negoziatu zuen, autonomia-estatutua indarrean jartzearen truke.
Bizkaiari dagokionez, Fronte Popularrak eta EAJk hitzarmena sinatu, eta beraz, Euskal Autonomia Estatutua onartu zuten 1936ko urriaren 7an. Hori dela eta, Bizkaian EAJren parte-hartzea handiagoa izan zen Gipuzkoan baino. Estatutuaren ondorioz, lehen Eusko Jaurlaritza osatu zen, eta defentsa antolatzen saiatu zen Euskal Armada eratuz. Burdinezko Hesia ere bazegoen Bilbo eta bere industria-ingurua babesteko eta erresistentzia sendotzeko.
Mola jeneralak 40.000 soldadu inguru izan zituen Bizkaia konkistatzeko. Gainera, kanpaina hori aurrera eramateko, matxinatuek nazioarteko laguntza izan zuten: Hitlerrek bidalitako Kondor Legioko abiazioa eta Italiako brigadak. Horien estrategiaren adibide esanguratsuenak Durangoko eta Gernikako bonbardaketa famatuak izan ziren. Matxinatuei aurre egin zien azken lekua, Bilbo, ekainaren 19an erori zen.
Bilbo galdu zutenean, euskal gudarosteak eta milaka eta milaka euskaldunek Santander aldera jo zuten, eta Santoñan kokatu ziren han jarraitzeko asmoz. Baina, euskal nazionalistek, Euskal Lurraldea galdu ostean, porrot eginda zeuden, eta Santoñako Hitzarmena deitu zitzaiona negoziatu zuten Italiako buruzagiekin; hitzarmen horren arabera gudari-batailoiak errenditu egingo ziren erbestera joaten uzteko baimenaren truke. Dena den, italiarrek ez zuten hitzarmena errespetatu. Euskal Herrian gerra amaitutzat eman zen orduan, eta baita Eusko Jaurlaritzaren historiako lehen esperientzia ere.
Hori dela eta, Francok zigor berezia ezarri zien Errepublikaren eta Autonomia Estatutuaren alde egin zuten Euskal probintziei, Gipuzkoa eta Bizkaiari, probintzia traidoretzat hartuz eta kontzertu ekonomikoa kenduz, ez ordea Arabari eta Nafarroari.
Bukatzeko, Francoren diktadura amaitzean eta Trantsizio garaian, lehengo egoera berreskuratu zuten Lurralde Historikoen legeen bidez. Gaur egun, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabak kupoa negoziatzen dute Estatuarekin. Nafarroak gauza bera egiten du, baina bere kabuz.
Testuaren Garrantzia
Testu hau oso esanguratsua da Kontzertu Ekonomikoa deuseztatzeko arrazoiak azaltzen dituelako. Francok zigor gisa ezarritako neurria izan zen, Bilbo erori eta egun gutxira, eta gerraosteko errepresioaren testuinguruan ulertu behar da, Francoren erregimenak ez baitzuen baketze-politika baten alde egingo, mendeku-politika baten alde baizik. Kontzertuak ezabatzeaz gain, Autonomia Estatutua ere deuseztatu egin zuten. Autonomia fiskal eta administratiboaren galerak Gipuzkoari eta Bizkaiari arazoak sortu bazizkien ere, Frankismo garaian ezarritako politika protekzionistak euskal oligarkia industrialaren onespena izan zuen (beraiek bultzatua).
Descargar
PDF Word HTMLPreguntas frecuentes
Zer eskatzen zuen Clara Campoamorrek 1931n?
Emakumeek gizonen eskubide berak izatea eskatzen zuen, batez ere sufragio unibertsala, hau da, botoa emateko eskubidea. Aristotelesen desberdintasun printzipioak ukatu zituen.
Zein izan ziren Fronte Popularraren helburu nagusiak?
Amnistia zabala ematea, 1931ko Konstituzioa defendatzea eta erreformei jarraipena ematea, nekazaritza eta banka arloan. Errepublikan mehatxu faxista geldiaraztea izan zen gakoa.
Zergatik ezeztatu zituen Francok kontzertu ekonomikoak Gipuzkoan eta Bizkaian?
Franco-ren arabera, probintzia hauek Errepublikaren alde egin zuten eta altxamenduaren kontra, Nafarroa eta Araba ez bezala. Zigor gisa ezarri zen, eta aldundiek zituzten eskumen fiskalak galdu zituzten.
Ponte a prueba
Tarjetas de repaso
Pulsa una tarjeta para ver la respuesta.
Test
Preguntas generadas con IA a partir del documento: comprueba las respuestas con el texto.